Plastikozko eguzki-energia merkea
2001/02/14 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia
Eguzkitik lortutako energia gero eta erabiliagoa bada ere, askorentzat garestiegia da. Orain plastiko berri batez eginiko eguzki-zelulei esker energia garbia eta merkea lor daiteke, aurreko eguzki-zelulen eraginkortasuna hirukoiztu egiten baitute.
Eguzkiaren indarra elektrizitatea sortzeko eta eguneroko bizitzan erabiltzeko dauden eragozpen garrantzitsuenak prezio altuegia eta eraginkortasun urriegia dira. Energia-mota hau merkatzeko bi era daude: bata eguzki-panelek eguki-indar gehiago biltzea azalera berdinean eta bestea material merkeak erabiltzea eguzki-zelulak egiteko. Orain arteko eguzki-zelula eraginkorrenak oso garestiak dira eta, aldiz, material plastiko merke, arin eta malguekin egin diren saiakerak ez dira produktiboak izan. Eraginkortasun gutxiagokoak izanda ere, oso merkeak balira komertzialki onargarriak izan zitezkeen, baina horretarako eraginkortasun minimo bat eduki beharko lukete.
Austriako Johannes Kepler Unibertsitateko Sean Shaheen-ek eta bere taldeak emaitza itxaropentsua lortu dute. Plastikoz egindako eguzki-zelula bat asmatu dute eta, diotenez, horri esker eguzki-indarra praktikotasunez erabili ahal izango da. Agian ez dira goi-teknologia espazialean erabiltzeko modukoak izango, baina bai hiriak energiaz hornitzeko.
Egun merkaturatutako eguzki-zelula ia guztiak, zelula fotovoltaiko izenez ezagutzen direnak, siliziozko geruza mehe eta zurrunaz eginak daude, edota silizioaren eta beste material erdieroaleren baten aleazioaz. Horietatik onenek ere % 20ko eraginkortasuna dute, hau da, eguzki-indarraren bosten bat eraldatzen dute elektrizitatea lortzeko. Hala ere, ohiko panel komertzialen eraginkortasuna horien erdia baino ez da.
Johannes Kepler Unibertsitateko ikertzaleek polimero eroale bat (MDMO-PPV) eta fulereno bat (PCBM) nahasi dituzte eraginkortasuna areagotzeko. Orain arteko ikerketetan erabilitako toluenoaren ordez, klorobentzenoa erabili dute bi osagaiak nahasteko eta lortu duten emaitza oso ona izan da. Diotenez, eguzki-zelula organikoak oso aurrerapen teknologiko garrantzitsua dira etorkizuneko energia-iturrien arloan.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia