}

Pinguinoen heriotzaren misterioa

2001/12/12 Elhuyar Zientzia

Antartikako Adelieko pinguinoen hazkuntza-sasoia hego-hemisferioko udaberrian hasten da. Aurten, ordea, pinguino horietako askorentzat ez dago udaberririk. Izan ere, Antartikan australiarrek duten baseko zientzialariek 12 urte daramatzate Adelie pinguinoak aztertzen, batez ere jaten duten krilla urritzeak pinguinoen ugalkortasunean duen eragina ikusteko. Ikertzaile-taldeko biologo batek bi uhartetako koloniak ikustera joan eta gutxienez ehun hildako aurkitu zituenean, ezusteko galanta hartu zuten.

Guztira 15.000 pinguino inguru dago eta beste urteetan ere zenbait pinguino hilda azaltzen diren arren, inoiz ez dira hainbeste izan. Orain, ikertzaileek heriotza horien jatorria argitu nahi dute. Antzeko azken gertaera 1972an izan zen, baina orduan hildakoak txitak ziren. Geroztik pinguinoei eragiten dieten gaixotasunei buruzko ikerketak egin badira ere, antza ez dira nahikoa izan. Biologoak abenduaren 27an iritsiko den hornikuntzako itsasontziaren zain daude hildakoen laginak analizatzera bidali ahal izateko. Bitartean, gaixotasuna ez zabaltzeko neurriak hartu dituzte; adibidez, kolonietara egiten diren bisitak mugatu dituzte, eta aurretik eta ondoren erabilitako arropa eta oinetakoak kontu handiz garbitzen dituzte.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia