Polimero hitza entzuten dugunean, plastikoak etortzen zaizkigu burura. Material plastikoen irudi publikoa eskasa da gaur egun, baina funtzio askotarako behar ditugu. Miren Agirre Arresek EHUko ikertzaileak eta polimeroetan adituak material horiek ekartzen dizkiguten kalteak eta onurak azaldu ditu.
Miren, polimeroen mundutik zatoz, eta, gainera, sekulako tradizioa duen toki batean egiten duzu lan, EHUko Donostiako Kimika Fakultatean. Hain zuzen ere, polimeroen kimika ikertzeagatik erreferentziazko lekua da Europa osoan, ezta?
Bai, horrela sortu zen, berezitasun horrekin, eta 50 urte hauetan berezitasun horri eutsi dio. Gainera, 2000ko hamarkada-hasieran, POLYMAT sortu zen fakultatetik, eta bultzada handia eman zion polimeroen inguruko ikerketari eta, batez ere, enpresek zituzten beharrei erantzuteari. Fakultatean, asko adituak gara polimeroetan, baina badaude beste ikerketa-lerro batzuk ere. Ni polimeroetan espezializatu nintzen, eta horretan dihardut gaur egun ere.
Azken urteetan buru-belarri zabiltza polimeroekin. Ibilbide luzea daukazu molekula horiekin?
Bai, kimika ikasten hasi nintzenetik ia-ia. Nik lizentziatura egin nuen, eta azkenengo urtean polimeroen irakasgaiak aukeratu zituen. Gero, doktoretza ere polimeroen inguruan egin nuen.
Azalduko zeniguke zer den polimero bat?
Nik beti horrela azaltzen dut: ur-molekula bat hiru atomoz osatuta dago, eta, norbaiti formula kimikoa galdetzen badiozu, erantzuna beti da H2O. Hiru atomo bakarrik ditu. Polimero bat, ordea, makromolekula bat da, hau da, milaka atomoz osaturiko molekula handi bat, eta atomo horiek kate luze batean errepikatzen dira lotura kobalenteen bidez. Polimero bat naturala izan daiteke —gure gorputzeko DNA, esaterako— eta sintetikoa ere bai, hau da, laborategian edo industrian sintetizatutakoa.
Baina polimeroek badute halako magia bat, ezta? Polimeroa sortzeko erabiltzen diren molekula txikiek propietate batzuk dituzte, eta amaierako molekula handiak beste propietate batzuk ditu?
Hori da, polimero batek dituen propietateak, hala nola biguntasuna, gogortasuna, zurruntasuna edo malgutasuna, polimero-katearen disposizioak definitzen du, eta ez oinarrizko atomoek. Polimero gehienak, karbonoz, oxigenoz eta hidrogenoz osatuta daude, eta, gero, beste atomo batzuek ematen diete funtzionaltasuna, hala nola nitrogenoak, kloroak edo fluorrak.
Eta hori kontrolatuta, nahi dugun motatako materiala lor dezakegu. Begira hasten bagara, leku guztietan daude, ezta? Gauza askotarako behar ditugu gaur egun: medikuntzan, autoetan, telefonoetan, etxeetan…
Duela urte batzuk beharbada ez, baina gaur egun behar ditugu daukagun bizi-kalitatearekin eta bizi-mailarekin jarraitzeko. Eta behar ditugu dauzkagun aurrerapen teknologikoak mantentzeko.
Baina gaur egungo egoerari begiratuta, polimeroek fama kaskarra dute, polimeroen barruan sailkatzen baitira plastikoak.
Jakin behar dira desberdintzen polimeroak, oro har, eta erabilera bakarreko polimeroak. Esan dugu gauza askotarako erabiltzen ditugula polimeroak, baina plastikoez hitz egitean burura etortzen zaiguna zabortegietan edo ingurunean metatzen ari diren plastiko horien irudia da.
Nire ustez, polimeroen zientzian lan egiten dugunon ikerketa, hein handi batean, erabilera bakarreko polimero horiek sortzen dituzten arazoei erantzuna ematera bideratu behar da. Baina uste dut gizarte guztiaren laguntza behar dugula arazoari aurre egiteko. Ikerlariok daukagun erronkari heldu behar diogu, eta, aldi berean, guztiok erabilera bakarreko polimeroen erabilera gutxitu behar dugu. Hasi gara supermerkatuetan paperezko poltsak edo konpostera bota daitezkeenak ikusten. Poliki-poliki, nik uste dut norabide onean goazela.
Zergatik sartzen dira enbasatutako erretiluetan sagarrak? Suposatzen dut hobeto kontserbatzeko izango dela, eta gai hori ere polimeroen kimikan sartzen da. Baina ezin da ekidin?
Agian sagarraren propietateak hobeto mantenduko dira eta denbora luzeagoz, edo agian praktikoagoa da, besterik gabe, baina gizartea ez da kontziente horrek dakarren hondakin-kantitateaz. Ekintza horren onurak eta kalteak balantzan ipini beharko lirateke. Zer irabazten dugu horrekin? Eta zer galtzen dugu? Erostera goazenean, hurrengo egunean kontsumitzeko bada agian egokiagoa da “granel” formatuan erostea, ez baituzu hondakin-kantitate berdina sortzen. Urte batzuk badira horrelako gauzak supermerkatuetan ikusten direla, eta hasiera batean agian ez ginen kontziente edo gizartea ez zegoen arazo horri aurre egiteko prest. Horretaz gain, badakigu ohiturak aldatzea asko kostatzen dela.
Oso-oso gauza sofistikatuak egin dira mende oso batean zehar plastikoarekin. Erraza al da plastikoari alternatibak topatzea?
Ez da erraza. Esaterako, kable elektrikoei plastikozko babesa kentzen badiegu, zer jarriko dugu horren ordez? Gaur egun hainbat aplikazio daude ulertezinak izango liratekeenak polimerorik gabe. Beste adibide on bat goretex-a da, ura uxatzen duten arropa teknikoa. Azken finean, arropari estaldura polimeriko bat jartzen zaio gainazalean. Baina konposatu horiek fluor atomoak dituzte eta ingurunean metatzen dira; horien erabilera gutxitu nahi da eta hor gabiltza borrokan.
Eta nola ordezten da hori?
Nik uste dut erabilera espezifiko guzti horiek mantendu ditzakegula, baina badaude hainbat erabilera hobetu daitezkeenak, eta horietan zentratu behar gara. Ez hainbeste polimero guztiak ordezten, baizik eta kalte egiten duten polimeroak ordezten soilik.
Goazen hitz egitera birziklatzeari buruz. Bat-batean obsesio bilakatu da. Nola ikusten duzu zuk mundu hori?
Bai, fakultatean badago talde bat polimeroen birziklapenaren inguruan ikertzen duena POLYMAT barruan, eta adituak dira gai horretan.
Nik uste dut birziklapenak balio duela kutsadura murrizteko, baina baita ekonomia zirkularrerako ere. Badaude hemen inguruan hainbat enpresa hori egiten dutenak. Adibidez, polimerozko ur-botilak, PET bezala ezagutzen diren horiek, birziklatu eta lortzen den zuntzarekin ehunak egiten dituzte. Agian ez dira lehen mailako ehunak izango, baina zergatik ez erabili ordenagailuen zorroak egiteko? Arropa marka gero eta gehiagok saltzen dituzte halakoak, eta uste dut hori dela bidea.
Uste al duzu birziklapenaren munduan oraindik bide asko esploratu gabe daudela?
Baietz uste dut. Birziklapen fisikoa zabalduago dago, baina hainbat polimero birziklapen kimiko bidez ere tratatu daitezke, eta gai horretan lan asko dago egiteko oraindik. Birziklapen kimikoaren bidez, polimero batetik abiatuta, molekula edo erreaktibo berriak lor daitezke, hainbat helbururekin: polimero berdina sortzeko, beste polimero bat sortzeko edo beste erabilera bat emateko.
Bide hori oraindik gutxi garatua izatearen arrazoietako bat izan daiteke garestia dela, ezta? Molekula txikietatik abiatuta polimeroak egitea erraza da, baina kontrako prozesua oraindik garesti ateratzen da.
Bai, horrelako prozesuetarako tenperatura altuak behar dira, eta horrek energia asko eskatzen du. Hala ere, uste dut badaudela ikerketa-lerro asko gai horren inguruan. Hainbat polimerok ingurumenean eragiten duten kalteari buruz asko hitz egiten da, eta uste dut horrek birziklapen kimikoaren ikerketa-lerroa piztu duela.
Aipatu beharreko beste hitz bat “mikroplastiko” hitza da. Badirudi toki guztietan daudela, baina oraindik ez dago oso argi non askatzen diren eta ze prozesuren bitartez iristen diren iristen diren tokitara. Zer iritzi duzu gai honen inguruan?
Egia da mikroplastikoak egon badaudela, eta gaur egun ezin direla ekidin. Mikroplastikoak 5 mm baino gutxiago dituzten plastikozko partikula txikiak dira. Nahita sortu daitezke, edo plastikozko objektu handiagoen degradazioaren ondorioz eratu; adibidez, arropak garbitzean urak partikulak eraman ditzake. Erronka nagusia partikula horiek ingurumenera ez iristea da. Kosmetika-produktuetan ere mikroplastiko ugari daude, zeinak aurpegian aplikatu ondoren urarekin batera ingurunean bukatzen duten. Gaur egungo araztegiek ez dute horrelako partikulak uretatik kentzeko gaitasunik. Horregatik, hondakinak ondo kudeatzea eta ekonomia zirkularraren printzipioak aplikatzea ezinbestekoa da.
Oso harrapatuta sentitzen zara polimeroen inguruan gizartean esaten diren mezuekin?
Egia esan, ez, irtenbideak badaudela iruditzen zait. Gure eginbeharra da ikertzen jarraitzea erabilera bakarreko polimero horiei ordezkoak topatzeko, eta ingurumenari egiten dioten kaltea gutxitzeko.
Polimeroak, historikoki, petroliotik eratorritako lehengaiekin sintetizatu izan dira, baina, gaur egun, ordezko modura biomasatik eratorritako erreaktiboak erabiltzea geroz eta gehiago entzuten da. Gai horretan asko ari gara ikertzen, baina baditu mugak ere. Biomasa baliabide mugatua da, eta, askotan, ez da konstantea. Enpresa mailan material bat produzitzeko, baliabide edo lehengaiaren kilo jakin batzuk behar dira urtean, eta biomasarekin oraindik ezin da halakorik ziurtatu.
Polimeroetan ikertzen duzuenon mundu mailako komunitatea izugarri handia da gaur egun, ezta?
Bai, nik uste dut baietz, baina egia da POLYMAT berezia dela zentzu horretan. Polimeroetan asko ikertzen da, eta Fakultatean, bai graduan eta baita masterrean ere, polimeroen zientzia ikasten da. Horrek egiten du Fakultatea ere bereizgarri.
Nola ikusten duzu etorkizuna? Optimista zara?
Uste dut polimeroek lagundu egingo digutela jasangarriagoak izaten. Mundu guztiak ulertzen duen adibide bat ondokoa izan daiteke: gaur egun hegazkinek erregai gutxiago erabiltzen dute arinagoak direlako polimeroei esker. Berriz errepikatuko dut: polimeroen zientzian lan egiten dugunok kontziente gara polimeroek sortzen dituzten arazoez, baina uste dugu onura askoz gehiago ekarri dituztela kalteak baino, eta sinesten dut etorkizunean ere hala izango dela.
Guillermo Roa Zubia
Kimikan doktorea eta Elhuyar Zientziako erredaktorea



