}

Nicoleren maratoia

2005/10/11 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Argazkian ageri den marrazo zuri horrek Indiako ozeanoa zeharkatu du, Hegoafrikatik Australiara eta atzera berriro Hegoafrikara, bederatzi hilabetean.

Bizkar-hegatsean tresna berezi bat jarri ondoren, marrazoa uretan utzi zuten unea azaltzen da argazkian. Tresna horren bidez, zientzialariek marrazoa identifikatzen dute, eta, gainera, haren ibilera satelitez jarraitzeko aukera ematen die. Horri esker izan dute ikertzaileek marrazoak egin duen balentriaren berri.

Marrazo zuri hori emea da, eta Nicole deitzen diote. Nicoleri ez ezik, beste marrazo zuri batzuei ere jarri diete tresna, espeziea babesteko estrategiak bilatzeko baliagarria izango delakoan animaliak nondik nora dabiltzan jakitea.

Ikertzaileen esanean, marrazoaren ibilaldiak ez du parekorik itsas animalien artean. Atun batzuk besterik ez dira hurbiltzen marrazo zuriak egindakoari. Baina Nicolek egindako bidea benetan harrigarria iruditu zaie. Haien ustez, bikotekide bila egin du hain bidaia luzea. Izan ere, Hegoafrikako uretan nahi adina janari dauka, eta, beraz, ez dauka hain urrutira joan beharrik jatekoaren bila.

Argazkia: © Heather Fener/WCS