}

Perlarik ederrena

1992/06/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Ikerlariak, organismo bizidunek material inorganikoak produzi ditzaten saiatzen ari dira. Zeramika sintetikoak eta iman mikroskopikoak baino partikula gogorragoak lortu nahi dira, egunen batean makina txikietan erabili ahal izateko.

Organikoki egindako materialak sintetizatzea "biomimetika" deituriko prozesu batez burutzen da eta hori ez da batere zaila. Joan den martxoan Mehmet Sarikaya-k, Washington-go unibertsitateko ikerlariak, Indianapolis-en emandako hitzaldi batean organismoen berezko produkzio-teknikak kopiatu nahi zituela adierazi zuen, horrela metodo sintetikoek behar dituzten tenperatura eta presio altuak saihestuz.

Sarikaya-k nakarea lortu nahi du. Nakarea itsas belarrien, nautilus-en eta bibalbioen oskolen barnealdean dago eta edozein zeramika sintetiko baino gogorragoa da.

Sarikaya, bere ikerketak egiteko itsas belarrira mugatu da. Honen oskola, kaltzio karbonato zementatuzkoa eta materia organikoz nahastutakoa da. Oskolaren kanpoko aldea kaltzio karbonatozko prisma hexagonalez osaturik dago. Barneko aldean, nakarezko geruza dago kaltzio karbonatozko plakaz josita.

Itsas belarriak nakarea produzitzeko zelulak ditu. Zelula hauek oskolen artean dagoen itsas uretara proteina askatzen dute. Urak kaltzio eta karbonato-ioiak ditu eta ezagutzen ez den prozesu baten bidez ioiak elkartu eta zementatu egiten ditu, nakare-geruza sortuz.

Sarikaya-k, nakare-sortzaile den proteina isolatzea lortu du eta orain identifikazio-fasean dago.

Identifikazioa burututakoan proteina produzitzeko behar den genea aurkitu behar du eta ondoren injinerutza genetikoaz baliatuz genea Escherichia coli bakterioan txertatuko du. Horrela aipatu bakterioak, proteina-kantitate handia produzituko du.

Sarikaya-k, bere metodoa objektu desberdinak estaltzeko erabiltzea espero du. Horretarako objektuak ioiak eta proteinak dituen soluzio batera sartuko ditu. Hala ere, ikerketen lehen fasean dagoenez, prozesu osoa bukatzeko beste bost urte beharko dituela adierazi du.