}

Maskaren degradazioak arrainen ugalkortasunean eragiten du

2022/02/15 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

maskaren-degradazioak-arrainen-ugalkortasunean-era
Arg. Artxibokoa

Maskara kirurgikoek degradatzean askatzen dituzten konposatuek zebra arrainen geneetan eragiten dute, bereziki, ugalkortasunarekin erlazionatutakoetan. Hala frogatu dute Espainiako Zientzia Ikerketen Kontseilu Nagusiak (CSIC) eta Cadizeko Unibertsitateak egindako ikerketa batean.

Azaldu dutenez, maskarak polimero plastikozko mikrozuntzez, eta gehigarri organikoz eta inorganikoz eginda daude. Uretan degradatzean, konposatuak askatzen doaz. Haien eragina aztertzeko, ikertzaileek hiru ingurunetan jarri zituzten zebra arrainak: maskarak degradatzen hasitako uretan, degradazioa aurreratuta zegoenean, eta ur garbitan. Eta arrainen geneen adierazpenari jarraipena egin zioten.

Ondorio kaltegarrienak maskarak oso degradatuta zeuden uretako arrainetan aurkitu dituzte. Hain zuzen ere, aldaketak zituzten ugalkortasunarekin lotutako 40 genetan. Zehazki, gametoen heltze-prozesuarekin, espermaren eta obuluaren arteko ezagutzarekin eta ernalketarekin erlazionatuta daude gene horiek. 

Ikertzaileen ustez, oso litekeena da maskaren arrainetan duten eragina ez mugatzea banakoetara, baizik eta arrain-populazioei ere eragitea. Horrenbestez, maskarak ingurunera iristea galarazteko neurriak hartzeko beharraz ohartarazi dute. Journal of Hazardous Materials aldizkarian argitaratu dute ikerketa.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia