Paleolitoko altxor bat topatu dute Gipuzkoako kobazulo batean
2014/11/05 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia
Joan den mendean aurkitu zuten Ezkuzta kobazuloa, eta duela bi urte hasi ziren indusketekin. Horma bat erortzean agertu ziren historiaurreko tresnak.
Iriarteren esanean, harrizko industriaz gain, hezurrez eta adarrez egindako tresnak ere azaldu ziren, eta horiek dira, hain zuzen, ikertzaileen arreta erakarri dutena. Haien esanean, Paleolito garaiko ”maisulanak” dira.
Ikertzaileek orein-adarrekin egindako bi hagaxka nabarmendu dituzte. Duela 14.500 urtekoak dira, Erdi Madeleinaldikoak, eta lerro grabatuekin apainduta daude; bat ia osorik, 2-3 cm falta ditu, eta bestea, oso-osorik. Arrizabalagaren arabera, mundu guztian era horretako 200 hagaxka baino gutxiago agertu dira; erdiak baino gehiago, Isturitzeko kobazuloan (Behe Nafarroa). Oraingoak Gipuzkoan topatutako lehenak dira, eta, horiez gain, oso ale gutxi aurkitu dira penintsulan, eta gehienak, puskatuta. Bakantasun horrek agerian jartzen du aurkikuntzaren garrantzia.
Bestalde, Iriartek grabatuen lerroen paralelotasuna eta perfekzioa goraipatu ditu. Ikertzaileek ez dakite zer erabilera zuten, baina funtzio sinbolikoa zutela uste dute.
Hagaxkak ez ezik, aztarnategian apaintzeko izan zitezkeen beste objektu batzuk ere aurkitu dituzte; adibidez, itsas maskorrak, eta okrea xehatzeko erabilitako harri bat. Arrizabalagaren hitzetan, “aurkikuntza horiek kontuan hartuta, aztarnategia ezohikoa dela esan daiteke”.
Ikertzaileek tresnak zaharberritu dituzte, eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren babespean jarri dituzte.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia