Elhuyar zientziaren komunikazioa

Martxel Aizpurua: Biologo, menturazale, erlazain...

1986/04/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Euskal Herrian ezaguna den pertsonaia berezia elkarrizketatu dugu. Udako Euskal Unibertsitatean izan genuen berarekin hitzaspertu bat egiteko aukera, eta hona hemen ondoren bere bizimodu eta lanei buruzko zertzelada batzuk.

Elhuyar.- Hi, denetarik pixka bat egin duen pertsona haiz. Lehendabizi irakasle aritu eta gero, eskola utzita, UZEIra sartu hintzen. Euskal hiztegigintza eta euskararen normalizazio bidea utzi eta, menturazale izaki, munduari bira ematekotan hintzen. Amets horrek porrot egin zuenean, Gineako Golkora joan hintzen euskal arrantzaleekin. Eta orain erleekin ari haiz. Nolatan horrenbeste lanbide?

Martxel Aizpurua.- Beno,. azpira begiratuz gero, halako logikaren bat baduela uste diat; logika pertsonala gainera. Ni, bizi gareneko gizartean gustatutakoa egiten saiatutako pertsona nauk. Irakasle gisa, 18 urterekin hasi ninduan andereñoei irakasten. Orduan ez nekian ez euskararik eta ez biologiarik. Momentu hartan premia zegoan eta irakasle hasi ninduan Donostiako Santo Tomas Lizeoan. Aldi berean, urte hartan bertan, Aranzadin ikerketatxoren bat ere egin nian, UZEIn kolaboratzen nuen bitartean.

Hiru lanak ezin aurrera atera eta bat utzi egin nian. Gero urtebetez aritu nauk UZEIn lanorduak sartu eta arratsaldetan Aranzadin parte hartuz. Horrek zer san nahi dik? Ba..., biologi adarrari beti eutsi diodala eta nolabait botanika eta polen-azterketa beti landu ditudala. Beraz, zergatik sartu ninduan bi urterako projektu zabal batean? Ba, biologo guztien ametsa hori dela uste diat. Amets hori izan ez duen biologorik ez diat ezagutzen. Darwin-ek bezalako bidaia egitea, munduan zehar buelta ematea duk amets hori Kasu honetan, bazegoan mentura-alderdia ere. Bidaia ez huen abioiz; belauntziz baizik. Dena den, aukera bakarra huen eta ez nian gero damututa egoterik nahi. Beraz, hainbestetan amestutakoa parean tokatu, eta atzera egiten ez baduk aurrera egin behar duk.

E.- Eta hik aurrera egin huen.

M.A.- Bai. Baina ilusioa burutzeko etena egon ondoren, ez aurrera eta ez atzera, ez itsasorako eta ez lurrerako geratzea, nahiko gogorra izan huen. Beno, orain erlazantzan ari nauk eta hori normala duk zentzu batean. Lehen esan dudanez, ikertzen jarraitzen nian eta azken aldian eztiaren analisi polinikoa egiten hasia ninduan. Besteren eztia aztertu ordez, zera pentsatu nian: "sor dezadan neronek eztia ere". Batetik eztia sortu, eta bestetik ezti horren edo erlazantza horren inguruan ikerketa egin nahi nian.

E.- Zein ikerketa-mota?

M.A.- Esate baterako, Zenbat ezti atera daiteke zona batean? Zein kalitatekoa? Noiz egiten dute ezti-klase bakoitza? Udaberrian zer ari dira biltzen? Zein lore aurkitzen dira Gipuzkoan adibidez, eta nolakoa da loraketa hau? Zein lore etortzen da lehendabizi? Zein ondoren? Esate baterako, txikori-belarra loratzen duk, noski, baina zenbat txikori-belar zegok? Beraz, alderdi guzti hauek konpajinatuz, ikerketa-modu bati, bizimodu berri bati heldu nioan. Agian gure aitak beti izan dik arrazoi. Haren arabera ni beti izan nauk berrizale, eta zenbait gauza gustagarri eta berria bada, beti tira zidak.

E.- Baina ikerketaz aparte, arazo ekonomikoa ere egongo duk. Bizimodua nonbaitetik atera beharko duk, ezta?

M.A.- Bai. Nik ehun edo gehiago erlauntz ipintzen badizkiat, hortik dirua etor zitekek. Zenbat ez zekiat, baina agian urtean milioi erdia bai. Horrekin ez zegok ezer asko egiterik. Baina hori laguntza duk, eta erleen aitzakiz hi tzaldiak eman ditzakek. Erleei buruz hitzegiteak eman lezakek. Edo neguan, ia lo egoten direnez, beste lan batzuk egiteko sei hilabete izango nizkiake, eta gure Herrian lanik falta ez denez gero (dirua bai, falta duk, baina lanik ez), handik edo hemendik moldatuko nindukek.

E.- Eta erle horiek egiten duten eztiak ba al dik berezitasunik? Askotan entzun diagu "miei de la Alcarria"...

M.A.- Ikertzen oraintxe hasi nauk. Nere ustez, hemen ez duk sortu halako landarearen ezti jakin bat; erromero-eztia edo gaztainondo-eztia adibidez. Hemen ez bait zegok horrelako loraketarik. Hemen, mila loreko eztia sortzen duk. Gerta litekeena, zera duk: hemengo eztiaren berezitasuna kimikoa gehiago izatea. Hori egiaztatzeko zegok. Zein lorerekin egina dagoen bakarrik ez diagu aztertu behar. Horren batuketa hilabetez hilabete egin ondoren, udazkenean dena bat egiten denean, nahasketa nola eginda dagoen ikusi behar duk. Nahasketa horrek izango dik agian berezitasunen bat; glukosa gehiago duela, edo galaktosa gutxiago...

E.- Euskal Herrian ba al dago tradiziorik erlazantzan?

M.A.- Euskal Herrian Iparra eta Hegoa berezi behar direla uste diat. Araban eta Nafarroan bazegok benetako erlazantza, eta momentu honetan hemen Nafarroan, Iruñe inguruan eta hemendik behera Erribera aldean, badituk erlazain inportanteak. Produkzioa badagoela uste diat. Bestetik, kolonizazioa ere bazegok. Valentzi aldeko jendeak ekartzen dizkik erleak, erromero eta fruitu-arbolen loreaz probetxatzera.

Gipuzkoan eta Bizkaian, aurreko urteetan jende askok erlauntza gehiago eduki dik. "Gure aitak edo aitonak bazituen 20, 30..." eta horrelakoak entzuten dituk. Baina, jakina, beti ere lehengo estilo zaharreko erlauntzak hituen; kontrolik gabekoak, kontrolatzen zailak zirenak; ematen bazuten ondo, eta ematen ez bazuten, "urte txarra" esaten zen horietakoak. Baina egon duk, eta berriro ere badagoela uste diat, halako berpizte bat. Nere ustetan, gure aurrekoak erlezain baino gehiago erladun hituen.

E.- Euskal Herrian horri buruz dagoen tradizioa aztertu al duk?

M.A.- Bai zerbait bai. Ni baserriz baserri ibili nauk aurreneko erle-kopuruak eskuratzekotan. Eta horrela tratuan ari haizela, aurkitzen dituk halako tradizioak. Jendeak hitzegiten dik bere erleez. Orduan ohartzen dituk eta "beno, honek estimatzen dik edo bazekik" pentsatzen diate eta gauza bitxiak kontatzen dizkiate.

Zenbaitek ez dik dirurik jaso nahi, erleak saltzekoak ez direlakoan, eta nahiago dik pentsua edo laborea ordain hartzea. Beste batzuk ez diate kobratu nahi. Hori ere jasotzen duk. Jendeak, "hau ez duk egin behar", "halako tokitan ipiniki behar duk" eta horrela laguntzen diate. Edo "nere amak hau egiten zuen" edo "gure aita hil zenean, ama joan zen erleengana hila zela esanez" eta horrelakoak esaten dizkiate.

E.- Arriskugarria al duk erleekin lan egitea? Ziztadak eta...

M.A.- Arriskurik handiena erleak galtzea duk. Zenbait tokitan, behorretan eta erleetan ez dela interesik ipini behar ziotek, ze galtzeko arriskua ditek. Per tsonalki berriz kontuz ibili behar duk; oso mekanismo fuertea bait zeukatek erlauntza defendatzeko. Hara hurbiltzean, erlauntza zabaltzerakoan edo manipulatzerakoan behintzat, kontuz ibili behar. Zenbait gauza ez duk egin behar.

Esate baterako, kolperik ez jo, abaraska kolpetik erortzen ez duk utzi behar. Horrelako gauzek izutzen dizkiate erleak. Erlazain batzuk aritzen dituk ezer gabe; ez goante eta ez sare, eta bazirudik inmunizatu egiten direla. Neri, azken aldi honetan, ziztadek ez zidatek hainbesterainoko efekturik egiten. Batzuk, inmunizatzeko bidea hartzen ditek eta beste batzuk kontrakoa; gero eta sentikorrago bihurtzen dituk.

E.- Horretatik babesteko, zer egin?

M.A.- Beren defentsarako sistema ondo ezagutu behar duk. Akabatzen den erle bakoitzeko adibidez, hormona bat zabaltzen duk. Zazta egin eta erlea jotzen baduk lehertutakoan hormona bat zabaltzen duk eta gainotzeko erleek alarmatzat hartzen diate hori. Orduan, beste erle bat edo bi etortzen dituk, eta hauek akabatzen badituk, hiru alarma jo dituk. Handik alde egiten ez baduk, erle guztiek batera erasotzea gerta zitekek.

Horrelakoak gertatu izan dituk Animaliek (katu, txakur, ardi etab.ek) nor malean zaztatekoa sentitutakoan ihes egiten ditek. Astoek eta zaldiek ez ditek ihesik egiten; horiek aztarrika hasten dituk. Kontuz ibili behar duk, dena dela. Ni neroni ezer gabe hasi ninduan, eta gero erosi nizkian sareak, goanteak, buzoa, batak etab. Gero eta babestuago ibiltzen nauk, nahiz eta ziztadak efektu handirik egin ez

E.- Esker mila, Martxel.

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Saioa hasi

Erabiltzaile-izenik ez baduzu, eman izena

Pasahitza ahaztu zait

Jarraitu Zientzia.eus

Gehitu zure bloga

Zientzia app

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzula. Onartu
Informazio gehiago
Babesleak

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak (Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak) diruz lagundua

Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
Gipuzkoako Foru Aldundia