Maurice Wilkins Nobel sariduna hil da
2004/10/07 Carton Virto, Eider - Elhuyar Zientzia
87 urterekin hil da Maurice Wilkins eta, horrenbestez, Watson da DNAren egitura helize-bikoitza zela aurkitzeagatik saritutako hirukotetik bizirik dirauen bakarra.

Hirukote horretako pertsonaia ezezagunena izan da Wilkins, baina haren lanak oinarrizkoak izan ziren Watson eta Crick-ek DNAren egitura helize-bikoitza zela ondorioztatzeko. 1950eko hamarkadaren hasieran, Watson eta Crick DNAk zein egitura zuen ikertzen zebiltzan garai berean, Wilkins-ek X izpien difrakzio-teknikak erabiltzen zituen DNAren irudiak egin eta zein egitura zuen ikertzeko.
Londresko King’s College-n egiten zuen lan, Rosalind Frankin-ekin batera, eta, antza, Rosalind-ek egindako irudi oso argi bat izan zen aurkikuntzaren gakoa. Baina, badirudi, irudi hori baimenik gabe hartu eta beste biei eman ziela Wilkins-ek. Historia ilun samarra izan zen hura eta zalantzak hor jarraitzen dute oraindik ere.
Edonola ere, Maurice Wilkins ezagutzeko aukera izan zutenek diote ikertzaile aparta eta pertsona konprometituta izan zela.

Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia