Elhuyar zientziaren komunikazioa

Miren Basaras Ibarzabal Mikrobiologoa

“Nik nahiko nukeena da guk izatea mikroorganismoen kontrola”

2019/03/01 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Miren Basaras Ibarzabal (Bilbo, 1968) mikrobiologoa Euskal Herriko Unibertsitateko irakaslea da, Medikuntza eta Erizaintza Fakultatean, eta beti dago komunikabideoi erantzuteko eta jendeari azalpenak emateko prest, ikastaro, hitzaldi eta halakoen bidez. Horren adibide ugari topa ditzake irakurleak Elhuyar aldizkarian bertan. Oraingoan, baina, ez diogu mikroorganismoez galdetu, bere buruari buruz baizik. Eta erantzun benetan interesgarriak eman dizkigu, bere oroitzapen eta itxaropenez… eta baita mikroorganismoez ere.

miren-basaras-ibarzabal-nik-nahiko-nukeena-da-guk-
Zerk harritu, asaldatu edo txunditu zaitu gehien, lanean hasi zinenetik?

Lehenik, Ramón Cisterna Cancer katedraduna aipatu behar dut. Harekin hasi nintzen lanean, eta hari esker iritsi nintzen Mikrobiologia maitatzera eta jarraitzen dut honetan lanean. Gainera, nahiz eta ez den euskalduna, beti bultzatu du euskarazko adarra.

Bestalde, garai hartan, aurkitu berria zen PCR teknika. Izatez, 1993an jaso zuen Nobel saria haren asmatzaileak, Kary Mullisek. Eta, egia esan, teknika horrek sekulako iraultza ekarri zuen, ordutik askoz ere azkarrago eta zehatzago identifika baititzakegu mikroorganismo patogeno asko. Hortaz, PCRari esker, asko aurreratu da diagnostikoan, eta tratamenduari jarraipena egiteko aukera ere eman digu: eraginkorra ote den, erresistentziak sortzen diren…

Azken boladan, mikrobiomaren garrantziaz jabetzea ekarri du genomaren sekuentziazioak. Azken finean, gure gorputzean hainbat bakterio eta birus ditugu, eta orain hasi gara haiek identifikatzen, duten funtzioa ezagutzen, eta asaldura batzuekin duten harremana aztertzen.

Zer iraultzaren edo aurkikuntzaren lekuko izan nahiko zenuke zure ibilbidean?

Ea! Nik nahiko nukeena da guk izatea mikroorganismoen kontrola. Izan ere, ustez kontrolpean genituen horiekin ere ikusten dugu mutatu egiten dutela, erresistentziak garatzen dituztela, tratamenduekin ez dugula asmatzen… Hori iraultzea nahiko nuke. Badakit mikroorganismoak ez direla desagertuko, beti egongo dira. Eta beti egongo dira infekzioak eta gaixotasunak. Baina nahi nuke guk izatea haien kontrola; infekzio baten aurrean, gai izatea botika eraginkorrak edo txertoak asmatzeko, infekzioa kontrolpean izateko.

Txertoak aipatuta, beste gauza bat ere gustatuko litzaidake, eta da, nolabait, lortzea txertoen aurkako mugimenduak gainditzea. Oso arazo larria da, eta konpontzeko zaila, jende horren sinesmenak aldaraztea eskatzen baitu. Hain da agerikoa txertoen balioa, eta hala ere ukatu egiten dute… Horri buelta ematea gustatuko litzaidake, bai.

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Saioa hasi

Erabiltzaile-izenik ez baduzu, eman izena

Pasahitza ahaztu zait

Jarraitu Zientzia.eus

Eduki gehiago

Gehitu zure bloga

Zientzia app

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzula. Onartu
Informazio gehiago
Babesleak

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak (Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak) diruz lagundua

Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
Gipuzkoako Foru Aldundia