}

Platinoaren ordez burdina darabilen hidrogenozko erregai-pila garatu dute

2022/04/26 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

platinoaren-ordez-burdina-darabilten-hidrogenozko-
Burdina darabilen hidrogenozko erregai-pila probatzen, laborategian. Arg. Imperial College London

Hidrogenozko erregai-pilek hidrogenoa elektrizitate bihurtzen dute, eta ur-lurruna baino ez dute askatzen; hortaz, oso baliagarriak izan daitezke energia-trantsiziorako. Baina, eskuragarriak eta jasangarriak izan daitezen, zenbait oztopo gainditu behar dituzte oraindik. Horien artean, katalizatzailea dago: prozesuan, platinoa erabili ohi dute, eta elementu urria eta garestia da (erregai-pila baten kostuaren % 60 platinoari dagokio). Orain, Londresko Imperial Collegek gidatutako ikerketa batean, platinoraren ordez burdina darabilen hidrogenozko erregai-pila bat garatu dute.

Nature Catalysis aldizkarian argitaratu dute lana, eta, zehaztu dutenez, burdinaz gain, nitrogenoa eta karbonoa baino ez dituzte erabiltzen katalizatzaile gisa; material merkeak eta erraz eskura daitezkeenak denak ere. Hain zuzen, katalizatzailea elektrizitatea eroaten duen karbono-matrize bat da, eta, barruan, burdina-atomo askeak ditu, elkartuta daudenean baino askoz ere erreaktiboak baitira horrela. Horri esker, platinoa darabilten erregai-pilen pareko erredimendua lortu dute. Gainera, beste prozesu batzuetarako ere baliagarria izan daitekeela uste dute.

Adierazi dutenez, egonkortasuna hobetzeko lanean ari dira, eta hurrengo pausoa eskala handian probatzea izango da, komertzialki ere erabilgarria izan dadin.

 

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia