Eguzki beretik bi uzta

Eguzki-energia lortzeko gero eta lursail gehiago behar dira, eta nekazaritza-lurrak oso aproposak dira horretarako. Horrek lehia eragin du, eta lehia horri irtenbidea emateko sortu da agrovoltaika: lursail berean eta aldi berean elikagaiak eta elektrizitatea sortzeko sistema. Baina, zenbateraino da posible bi gauzak batera egitea? Horri erantzun nahian ari dira NEIKER ikerketa-zentroan eta Nafarroako Unibertsitate Publikoan.

Goizean goiz, Elhuyar aldizkariarekin duen hitzorduaren aurretik, eskarolak biltzen ari da Amaia Ortiz Barredo, NEIKEReko beste lankide batzuekin batera. Eskarola batzuk eguzkitan daude, beste batzuk eguzki-plaken itzalpean. Aldea nabarmena da: eguzkitan hazi direnak handiagoak dira; plaken azpikoak, berriz, txikiagoak. Baina eguzkitan hazten diren eskarolak tapatu egin behar izaten dira, erdigunea zuritzeko eta, hala, gozoagoak izateko; eta eguzki-plaken azpian hazi direnek, berriz, ez dute lan horren beharrik izan. “Hor dago oreka bilatu beharra, zer interesatzen den gehiago”, dio Ortizek, ohartu gabe, seguru asko, agrovoltaikaren muina bera zenbateraino adierazten duen esaldi horrek.

Agrovoltaika Europan eta munduko beste leku batzuetan hedatzen ari da, batez ere eremu lehorragoetan. “Europako Batzordeak agrovoltaikaren aldeko apustua egin du, instalazio fotovoltaikoek dakartzaten arazoak saihesteko”, azaldu du Ortizek. “Nekazaritza eta fotovoltaika lehian daude lurrari dagokionez, eta egoera hori konpontzeko sortu da agrovoltaika: energia eta elikagaiak sortzen jarraitzeko, biak ala biak guztiz beharrezkoak baitira”.

«Nekazaritza eta fotovoltaika lehian daude lurrari dagokionez, eta egoera hori konpontzeko sortu da agrovoltaika»

Baina, lehia saihesteaz gain, emaitzek erakusten dute nekazaritza klima-aldaketara egokitzeko ere lagungarria izan daitekeela agrovoltaika. Plaken azpian dauden laboreak itzaletan edo erdi-itzaletan egoten dira, eta hori onuragarria izan daiteke kasu batzuetan. Hain zuzen ere, 2025eko berrikuspen zientifiko baten arabera, eguzki-plakek mikroklima bat sortu dezakete, non tenperatura ingurukoa baino 1-4 ºC baxuagoa den eta ebapotranspirazioa % 20-47 murrizten den.

Amaia Ortiz Barredo

Amaia Ortiz Barredo, NEIKER-eko Landare ikerketako saileko burua.


Eguzki-plakek hainbat funtzio bete ditzakete baratzetan, hala nola ura aurreztea, laboreak muturreko gertaeretatik babestea (beroaldiak, ekaitzak…) eta lurra babestea (gutxiago higatzen da). “Dena kontuan hartuta, ikusten da sistema eraginkorra eta jasangarria dela, eta onura asko eskain ditzakeela gaur egungo testuinguruan”, dio Ortizek.

NEIKERen 2023an hasi ziren agrovoltaikaren aukerak ikertzen, konturatu zirelako Europan agrovoltaika hedatzen ari zela, oinarri zientifiko nahikorik gabe. “Ez zegoen bibliografia zientifikorik; ez zegoen datu zientifikorik erabakiak hartzeko”, dio Ortizek. “Horregatik pentsatu genuen datu zientifikoak eman behar genituela ahalik eta lasterren, sistema agrovoltaiko bat behar bezala diseinatu ahal izateko”.

Zortzi mila metro karratuko laborategia

Horretarako sortu zuten Arkautiko unitate esperimentala. 8.000 m2 ditu, eta eguzki-plakak lau metroko altueran daude jarrita. Europan gehien erabiltzen ari den altuera da hori, azpitik makineria pasatzea ahalbidetzen baitu, nahiz eta beste konfigurazio batzuk ere badauden: altuera txikiagokoak, bertikalak… Arkautin, eremu batean plaka fotovoltaikoek % 100 estaltzen dute, eta beste eremu batean, berriz, % 50.

“Ez da nekazaritzan zuzenean erabiltzeko eredu bat; esperimentuak egiteko da, datu zientifikoak lortzeko, gero datu horiekin fotovoltaika-enpresek edo ingeniari agronomoek nekazariaren beharretara eta hark landuko dituen laboreetara egokitutako sistema agrovoltaiko bat diseina dezan”, argitu du Ortizek. “Izan ere, agrovoltaikaren lehen helburua nekazaritza-ekoizpena da, eta, bigarrena, ekoizpen fotovoltaikoa”.

2025eko apirilean hasi ziren unitate esperimentalean lehen landaketak egiten. Urte eta erdian 11 labore probatu dituzte: patata, erremolatxa, tipula, azenarioa, letxuga, eskarola, babarruna… Eta emaitzak askotarikoak izaten ari dira.

Ekoizpenari dagokionez, patataren kasuan, esaterako, ez dute Europako beste azterlan batzuetan ikusi duten igoerarik topatu, baina ezta jaitsierarik ere. “Gure kasuan, ikusi dugu ez duela ekoizpenean eragiten, eta hori ere ona da, eguzki-plakak jartzeko aukera duzulako, ekoizpena kaltetu gabe”, azaldu du Ortizek. “Tipula, aldiz, ezin da eguzki-plaken azpian egin; murrizketa nabarmena izan da, bai ekoizpenean, bai tamainan, bai zaporean”. Letxugen eta eskarolen kasuan, tamaina txikitzen da, baina ez dirudi kalitatean galerarik dagoenik. Eta babarrun eta garbantzuen kasuan, berriz, ondorioak ateratzeko dituzte oraindik. Gainera, azken horiek polinizatzaileen menpekoak dira, eta faktore horri ere eguzki-plakek nola eragiten dioten aztertu nahi dute.

Agrovoltaika NEIKER

Arkautiko unitate esperimentalean eguzki-plakak lau metroko altueran daude jarrita. Eremu batean plakek % 100 estaltzen dute, eta beste eremu batean, berriz, % 50.


“Ez dugu oraindik ikusi itzalak hobetzen duen laborerik”, dio Ortizek. Baina gaineratu du beste faktore batek ere baldintzatu lezakeela ekoizpena: “Tratamendu fitosanitario bat egiten duzunean, egoera fisiologikoa desberdina da itzaletan eta eguzkitan; adibidez, estomak irekita edo itxita egon daitezke. Horrek eragiten du tratamenduak berdin ez funtzionatzea bi baldintza horietan. Eta horrek ere, hau da, kudeaketa agronomikoak berak, eragiten du ekoizpenean; kontua ez da soilik zenbat irradiazio jasotzen den”.

«Agrovoltaikaren lehen helburua nekazaritza-ekoizpena da, eta, bigarrena, ekoizpen fotovoltaikoa»

“Honetan hasi ginenean espero ez genituen faktore ugari daudela konturatu gara”, aitortu du Ortizek. “Seguruenik, faktore horiek ongi kontrolatzea lortuko bagenu, lortuko genuke itzaletan labore batzuen ekoizpena handitzea”.

Laboreekin ez ezik, abeltzaintzako proba batzuk ere ari dira egiten Arkautin, ardiekin. Kasu horretan, plaken ordez toldoak jarri dituzte, haien eragina simulatzeko. Batetik, ardien portaeran nola eragiten duen aztertzen ari dira; eta, bestetik, larreari nola eragiten dion. Ikusi dute ardiek itzala bilatzen dutela, eta, ondorioz, azpian ez dela belarrik hazten. “Oreka bilatu beharra dago abelburuen eta eguzki-plaken dentsitatearen artean”, azaldu du Ortizek. Aurten, gainera, datu gutxi lortu dituzte, larreak erabat lehortu baitira. “Itzalpean zerbait gehiago iraun zuen belarrak, baina hori ere lehortu egin da azkenean”, dio Ortizek.

Proiektu europarrak

Arkautiko unitatea AgriPower proiektu europarraren parte da. NEIKERez gain, EHUko Ingeniaritza Eskolak alderdi energetikoa aztertzen du; Nafarroan, berriz, INTIAk berotegi berezi bat eraiki du, estalkian plaka fotovoltaiko malguak dituena —Tecnaliak fabrikatuak—. Horrez gain, Frantzian beste zenbait ikerketa egiten ari dira mahastietan, abeltzaintzan eta ureztatze-urmael batean, uraren lurrunketa saihesteko jarritako plaka flotatzaileekin.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikertzaile batzuk antzeko proiektu europar batean ari dira parte hartzen, Frantziako, Espainiako eta Portugalgo beste talde batzuekin batera, AgroSOL proiektuan. Guztira bost proiektu pilotu jarriko dituzten martxan.

Nafarroako proiektua arbendolondo-sail batean izango da. Zuhaitz-ilaren artean eguzki-plaken ilarak jarriko dituzte, baita sentsore ugari ere, neurketak egiteko. Eguzki-plakekin lortutako energia ureztatze-ponpak elikatzeko erabiliko dute. Orain kerosenozko ekipo elektrogeno bat erabiltzen dute horretarako, eta, haren ordez, lekuan bertan sortutako energia fotovoltaikoa erabiliko dute. “Horrela, instalazio fotovoltaikoak indartu egiten du nekazaritza”, nabarmendu du Marian de Blas Corral UPNAko ikertzaileak.

Marian De Blas Corral

Marian De Blas Corral. Ingeniaritza agronomoan doktorea, Nafarroako Unibertsitate Publikoa.


Dagoeneko beste ekarpen garrantzitsu bat egina dute, gainera, AgroSOL proiektuan: eskualde baten potentzial agrovoltaikoa aztertzeko metodo bat garatu dute, zehaztu ahal izateko zein eremu diren agrovoltaikarako egokiak (malda dela, orientazioa, babes bereziko eremuak, eta abar…). “Garrantzitsua da sistema agrovoltaiko bat ezartzen hasi aurretik ondo aztertzea ea lekua egokia den. Gero, lursail bakoitzerako azterketa zehatzagoak egin behar dira”, dio De Blasek. Metodo horren bidez azterketa nahiko xehea egin dute Nafarroa osorako, eta orain proiektuko gainerako eskualdeetara zabalduko dute.

«Nekazari ertain eta txikiek diru-iturriak dibertsifikatzeko aukera bat bilatu nahi dugu, ustiategiak utz ez ditzaten»

Nafarroako leku askotan bideragarria izan litekeela ondorioztatu dute. Eta mahastien kasua aipatu du: “Gure latitudean ez zegoen hain garbi mahatsondoei itzala jartzea onuragarria izan zitekeen; baina gero eta uda beroagoak izaten ari garenez, oso litekeena da aproposak izatea beroaldiei eta gehiegizko ebapotranspirazioari aurre egiteko”. Orain proiektu piloturako erabiliko dituzten arbendolondoen hostoak kaolin buztinaz estaltzen dituzte azken urteetan, ebapotranspirazioa saihesteko. “Eguzki-plakek funtzio hori bete dezakete, neurri batean”, dio De Blasek.

AgroSOL proiektua ustiapen ertain eta txikietara bideratua dago. “Proiektu honekin, batez ere, agrovoltaika ezagutarazi nahi dugu, oraindik ez baita oso ezaguna”. Esperientzia pilotuen bidez, nekazariei, erakundeei, udalei eta abarri erakutsi nahi diete zer aukera dauden. “Nekazari ertain eta txikiek diru-iturriak dibertsifikatzeko aukera bat bilatu nahi dugu, ustiategiak utz ez ditzaten”, dio De Blasek.

Instalazio agrovoltaikoak nekazarientzat errentagarriak izan daitezkeela uste dute. “Energia autokontsumorako denean, ongi uztartu behar dira behar energetikoak eta instalazioak eman dezakeena. Beste aukera bat da energia sarera saltzea, eta hori are errentagarriagoa da”, azaldu du De Blasek.

«Greenwashinga saihestu beharra dago; labore batzuk jartzea ez dadila izan aitzakia instalazio fotovoltaiko arrunt bat ezartzeko»

Aurrean dauden erronketako bat da legedi argi bat garatzea, instalazio agrovoltaiko batek bete beharko dituen baldintzak eta arauak ezartzeko. “Greenwashinga saihestu beharra dago —dio De Blasek—; labore batzuk jartzea ez dadila izan aitzakia laguntzak jasotzeko eta instalazio fotovoltaiko arrunt bat ezartzeko, horrekin elektrizitatea sortu eta saltzeko”. Espainian eta Portugalen oraindik garatu gabe daude legeak; baina legedia garatua duten herrialdeek (Alemania, Frantzia eta Italia kasu) kontu handiz egin dutela uste du De Blasek.

shutterstock_1950475522

Munduko leku idor batzuetan ikusi da eguzki-plaken eraginez belar gehiago hazten dela, eta horrek abeltzaintzarako aukera ematen du. Arg: thka/Shutterstock.com


Nekazariak erdigunean

Bestetik, nekazariek agrovoltaikaren garapenean parte hartzea ezinbestekoa da, De Blasen ustez: “Haiekin asko hitz egin behar da, beren kezken eta beharren berri izateko, laboreen ezaugarriak ezagutzeko; eta instalazio egokiak egin behar dira lursail bakoitzerako, nekazari bakoitzarentzat”.

Nafarroan oraindik ezin izan diete nekazariei askorik erakutsi, hasierako fasean daudelako, baina Frantzian egitasmo pilotu batzuk erakutsi dizkiete, eta nekazariek ondo hartu dituzte. “Oro har, nekazariak irekita daude. Uztaren produktibitatea murriztuko ez dela ziurtatzen bazaie, sarrera-iturriak dibertsifikatu ahal izango dituztela, eta inbertsio-kostua gehiegizkoa ez bada, uste dut harrera ona izango duela; are hobea onura gehigarririk badago, hala nola gehiegizko intsolazioaren aurkako babesa, edo baita neguko izotzen aurkakoa ere”.

Ortizen ustez ere, ezinbestekoa da labore eta lursail bakoitzerako sistema egokiak ongi diseinatzea. Eta, haren ustez, bada beste erronka bat ere, alegia, kudeaketa agronomikoan sakontzea: “Itzalpean zer laborek funtzionatzen duen jakitea bezain garrantzitsua da jakitea nola kudeatu behar den labore hori kondizio horietan”.

Nafarroa bezala, Araba ere agrovoltaika hedatzeko eremu aproposa izan litekeela uste du Ortizek. “Zalantzarik gabe, lehen datuek erakusten dute instalazio agrovoltaikoak eraginkorrak izan daitezkeela energia eta elikagaiak lortzeko. Gu ziur gaude agrovoltaika hedatu egingo dela”.

Egoitz Etxebeste Aduriz

Elhuyar Zientzia

Ennar0/Shutterstock.com

Buletina

Bidali zure helbide elektronikoa eta jaso asteroko buletina zure sarrera-ontzian

Bidali