}

Morfinarekiko tolerantzia gainditu dute

2002/03/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Morfinak mina kentzeko ahalmen izugarria du, baina gorputza erraz ohitzen da lehen dosira, beraz, gero eta dosi handiagoak behar izaten dira. Izan ere, morfina neuronen azaleko errezeptore opiazeoetara itsatsita gelditzen da eta etengabe bidaltzen dizkio seinaleak neuronari. Horregatik, dosia handitu ezean, neuronak ez dio seinaleari erantzuten.

Kaliforniako Unibertsitateko Jennifer Whistler biologoak zuzendutako ikertzaile-taldeak, morfinarekiko tolerantzia aztertzeko asmoz, morfinarekin batera DAMGO opiazeoa eman zien arratoiei. Gero, zazpi egunez buztanaren beroarekiko sentsibilitatea neurtu zieten. Morfina hutsik hartu zuten arratoiak zazpigarren egunerako gai ziren beroa sumatzeko; DAMGO hartu zutenek, ordea, minik sentitu gabe jarraitzen zuten. Antza, DAMGOri esker zelulek barneratu egiten dituzte morfinari lotutako errezeptoreak. Hartara, azaleko errezeptoreak aske gelditzen dira, eta, beraz, ez da morfinarekiko tolerantzia edo mendekotasuna azaltzen.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia