Riemannen hipotesia matematikako problema konplexuenetakotzat hartzen da. 2000. urtean Matematiken Clay Insitutuak Milurtekoko Problemen zerrenda osatu zuen, eta adierazi zuen milioi bat dolar eskainiko zizkiela problema horietako bat ebazten zuenari. Zazpi problema dira guztira eta 2026ko irailean OpenAIk iragarri zuen problema horietako bat ebatzi zuela adimen artifiziala erabilita: Navier-Stokes ekuazioa. Orain, Anthropic enpresak dio beste problema bat ebatzi duela, aurrekoarekin bezala, adimen artifizialak lagunduta.
«Ebazpenak hizkuntza naturalean 250.000 orrialde hartzen ditu, eta Alpögek oraindik ez du ebazpena ulertzea lortu»
Azaroaren 20an, Anthropic enpresako Levent Alpöge matemarikariak ohar bat argitaratu zuen bere web orrian. Hala adierazi zuen bertan: “Uste dut Riemannen hipotesiaren froga bat aurkitu dudala Claude-rekin batera”.
Claude Anthropic enpresak garatutako adimen artifizialeko ereduen familia bat da, eta, Alpögek oharrean azaltzen zuenez, sei aste iraun dituen prozesu baten ostean, Riemannen hipotesia ebaztea lortu du Claude erabilita. Kontua da, ebazpenak hizkuntza naturalean 250.000 orrialde hartzen dituela, gutxi gorabehera. Beraz, Alpögek onartu du oraindik ez duela Claudek egindako ebazpena ulertzea lortu.
Adimen artifizialak akats logikorik egin ez duela ziurtatzeko, Lean FRO erakundeak, Mathlib ekimenak eta MITeko ikertzaileek kodea aztertu dute, eta ondorioztatu dute zuzena dela. Alabaina, inork ezin izan du ziurtatu Claude-k egindako ebazpenak benetan problema askatu duenik, kodearen luzera dela eta.
«Bi matematikarik ere Riemannen hipotesia ebaztea lortu dutela diote, giza arrazoiketa soilik erabilita»
Hori gutxi balitz, Alpögek oharra argitaratu eta ordu gutxira, Alessandro Masullo eta Brian Conrad matematikariek adierazi zuten beraiek ere Riemannen hipotesia ebaztea lortu zutela, eta giza arrazoiketa soilik erabilita. Masullok hamabi urte behar izan ditu 940 orrialde dituen dokumentuan ebazpena azaltzeko, baina hemendik urte batera argitaratzea pentsatzen zuten, ebazpenak izan zitzakeen akatsak zuzentzeko. Alabaina, Claude-ren ebazpena argitaratu zenean, argitalpen-data aurreratzea erabaki zuten.
Bernhard Riemannek 1859an argitaratutako hipotesiak zeroen banaketa zehazten du Riemannen zeta funtzioan. Banaketa horrek lotura du zenbaki lehenen — beren buruarekin eta 1 zenbakiarekin soilik zatitu daitezkeen zenbakiak — banaketarekin. Zenbaki horien banaketa zehazteak zuzenean eragingo luke, besteak beste, kriptografian eta segurtasun digitalean, gaur egungo zifratze-sistema asko zenbaki lehenen propietateen mende baitaude.
Irati Diez Virto
Elhuyar Zientzia