Ospitaleetan erabiltzeko desinfektatzaile ahaltsua
2002/12/27 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia
Nahiz eta antibiotiko batzuk hasieran oso eraginkorrak izan infekzioak sortzen dituzten bakterioen aurka, denborarekin bakterioek erresistentzia garatzen dute. Batzuetan, bakterioak hiltzen dituzten desinfektatzaile gogorrak erabili izan dira, baina tresna kirurgikoak kaltetzen zituzten eta gaixoei begietako eta azaleko narritadura edota asma eragiten zieten.
Orain, Erresuma Batuko Medipure enpresak albo-ondoriorik eragiten ez duen desinfektatzaile ahaltsu bat aurkeztu du. Desinfektatzaileak Suprox izena du, eta elektrikoki aktibatutako sodio klorurozko disoluzio bat da.
Asmatzaileen esanean, infekzioak sortzen dituzten bakterioen pareta zelularra deuseztatzen du. Salmonella, E. coli, Staphylococcus aureus, tuberkulosiaren bakterioa... guztiak akabatzeko gai da, eta, gainera, bakterioek ez dute garatzen desinfektatzailearekiko erresistentzia. Bestetik, gaixoari ez dio inolako kalterik eragiten, ez azalean, ez begietan ez arnas aparatuan. Edanez gero ere ez omen du kalterik egiten!
Ospitaleetan erabilgarria izateaz gain, beste arlo batzuetan ere izan dezake aplikazioa, esate baterako, abeltzaintzan eta nekazaritzan. Desinfektatzailea datorren udaberrian merkaturatzeko asmoa dute, eta asmatzaileak endoskopioak desinfektatzeko garbigailu bat ere garatzen ari dira orain.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia