}

Nektar gozoetan gozoena ekoizten duen landarearen inbasioa

2001/06/07 Elhuyar Zientzia

img height="252" src="images/E010607.jpg" width="411"/>

Duela mende bat inguru, Himalayako Impatiens glandulifera landarea Erdialdeko Europara ekarri zuten. Urte horietan guztietan, Txekiako Errepublikako ibaiertzen erdia baino gehiago konkistatzea lortu du eta, orain, gainerako Europaren eta Ipar Amerikaren konkista prestatzen ari da. Würzburg-eko Unibertsitateko Zoologia Saileko zientzialariek egindako ikerketaren arabera, landare exotiko horrek bertako landareek baino askoz arrakasta handiagoa du. Izan ere, inguruko lurraldeak inbaditzeko erabiltzen duen estrategia edozein gozozale engainatzeko modukoa da.

Glandulifera horrek ekoizten duen nektarra ez da nolanahikoa. Besteenak baino askoz azukre gehiago du eta sari horrekin inguruko erle guztiak erakartzen ditu. Ondorioz, lurralde horretako gainerako landareak polinizatu barik geratzen dira eta, apurka-apurka, indarra galtzen dute. Egindako azterketen arabera, Impatiens glandulifera-k ekoizten duen nektarraren % 48 inguru azukrea da eta lore bakoitzak orduko 0,47 mg azukre inguru ekoizten du. Kontuan hartu behar da landareek, oro har, orduko 0,1 mg azukre baino gutxiago ekoizten dutela eta, nolanahi ere, inoiz ez dutela orduko 0,3 mg baino gehiago ekoizten.

Inguruko nektarrik gozoena ekoizteaz gain, Impatiens glandulifera-k beste estrategia bat ere badu. Zurtoin nagusiak adar asko dituenez, ingurunea monopolizatzea lortzen du. Horretaz gain, Europako urteroko landareetan handiena da (2 metroko garaiera du) eta, gainera, klima- eta lur-mota ugaritara molda daiteke. Saria handia denez, urrunagoko erleek ere landare hau dagoen tokiraino bidaiatzen dute; ondorioz, landare exotikoen eta bertakoen arteko konpetentzia uste zena baino handiagoa da.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia