“Nik nahiko nukeena da guk izatea mikroorganismoen kontrola”
2019/03/01 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Lehenik, Ramón Cisterna Cancer katedraduna aipatu behar dut. Harekin hasi nintzen lanean, eta hari esker iritsi nintzen Mikrobiologia maitatzera eta jarraitzen dut honetan lanean. Gainera, nahiz eta ez den euskalduna, beti bultzatu du euskarazko adarra.
Bestalde, garai hartan, aurkitu berria zen PCR teknika. Izatez, 1993an jaso zuen Nobel saria haren asmatzaileak, Kary Mullisek. Eta, egia esan, teknika horrek sekulako iraultza ekarri zuen, ordutik askoz ere azkarrago eta zehatzago identifika baititzakegu mikroorganismo patogeno asko. Hortaz, PCRari esker, asko aurreratu da diagnostikoan, eta tratamenduari jarraipena egiteko aukera ere eman digu: eraginkorra ote den, erresistentziak sortzen diren…
Azken boladan, mikrobiomaren garrantziaz jabetzea ekarri du genomaren sekuentziazioak. Azken finean, gure gorputzean hainbat bakterio eta birus ditugu, eta orain hasi gara haiek identifikatzen, duten funtzioa ezagutzen, eta asaldura batzuekin duten harremana aztertzen.
Ea! Nik nahiko nukeena da guk izatea mikroorganismoen kontrola. Izan ere, ustez kontrolpean genituen horiekin ere ikusten dugu mutatu egiten dutela, erresistentziak garatzen dituztela, tratamenduekin ez dugula asmatzen… Hori iraultzea nahiko nuke. Badakit mikroorganismoak ez direla desagertuko, beti egongo dira. Eta beti egongo dira infekzioak eta gaixotasunak. Baina nahi nuke guk izatea haien kontrola; infekzio baten aurrean, gai izatea botika eraginkorrak edo txertoak asmatzeko, infekzioa kontrolpean izateko.
Txertoak aipatuta, beste gauza bat ere gustatuko litzaidake, eta da, nolabait, lortzea txertoen aurkako mugimenduak gainditzea. Oso arazo larria da, eta konpontzeko zaila, jende horren sinesmenak aldaraztea eskatzen baitu. Hain da agerikoa txertoen balioa, eta hala ere ukatu egiten dute… Horri buelta ematea gustatuko litzaidake, bai.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia