}

Polinizatzaileen aniztasuna babestea ezinbestekoa da ekosistemen jasangarritasuna bermatzeko

2025/03/24 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

polinizatzaileen-aniztasuna-babestea-ezinbestekoa
Ikerketaren emaitzen arabera, polinizatzaile basatiek ezti-erleek baino eragin handiagoa daukate landareen ugalketan. Argazkian kolibri-esfinge bat (Macroglossum stellatarum). Arg. Charles J. Sharp / CC BY-SA 4.0

Polinizatzaileen aniztasuna galtzeak, kalte egiten die bai landare basatiei bai laborantza-landareei ere, eta polinizatzaileen aniztasuna babestea ezinbestekoa da ekosistemen jasangarritasuna bermatzeko. Horixe berresten du EHUko eta BC3ko ikertzaileek egindako metaanalisi batek.

Polena toki batetik bestera eramanez, animalia polinizatzaileek funtzio garrantzitsua betetzen dute landareen ugalketan. Landare basatien % 85 inguruk eta laborantza-landareen % 70 baino gehiagok polinizazioa baliatzen dute ugaltzeko. Baina espezie polinizatzaileen dibertsitatea murrizten ari da klima-aldaketaren, habitat-galeren eta nekazaritzaren intentsifikazioaren ondorioz.

Gai honen inguruan egin diren ikerlan gehienetan polinizatzaileak erabat desagertzen direnean zer gertatzen den aztertzen da, eta halako ikerketak laborantzako espezieekin egin izan dira batez ere. EHUko Landareen Biologia eta Ekologia saileko ikertzaile Maddi Artamendik eta BC3ko Ainhoa Magrachek gidatu duten ikerketa honetan, ordea, ikuspegi errealistago bat hautatu dute. Izan ere, azaldu dutenez, polinizatzaileen dibertsitatea jaitsi egingo da, jaisten ari da, baina ez da erabat desagertuko. Eta, laborantzako landareez gainera, landare basatiak ere hartu dituzte kontuan.

Ikerketak erakutsi duenez, polinizazio-lanak egiten dituzten animalien dibertsitatea murrizteak eragin negatibo nabarmena du landareen ugaltze-arrakastan (fruitu-kopuruan, hazi-kopuruan eta fruituen pisuan), eta, gainera, eragina handiagoa da landare basatietan laborantzakoetan baino. Halaber, ikusi dute autopolinizatzeko gai diren landareek ere jasaten dutela polinizatzaileen dibertsitate-galeraren eragina.

Emaitzen arabera, polinizatzaile basatiek eragin handiagoa daukate landareen ugaltze-arrakastan ezti-erleek baino. Bestalde, eragin nabarmenagoa du polinizatzaile ornogabeak galtzeak polinizatzaile ornodunak galtzeak baino; gautarrak galtzeak egunez dabiltzanak galtzeak baino, eta polinizatzaile basatiak galtzeak domestikoak galtzeak baino.

Ikerketa metaanalisiaren bidez egin dute: tresna estatistikoak erabiliz, ikerketa-bilduma handi bateko datuak sintetizatuta. Hala, 46 herrialdetan egindako 207 ikerketen metaanalisia egin dute Artamendik eta Magrachek.

Ikertzaileek ondorioztatu dute polinizatzaile guztiek badutela bere rola bai laborantza-landareetan bai landare basatietan. Ezti-erleak baino askoz polinizatzaile gehiago daude, eta ikusi dute denek daukatela garrantzi handia landareen ugalketa-arrakastan eta landare-dibertsitatea mantentzen. Hala ikertzaileek azpimarratu dute arreta ez dugula bakarrik laborantzako landareetan eta erleetan jarri behar, ikuspegia zabaldu beharra dagoela; eta premiazkoa dela polinizatzaileen dibertsitatea murritzarazten duten faktoreak arintzea.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia