}

Maitasuna itsua da

2001/03/05 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Hainbat orkidea-motek intsektu emeen usaina eta itxura daukate, horregatik ez da batere harritzekoa arrek loreak estaltzeko saioak egitea. Behar bada, bati baino gehiagori alferrikako lana irudituko zaio, baina orkideak intsektu ar sutsu horiei eskerrak emateko moduan daude. Izan ere, horrela polena hedatzen dute eta loreen ugalketarako ia ezinbestekoak dira.

Horretaz gain, polinizatu gabeko orkideak besterik ez zituztela estaltzen ikusi zuten ikerlariek, baina ez zekiten intsektuaren jokaeraren nondik-norakoa. Hilabete honetako Oecologia aldizkarian argitaratutako lanak, ordea, badu erantzuna. Dirudienez, orkideek intsektuei egiten dieten iruzurra zientzialariek uste zutena baino sakonagoa da.

Vienako Unibertsitateko ikerlariek Ophris sphenodes orkidea europarra aztertu dute. Landare horren loreek beren polinizatzaile bakarra den Andrena nigroaenea erle emearen itxura, kolore eta usain berdina dute. Ikerlariek ehun lore baino gehiagoren usaina kimikoki aztertu dute, erdiak polinizatu gabeak eta beste erdia polinizatu eta 1-4 egun ondoren.

Intseminatutako erle emeek hormona bat askatzen dute, eta ikerlariek ikusi dutenez, polinizatutako loreetan hormona bera azaltzeaz gain, hormona-kantitatea polinizatu gabeko orkideak duenaren bikoitza zela ikusi zuten. Bestalde, polinizatu gabeko orkidea bati hormona jarriz gero, erle arrak interes guztia galtzen zuela egiaztatu zuten. Andrena nigroaenea nahiko erle urria da, beraz, loreek nahiago dute arrak artean polinizatu gabeko loreak bisitatu ditzan dagoeneko polinizatuak daudenarekin denborarik galdu gabe.

Orkideetan aditu direnak harrituta gelditu dira berri horrekin, orkideak eta intsektu arren artean dagoen harremana uste baino askoz estuagoa dela egiaztatzen baitu.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia