Elhuyar zientziaren komunikazioa

Poppy Northcutt: Ilargiraino eta bueltan

2019/03/01 Etxebeste Aduriz, Egoitz - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

poppy-northcutt-ilargiraino-eta-bueltan
Arg. Manu Ortega/CC BY-NC-ND

“Houston, arazo bat izan dugu hemen” entzun zenean, ez zegoen kontrol-zentroan. ABCko kazetari batek deitu zionean jakin zuen oxigeno-tanga batek eztanda egin eta Apollo 13-ko hiru astronautak egoera arriskutsuan gelditu zirela. Haiek bueltan ekartzeko zer egingo zuten jakin nahi zuen kazetariak. Telebista piztu zuen. Eta berehala pentsatu zuen: “Hobe izango dut zentrora joatea”.

Zentrotik ere saiatu ziren Poppyrekin harremanetan jartzen, baina ez zuten lortzen. Bi egun lehenago jaurtiketa ikusten izan zen Floridan, eta hurrengo egunera arte ez zen itzultzekoa. Iritsi orduko hasi zen lankideekin batera astronautak Lurrera nola ekarri pentsatzen eta kalkulatzen. Izan ere, Lurrera bueltatzeko kalkuluak egiteko programa Poppyk eta lankideek diseinatua zen. Ezinbestekoa zen haien lana.

Egoera larria zen. Baina, lau egun geroago, 1970eko apirilaren 17an, onik itzuli ziren astronautak. “Edertasun-lehiaketa bateko partaide izandako eta John Swigert Jr. astronautarekin harreman erromantikoa izan duen emakume batek parte hartu du Apollo 13-ko eskifaia etxera onik ekartzen”, zioen hainbat egunkaritan argitaratu zen artikulu batek. “Poppy Northcutt, 26 urteko matematikari ilehori xarmagarria, Misioaren Kontrol Zentroan lanean zegoen emakume bakarra zen, Apollo 13-ren larrialdian”, jarraitzen zuen erreportajeak.

Hedabide askotan goraipatu zituzten Northcutten dohainak: urrezko ilea, peka maitagarriak, hanka-pare bikaina, edo zein ongi gelditzen zitzaizkion minigonak. Lan hura agian polita zelako lortu zuela iradoki zuenik ere izan zen.

Frances Miriam Northcutt izena jarri zioten, baina anaiak Poppy deitu zion hasieratik. Berari gehiago gustatu zitzaion anaiak jarritakoa. Unibertsitatean matematikak ikasi zituen; batetik, gaitasun-test guztien arabera, matematikarako dohain handiak zituelako, eta, bestetik, emakumeen lanak saihestu nahi zituelako, eta gizonen lan hobeto ordainduak egiteko aukera izan. Lizentziatu eta berehala TRW agentzia aeroespazialean hasi zen lanean. NASArentzat lan egiten zuen agentzia hark, Apollo misioetan, hain zuzen ere.

Konputatzaile-gisa hasi zen lanean, oinarrizko kalkulu monotonoak egiten. “Computress deitzen zioten nire lanari” kontatzen du Northcuttek MAKERS: Women in Space dokumentalean. “Computress guztiak emakumeak ginen, eta ingeniari guztiak gizonak”. Denen artean Ilargitik Lurrera itzultzeko programa diseinatu behar zuten. Benetan kontu garrantzitsua zela jabetuta, galderak egiten hasi zen. Eta gero eta galdera hobeak egiten zituen, tartean, programan akatsak zeudela erakutsi zuten galderak. “Inguruan nituen tipo haiei begiratu, eta pentsatu nuen: ‘hauek bezain argia haiz hi’. Programa gauero etxera eramaten hasi nintzen, eta alderantzizko ingeniaritza egiten. Laster, kode haren lerro guztiak irakurri zituen pertsona bakarra izango nintzen, seguruenik”.

Ingeniari-postura igo zuten. NASAko misioen kontrolean lan egin zuen lehen emakumea izan zen. 1968ko abenduan, 25 urterekin, Apollo 8 misioan, kontrol-mahai batean aritu zen. “Presio handia sentitu nuen, emakume bakarra nintzelako. Askoz nahiagoko nuen hamargarrena edo hogeigarrena izan”. Beldur zen gauzak gaizki joanez gero, emakume batentzako moduko lanak ez zirela leporatuko zietela, eta horrek bidea itxiko ziela beste emakume batzuei. “Hor hasi nintzen kontzientzia hartzen, eta, parte batean, horregatik sartu nintzen gero feminismoan”.

Arg. Manu Ortega/CC BY-NC-ND

Apollo 8 misioan, astronautak lehenengoz Lurraren orbitatik atera eta Ilargira iritsi ziren. Haren inguruan bira eman eta Lurrera bueltatzea zen helburua. “Munduan gertatzen ari zen gauzarik zirraragarriena zen, zalantzarik gabe —dio Northcuttek—; munduko gauzarik zirraragarrienean ari nintzen lanean”.

Espazio-ontziaren motorra piztu zuten Ilargiaren orbitan sartzeko. Ilargiaren atzean sartzera zihoazen, eta, lehenengoz, komunikaziorik gabe geldituko ziren. “Maniobra garrantzitsu bat egin behar zuten, komunikaziorik gabe, eta, adibidez, indar gehiegi ematen bazioten Ilargiaren kontra joan zitezkeen”, gogoratzen du Northcuttek. “Gelan geunden guztiok ez genuen arnasik ere hartzen, ez zegoen soinurik, soilik atzerako kontaketarena, eta komunikazio-arduradunarena, espazio-ontzira deitzen. Gure bihotzek ere ez zuten taupadarik egiten”.

Denak geldi-geldi. Kalkulatutako denbora pasa zen. Berririk ez. “Berandutzen ari ziren segundo bakoitza benetan beldurgarria izan zen”. Baina, halako batean, “Lortu dugu, lortu dugu”, entzun zen espazio-ontzitik. “Ederra da zure ahotsa entzutea”, erantzun zion komunikazio-arduradunak. “Miraria izan zen”, gogoratzen du Nortchuttek.

Lurrera itzultzea baino ez zen falta. Eta Northcuttek eta kideek egindako lanari esker, primeran atera zen hori ere. Astronautak onik itsasoratu zirela ikusi zutenean, pozik ospatu zuten misioaren kontrol-zentroan. Northcutt zen festa hartako emakume bakarra.

Konturatzen hasi zen zerbait egin beharra zegoela emakume bakar gehiago ez egoteko. Handik urte batzuetara greba feministetan parte hartzen hasi zen, eta 1974an Houstongo udaleko Emakumeen Defendatzaile postua hartu zuen. Gogor egin zuen lan. Suhiltzaile eta polizia emakume gehiago egotea lortu zuen. Lanpostu horietarako eskatzen zen altueraren baldintza kentzea lortu zuen, eta emakumeen uniformetarako galtzak onartzea, gonak derrigorrezkoak baitziren. Bestalde, bortxatuak izan ziren emakumeek bortxaketa frogatzeko egiten zitzaien azterketa ginekologikoa ordaindu behar ez izatea ere lortu zuen. Eta soldatak berdintzeko lanean aritu zen.

Gero, bere ingeniari-postura itzuli zen, eta zuzenbide-karrera atera zuen, borroka feminista alde batera inoiz utzi gabe. Oraindik ere, 75 urterekin, ohikoa da manifestazioetan ikustea.

 

Bibliografia

ASTROCHAT (2018): Twitter-haria

ELY, J. (2008): “Frances Northcutt”. Houston Public Library

MAKERS: Women in Space

MCNUTT, W. (1970): “Girl helped bring astronauts home”. The Free Lance-Star

WILLIAMS, R. (1970): “Poppy brings them back to Earth”. The Alcalde

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Saioa hasi

Erabiltzaile-izenik ez baduzu, eman izena

Pasahitza ahaztu zait

Jarraitu Zientzia.eus

Eduki gehiago

Gehitu zure bloga

Zientzia app

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzula. Onartu
Informazio gehiago
Babesleak

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak (Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak) diruz lagundua

Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
Gipuzkoako Foru Aldundia