}

Malaria edo paludismoa, bi izen osasun-arazo ikaragarri batentzat

2002/10/03 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Malaria gaixotasun hilgarria da. OMEren datuen arabera, urtean 300 milioi lagun larri gaixotzen dira eta gutxienez milioi bat hiltzen dira malariaren erruz. Munduko populazioaren % 40k, batez ere herrialde pobreenetan bizi direnek, malaria jasateko arriskua dute.

XX. mendearen erdialdera arte, malaria gaur egun baino askoz ere hedatuagoa zegoen, eta ohikoa zen klima epeleko herrialde askotan. Orain, ordea, Saharaz hegoaldeko Afrikan gertatzen dira malariak eragindako heriotzen % 90, eta 30 segundotik behin ume bat gaixotzen da malariak jota herrialde horietan.

Bizkarroia eta eltxoa

Malaria aspalditik ezagutzen da , baina orain dela mende bat baino zerbait gehixeagora arte ez zekiten zerk sortzen duen gaitza. Garai batean, gaixotasunaren iturburua zingira kirasdunak zirela uste zen, eta hortik datorkio izena ('mal aria' edo aire txarra). 1880an, zientzialariek malariaren benetako erruduna zein zen jakin zuten: gizakiaren gibela eta globulu gorriak infektatzen dituen Plasmodium bizkarroi zelulabakarra. Geroago ikusi zuten Anopheles generoko eltxo emearen ziztadaren bidez transmititzen dela bizkarroia pertsona batetik bestera.

Gizakietan, Plasmodium -aren lau espeziek eragiten dute malaria:
P. malariae , P. vivax , P. ovale eta P. falciparum . Hain zuzen, azken horrek eragiten du malaria-mota latzena. Guztietan, Anopheles eltxoa da bektorea, eta ezinbestekoa da bizkarroia haren bitartez pasatzea zikloak aurrera egin dezan eta bizkarroiak gizakia kutsatzen duen itxura har dezan. Izan ere, Plasmodium -ak ziklo konplexua du, eta etapa guztiak ez ziren 1948ra arte ezagutu.

Malariaren zikloa

Eltxo emeak pertsona bati heltzen dionean, listuan dituen Plasmodium bizkarroiaren hasierako formak sartzen dizkio, esporozoitoak alegia. Esporozoitoak, sistema immuneari ihes egin eta, odol-zirkulazioaren bidez, gibelera iristen dira. Han, esporozoito bakoitzak eskizonte izeneko egitura berezi bat sortzen du, eta horietako bakoitzak milaka merozoito ematen ditu. Horrela,
12 egunetan, gibeleko zelula batek milaka merozoito edo bizkarroi gazte eduki ditzake. Eskizontea heltzen denean, merozoitoak odolera askatzen dira, eta berehala sartzen dira globulu gorrietan.

Globulu gorrien barruan, bizkarroiak bi eratara hazten dira, ziklo sexuala ala asexuala izan baititzakete. Ziklo sexualean, gametozito emeak eta arrak sortzen dira. Horiek odolean ibiltzen dira, eta eltxo eme batek heltzean, eltxoaren urdailean batzen dira. Urdailaren paretan oozistoak eratzen dira, eta egun batzuen ondoren, esporozoito ugari sortzen dira. Esporozoitoak eltxoaren listu-guruinean biltzen dira eta prest daude hurrengo ziztadaren bidez ostalariaren barnean sartzeko.

Bizkarroiak globulu gorriak kutsatu ondoren, zikloak aurrera egiten du eta azkenean globulua lehertu egiten da.

Bestetik, ziklo asexualean, bizkarroiak globulu gorrietan garatzen dira. Garatzeko, globulu gorrien hemoglobina erabiltzen dute, odolean oxigenoa garraiatzeaz arduratzen dena. Hasieran gibeleko zeluletan bezala, barruan merozoito ugari dituzten eskizonteak eratzen dira, eta heltzen direnean, lehertu eta berriro odolera askatzen dituzte merozoito horiek guztiak. Bide batez, globulu gorriak suntsituta gelditzen dira. Eta askoz gehiago suntsituko dira gaitza kontrolatzen ez den artean, askatu berri diren merozoitoek beste globulu gorri batzuk kutsatuko dituztelako.

Gaixotasun larria

Plasmodium -aren espezie batetik bestera zikloa pixka bat aldatu egiten da. Gaixotasunaren larritasunari dagokionez, adibidez, nabaria da P. falciparum -ek kalte handiagoa sortzen duela. Gainontzeko espezieetan, globulu gorri bat lehertzen den bakoitzean ez da hainbesterainoko kalterik eragiten. P. falciparum -aren kasuan, aldiz, bizkarroiak oso azkar ugaltzen dira eta globulu gorrien % 30 baino gehiago kutsa ditzakete. Nonbait, horren arrazoietako bat hau da: P. falciparum -ek globulu gorrien forma guztiak kutsatzen ditu. P. vivax -ek eta P. oval -ek, berriz, globulu gorri gazteak aukeratzen dituzte, eta P. malariae -k helduak besterik ez dituzte kutsatzen.

Malariaren lehen sintomak eltxoak ziztatu eta 9-14 egunera azaltzen dira, eta gripeak sortzen dituenaren antzekoak dira: sukarra, buruko mina, goragalea... Gaitzak aurrera egiten badu, anemia azaltzen da globulu gorriak suntsitzearen ondorioz. Gainera, garunera eta beste organo nagusietara odola iristea eragozten dute bizkarroiek, odol-hodiak buxatzen dituztelako, eta horrek, noski, arazo larriak sortzen ditu.

Malariaren aurkako borroka antzua

Zenbait tokitan, oinarrizko higiene-zerbitzuak eta estolderiak jartzearekin, malaria kontrolatzea lortu da, eltxoak ugaltzen diren lekuak desagerrarazi direlako. Baina herrialde askotan oraindik ez dute horrelako aurrerapenik; horretaz gain, 20-30 °C-ko tenperatura eta hezetasun handia dituzte, hau da, eltxoa ugaltzeko klima ezin egokiagoa. Horregatik, eltxoa akabatzeko beste bide batzuk probatu dira, batez ere intsektizidak. Horien artean, DDT poluitzaile arriskutsua ere erabili izan da. Baina eltxoak intsektizidekiko erresistentzia garatu du, eta gauza bera gertatu da bizkarroiaren aurka erabili diren botikekin.

Beste bide batzuk ere jorratu dira, bizkarroiak ostalariaren gorputzean betetzen duen zikloa etetean edota sistema immunea sustatzean oinarrituta. Jende askok itxaropen handia du Patarroyo ikertzailearen txertoan ere. Nolanahi ere, oraindik ez dago malariari aurre egiteko erabateko irtenbiderik. Horregatik, Anopheles eltxoaren eta Plasmodium bizkarroiaren kode genetikoa ezagutzeak bide berriak ireki ditu. Bien berri eman da Science eta Nature aldizkarietan, eta horrekin batera beste ikerketa asko plazaratu dituzte. Lan horren guztiaren ondotik etorriko ote da konponbidea?

Artikulu osagarriak:

Malaria transmititzen duen eltxoaren genoma agerian
Malaria eragiten duen mikroorganismoaren genoma deskodetu da

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia