}

MOEk mugikorrak minbizi-eragileen sailkapenean sartu ditu, erdiko mailan. Ez gehiago, eta ez gutxiago.

2011/06/01 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Maiztasun txikiko eremu elektromagnetikoak minbizi-eragile posibleen artean sailkatu dituela jakinarazi du Munduko Osasun Erakundearen Minbizi Ikerketaren Nazioarteko Agentziak, prentsa-ohar bidez. Orain arte, uhin elektromagnetikoak ez ziren azaltzen sailkapen horretan.

Erabakiak oihartzun handia izan du, eremu elektromagnetiko horietan oinarritzen baitira haririk gabeko komunikazioa ahalbidetzen duten zenbait tresna, tartean, mugikorrak. Eta, hain juxtu, mugikorrekin egindako ikerketa bat aipatu du MOEk, erabakia hartzera bultzatu duten arrazoien artean. Ikerketa horretan ondorioztatu dute, 10 urtez mugikorra egunean 30 minutu baino gehiago erabiltzen dutenetan, % 40 areagotzen dela garuneko minbizi bat, glioma, izateko arriskua.

Mugikorren uhin elektromagnetikoak minbizi-eragileen artean sailkatu ditu MOEk.

Dena dela, MOEk berak zehaztu du ikerketa hori epidemiologikoa dela. Hau da, ez du frogatzen kausa-efekto dagoenik, baizik eta erlazio estatistiko bat dagoela mugikorra erabiltzen dutenen eta minbizi-mota hori dutenen artean. Horrenbestez, adierazi du ikerketa sakonagoak beharko direla erlazioa frogatzeko, eta, baieztatzen bada, minbizia eragiteko mekanismoa azaltzeko.

Bitartean, mugikorrek erabiltzen dituzten uhin elektromagnetikoak minbizi-eragileen sailkapenean sartzea erabaki du MOEk, 2B mailan (sailkapenak 5 maila ditu, minbizia eragiten ez duten agenteetatik hasi eta minbizi-eragile frogatuetara arte, eta 2B maila erdi-erdian dago). Horren arabera, "posible da agentea minbizi-eragile izatea pertsonentzat".

Mugikorren eremu elektromagnetikoaren maila berean daude asko erabiltzen diren beste gai batzuk ere, hala nola talko-hautsak, kafea (maskuriko minbiziarekin lotuta, nahiz eta koloneko minbizitan kafea babeslea dela ere aipatzen den txosten berean), eta inplante kirurgiko polimeriko eta metaliko batzuk, adibidez, kobaltoa edo nikela dutenak.

Arrisku posible hori dela eta, mugikorrekiko esposizioa gutxitzeko neurri praktikoak hartzeko aholkatu du MOEren Minbizi Ikerketaren Nazioarteko Agentziaren zuzendariak, esaterako, testu-mezuak edo eskurik gabeko gailuak erabilita.

Edonola ere, prentsa-oharrean gogorarazi dute INTERPHONE azterketaren ondorioak laster kaleratuko direla. Azterketa hori erreferentziazkoa da, mugikorren eraginari buruzko epe luzeko ehunka ikerketa biltzen baititu. Ikerketa horietako batzuen emaitzak dagoeneko jakinarazi dira, baina ez dira guztiak bateratu, eta ondorio globalak ere ez dira atera. Hain juxtu, horren zain daude adituak, emaitzak behin betikoak izatea espero baitute. Uztailaren 1ean argitaratuko da aurrerapen bat The Lancet Oncology aldizkari espezializatuan.

Honi buruzko elkarrizketa, Euskadi Irratiaren Faktoria saioan.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia