Ozeano Barearen erdian, munduko sumendirik handienaren magalean, itsas mailatik 3.400 metrora, kimikari gazte bat tresna berri bat muntatzen ari zen. 1958ko martxoaren 29an egin zuen lehen neurketa tresna harekin. Oraindik ez zekien, baina historiako grafiko garrantzitsuenetako baten lehen puntua zen: 313 ppm.
Neurketa horrek aireko milioi bat bolumen-unitateko zenbat karbono dioxido zegoen adierazten zuen; alegia, milioi bat aire-litrotan 313 litro karbono dioxido zeudela. Horixe zen, hain zuzen ere, Charles Keeling kimikariaren obsesioa, aireko karbono dioxidoa neurtzea, ahalik eta zehaztasun handienarekin.
Urte batzuk lehenago hasi zen dena. Kaliforniako Teknologia Institutuan bekadun zela, bere hasierako helburua zen frogatzea ea lurpeko uren karbonato-kontzentrazioa inguruko kareharriaren eta atmosferako karbono dioxidoaren araberakoa ote zen. Horretarako, atmosferako karbono dioxidoaren kontzentrazioa jakin behar zuen, eta, literatura zientifikoan begiratu zuenean, harrituta gelditu zen emaitzen aldakortasunarekin. Laborategi batetik bestera hainbeste aldatzen ziren datuak, ezen aditu gehienek uste baitzuten atmosferako karbono dioxidoaren kontzentrazioa zeharo aldakorra zela. Keelingek, ordea, beste susmo bat zuen: agian, neurketetan zegoen arazoa.
Hala, karbono dioxidoa zehaztasunez neurtzeko tresna bat eta metodo bat garatzeari ekin zion. Eta ibili zen Estatu Batuetako mutur batetik bestera, neurketak egiten. Aire-laginak hartzen zituen ordu gutxirik behin, egunez eta gauez. Ez zion inork halakorik egiteko eskatu, eta bere ikerketarako ere ez zuen behar; baina “ongi pasatzen ari nintzelako egiten nuen”, idatziko zuen gerora. Natura eta mendia izugarri gogoko zituen, eta esperimentu haiek paraje zoragarrietan ibiltzeko aukera ematen zioten.
«Garaiko uste hura irauli zuen: atmosferako karbono dioxidoa ez zen hain aldakorra.»
Musika ere maite zuen. Pianista trebea zen, eta zalantzan ere egon zen ibilbidea musikatik edo zientziatik egin. Azkenean kimika hautatu zuen. Zehaztasuna, zorroztasuna eta are perfekzionismoa izan ziren Keelingen ezaugarri nabarmenetakoak. Eta ezaugarri horiei esker garaiko uste hura irauli zuen: ez, atmosferako karbono dioxidoa ez zen hain aldakorra.
Garai berean, Roger Revelle ozeanografoa beste galdera bati bueltaka zebilen. Gero eta ikatz, petrolio eta gas gehiago erretzen zen. Eta nora zihoan isuritako karbono dioxido hori guztia? Askok zioten itsasoak dena xurgatzen zuela. Revellek eta Hans Suess kimikariak, ordea, ozeanoaren kimika berrikusi zuten, eta ondorio kezkagarri batera iritsi ziren: itsasoak uste baino askoz karbono gutxiago hartzen zuen, eta ezingo zuen gizakia isurtzen ari zen karbono guztia irentsi. Beraz, zati bat atmosferan geratuko zen.
1957an argitaratu zuten artikulu batean, honela idatzi zuten: “Gizakia eskala handiko esperimentu geofisiko bat egiten ari da, iraganean sekula gertatu ez den gisakoa, eta etorkizunean errepikatu ezingo dena… Mende gutxi batzuetan, ehunka milioi urtetan arroka sedimentarioetan metatutako karbono organiko kontzentratua atmosferara eta ozeanoetara itzultzen ari gara”.
«Mende gutxi batzuetan, ehunka milioi urtetan arroka sedimentarioetan metatutako karbono organiko kontzentratua atmosferara eta ozeanoetara itzultzen ari gara»
Ondorio hori berresteko, ordea, datuak falta zituzten. Atmosferan zehazki zenbat karbono dioxido zegoen jakin behar zuten. Eta Revellek bazekien nor behar zuen horretarako: Caltech-en ezagutu zuen gazte bat, Kaliforniako mendietan eta mendebaldeko basamortuetan zehar karbono dioxidoa neurtzen zebilena. Kontratatu egin zuen Scripps Ozeanografia Institutuan, eta karbono dioxidoa neurtzeko programa bat jarri zuten martxan.
Keelingek adierazi zuen neurketa jarraituak egin ahal izateko infragorri-espektrometroak beharko zituztela. Hasieran denek esan zioten tresna horiek garestiegiak zirela berak egin asmoa zuena egiteko. Baina hainbeste tematu zen, ezen konbentzitu egin baitzituen espektrometroak erosteko. Antartikan ezarri zuten bat, eta Mauna Loan eraiki berria zen behatoki meteorologikoan beste bat.
Lehen urtean bertan, Mauna Loako eta Antartikako datuek gauza harrigarri bat erakutsi zuten: karbono dioxidoaren kontzentrazioa jaitsi egiten zen udaberritik aurrera, eta igo udazkenean eta neguan. Keeling konturatu zen landarediaren eragina zela: Ipar hemisferioko landareek karbonoa xurgatzen zuten udaberrian eta udan, eta udazkenean eta neguan, berriz, askatu egiten zuten.
«Urte bakoitzaren amaieran, Keelingen grafikoko marra ez zen aurreko lekura itzultzen.»
Urteak pasatu ahala, neurketa horiek beste mezu bat ere azaleratzen hasi ziren. Urte bakoitzaren amaieran, Keelingen grafikoko marra ez zen aurreko lekura itzultzen. Urtero, pixka bat gorago geratzen zen.
Keelingek zailtasunak izan zituen proiektu harekin jarraitzeko. 1960ko hamarkadaren hasieran, National Science Foundation-ek finantzaketa kendu zion, lana “errutinazkoa” zela argudiatuz; zenbakiak bildu eta zerrendatzea besterik ez zela, eta zientzia gutxi zegoela hor. Keelingek ez zuen amore eman: beste zientzialari batzuk bilatu zituen bere alde egiteko, eta agintariei ere behin eta berriro eskatu zien lan hura diruz laguntzeko, harik eta finantzaketa berreskuratu zuen arte. Mauna Loako erregistroan, 1964ko otsailetik maiatzera soilik huts egin zuten, krisi haren ondorioz. Antartikako estazioa, aldiz, ezin izan zuen salbatu; itxi egin behar izan zuten.
Keelingek 1998an idatzi zuen Rewards and Penalties of Monitoring the Earth saiakera autobiografikoan bere buruari galdetu zion zergatik jarraitu zuen hainbeste urtez zailtasunen artean, eta honela erantzun zuen: “Erregistroa luzatu ahala, datuak are liluragarriagoak bihurtu zirelako”.
Irudia: Manu Ortega Santos/CC BY-NC-ND
Keelingen bulegoko horman, urtez urte luzatzen joan zen grafikoko marra zerratua. Gora eta behera egiten zuen etengabe, Lurraren urtaroen erritmoan. Baina beti gorantz. Grafikoak argi erakusten zuen: urtez urte, gero eta karbono dioxido gehiago zegoen atmosferan. Eta, karbono-isotopoen bidezko azterketak eginda, Keelingek erakutsi zuen metatzen ari zen karbono dioxido hori erregai fosilak erretzetik zetorrela.
“Keelingen kurba” klima-aldaketaren irudi argienetako bat bihurtu zen, zientziaren ikono garrantzitsuenetako bat. Keelingek berak berrogei urtez baino gehiagoz zuzendu zuen erregistro hori. 2005eko ekainaren 20an hil zen, 77 urterekin, mendian zebilela, bihotzekoak jota. Egun hartan, Mauna Loan: 382 ppm.
Marra ez zen eten. Ralph Keeling semeak hartu zuen lekukoa. Eta, geroztik, neurketak ez dira sekula gelditu, 2022ko egun batzuetan salbu, Mauna Loa sumendian erupzioa piztu zelako.
Artikulu honen azken puntua jartzean: 425 ppm.
Egoitz Etxebeste Aduriz
Elhuyar Zientzia