}

LYme-ko gaixotasuna Kaparrek kutsaturiko infekzio-gaixotasuna

1998/04/01 Anda, Pedro | Barral, Marta | García-Moncó, J. Carlos | Garcia-Pérez, Ana Iturria: Elhuyar aldizkaria

Gaur egun Lyme gaixotasuna edo Lyme borreliosi izenez ezagutzen dugun gaixotasunak EEBBetan lehen aldiz deskribatu zeneko herriari zor dio izena. Izan ere, 1975ean EEBBetako ekialdeko Connecticut estatuko Lyme herriko umeen artean artritis-epidemia gertatu zen. Zenbait umeren amek arazoa osasun agintariei jakinarazi zieten, generoko kaparrek eragindako infekzioa izan zitekeela ondorioztatu zuen ikerketa sortuz (gaixotasunaren hedapena kaparrenarekin bat zetorrelako). Ikerketek aurrera egin zuten eta 1982an kaparrotan mikroorganismo bat aurkitu zuten; Borrelia burgdorferi izenez bataiatu zen bakterioa, aurkikuntzan parte hartu zuen Willy Burgdorfer doktorearen omenez. Gero, gaixotasunak jotako gaixoek mikroorganismo honen aurkako antigorputzak zituztela frogatu zen eta hauek gaixo batzuen odol eta likido zefalorrakideotik isolatu ahal izan ziren, gaixotasunaren kausa zirela erakutsiz.
Eritema migrans: Gaixotasun honen ezaugarria den larruazal-lesioa, handitzen eta argitzen doan eraztun itxurako lesio gorriska da. Ez da mingarria eta bere kasa ere desagertzen da. Baina, jakin behar duzu, ez dela gaixotasunaren eragina beti horretara mugatzen.
J.C. Garcia-Moncó

Ixodes

Hala ere, Europan XX. mendearen hasieratik ezagunak ziren gaixotasun honen agerpen klinikoak, bere kausak ezagutu baino urte asko lehenago. 1909an Afzelius dermatologo suediarrak “eritema migrans” deituriko azaleko lesioa deskribatu zuen. Frantzian 1922an Garin eta Bujadoux-ek eritema migrans-i loturiko arazo neurologikoak deskribatu zituzten. Gero, 1941-44 urteen artean, Bannwarth alemanak larruazal-lesio eta kaparraren ausiki osteko aldaketa neurologiko gehiago ikusi zuen. Kaparraren ausikiaren ostean agertutako anomalia neurologikoak gero eta sarriagoak eta ezagunagoak izan ziren Europako Erdialdean eta iparraldeko herrietan. Honela, arazo-mota hau Alemania, Suitza, Austria, Suedia, Finlandia eta Frantzian, besteak beste, arrunta bilakatu zen. EEBBetan agente kausala aurkitzean Europan arazo hauek sortzen zituen berbera zela frogatu ahal izan zen.

Espainian eritema migrans-a 1977an deskribatu zen, egun Euskal Herrian lanean diharduten dermatologo biren eskutik (Uruñuela eta Diaz doktoreak). Agente kausala ezagutu ostean, 1987az geroztik, gure geografiako leku ezberdinetan gaixotasun honen pazienteak deskribatzen hasi ziren. Egun Galdakaoko Ospitalean diharduen García-Moncó doktorearen ikerketa-taldeak isolatu zuen bakterio hau lehenbizikoz Cantabrian hartutako kaparretik.

Gaixotasun honekiko interesak gora egin du azken urteotan eta gaur egun kaparrek kutsaturiko gaixotasunik sarriena da. Hain zuzen ere, Euskal Herrian zenbait kasu kliniko diagnostikatu dira jadanik.

Gaixotasunaren sintomak gizakiarengan

Meningitis linfozitarioa ere eragin dezake Lime gaixotasunak. Meningitis hau aurpegiko paralisiari loturik joan daiteke, eta gorputzadarreko minari ere bai, gorputzadar hauen nerbio-erroen hanturagatik.
J.C. Garcia-Moncó

Lyme gaixotasunak, nerbio-sisteman eta bihotz, larruazal eta artikulazioetan sortzen ditu arazoak. Gaixotasun honen sintoma guztiak ez dira gaixo guztiengan agertzen. Maiatza eta iraila bitarteko hilabeteetan sarriago hartzen da infekzioa, batez ere nekazaritza-arloan eta mendirako txangoetan. Beraz, naturarekin loturiko hobbiak (mendirako txangoak, ehiza, etab.) eta lanbideak (abeltzaintza, basozaintza, erlezaintza, etab.) gaixotasunaren arrisku-faktoreak dira.

Infekzioa, bere tamaina txikiagatik eta minik gabekoa izateagatik, nabaritzen ez den kaparraren ausikiaren ostean hasten da. Egun batzuk geroago gaixotasun honen ezaugarria den larruazal-lesioa (eritema migrans) ager daiteke, eta gripearen antzeko sintoma orokorrekin elkartu (sukarra, nekea, min osteomuskularra, etab.). Eritema handitu eta argitzen doan eraztun itxurako lesio gorriska da. Bere neurria 2 eta 50 cm bitartekoa da. Ez da mingarria eta desagertu egin ohi da, baita tratamendurik gabe ere, hilabete bat edo biren buruan.

Aste edo hilabete batzuk geroago, bihotz edo nerbio-sistema mailan konplikazioak ager daitezke. Azken hauek dira, hain zuzen, Europan XX. mendearen hasieratik deskribatu zirenak. Meningitis linfozitarioa ager daiteke, sukarra, buruko mina, garondoko gogordura eta okadak izanik sintoma nagusiak. Likido zefalorrakideoa (muina eta burmuina bustitzen duena) ateratzeko ziztada lunbarra egiten denean, hanturazko zelulak (linfozitoak) ikus daitezke proteina-gorakada bati loturik, hau guztia meninge-hantura gertatu deneko seinale izanik. Meningitis hau aurpegiko paralisiari loturik joan daiteke, eta gorputzadarreko minari ere bai, gorputzadar hauen nerbio-erroen hanturagatik (erradikulitis). Agerpen kliniko hauek Garin-Bujadoux-Bannwarth sindromea izena dute, bere aurkitzaileen omenez.

Bihotzari erasotzen dionean nerbio-kinadaren transmisioan arazo bat agertzen da, behin-behineko taupada-markagailua behar duen blokeo aurikulu-bentrikularraz ezagutzen den berbera.

Kaparraren ausikiaren osteko hilabete edo urte batzuetan, artikulazio handiei (belaun, orkatila) erasotzen dien artikulazio-hantura (artritis), kasu batzuetan kronikoa, ager daiteke. Gainera arazo neurologiko kronikoak izan daitezke, esaterako nerbio periferikoen lesioa (polineuropatia) eta burmuineko lesioa (ibilera eta portaeraren aldaketak, etab.).

Gaixotasun honen diagnostikoa, pazienteen odolean antigorputzak aurkitzeari loturiko eritema migrans eta kaparraren ausikiaren aurrekarietan oinarritzen da.

Beti ere tratamendu zailagoa duten fase berantiarretara iritsi beharrik ez izateko garrantzitsua da ahal den lasterren neurriko diagnostikoa egitea eta tratamendu egokia ezartzea. Hasierako faseetan (eritema migrans) amoxizilina edo doxiziklina motako antibiotikoak erabiltzen dira eta fase berantiarretan zainpeko antibiotikoak (penizilina edo zeftriaxona).

Lyme gaixotasuna etxabereetan

Kaparrak parasitatzen dituzten ostalarien odoletik elikatzen diren artropodoak dira eta landareen zatirik altuenetan egoten dira animaliaren baten zain.
AZTI

Gizakiarengan diagnostikaturiko kasuez gain, zenbait animalia espezietan B. Burgdorferi dagoela baieztatu da. Hala ere, borrelia horrengatiko animalien infekzioak ez du gaixotasuna nahitaez agertuko denik esan nahi. Gaixotasuna ondo finkatua duten animaliei buruzko ikerketetan giza gaixotasunaren pareko sintomak deskribatu dira.

Txakurretan, esaterako, anorexia, sukarra, indargabetzea, gihar eta artikulazioetako minak, herrentasuna, artikulazioetako beroa eta hantura, eta aurreragoko estadioetan, artritis, miocarditis, giltzurrunetako asaldura eta portaeraren aldaketak azaltzen dira. Zaldietan, gogoaren beheraldia, anorexia eta argaltzea, sukarra, artikulazioetako min eta hantura eta herrentasunak. Behietan, kasu batzuetan abortuak eta esne-ekoizpena gutxitzeaz gainera sintomatologia bera deskribatu da. Ardietan, artritisarekin baino ez da lotu. Oraingoz Espainian txakurretan baino ez dira Lyme gaixotasunaren sintoma bateragarriak deskribatu.

Argitaratutako gainontzeko aipamenak Iparramerika eta Europako beste herrietatik datoz. SIMAn, anemia eta sukarraldi akutuaz jotako behi batzuen odola aztertzean, borrelia honen morfologiaren pareko bakterioekin loturiko odolaren protozooaren ( Babesia spp. ) kasu bat atzeman zen. Espezie hauetan, sintomatologia oso berarizkoa ez dela kausa, gaixotasun honen diagnostikoa ez da arrunta albaitarien eguneroko landalanean.

Kapar bektorea

Kaparrak parasitatzen dituzten ostalarien odoletik elikatzen diren artropodoak dira. Landareen zatirik altuenetan aurkitzen dira animaliaren baten zain larruari lotu eta honen odolaz elikatzeko. Euskal Herriko landaredian aurkitzen den kapar-motari buruz 1992-1993 bitartean eginiko ikerketa batean, Europan Lyme gaixotasuna eragin duen bakterioaren kapar kutsatzailea, Ixodes ricinus , espezie ugarienetako bat zela ohartu zen. Hezetasun erlatibo altua mantentzen duen landaredi zerratuetan egokiturik dago kaparra, eguzkiaren izpi zuzenen kontra babesturik. Kapar-multzo handienak basoalde zein alde irekietan aurkitu dira, baina espezie honetarako mikroklima egokia sortzen duen zuhaiska-erako landarediarekin (iratze, txilar eta ote zurian). Urte osoan indarrean irauten dute, baina bereziki udaberri eta udako hilabeteetako egun eguzkitsuetan eta larreratu diren abereekin.

Ixode ricinus bektorea. Kaparremeak heldu ostean animalia handi edota gizakiari lotzen zaio berriro. Bospasei egunez elikatu eta arrek ernaldu ondoren, berriz, landaredian erortzen da arrautzak errutera.
AZTI

Ixodes ricinusek , Euskal Herrian dauden beste zenbait espezieren modura hiru garapen-fase ditu: larba, ninfa eta helduaroa. Fase horietan ostalari baten odola xurgatu behar dute. Kaparreme helduak arrautzak landareetan erruten ditu eta, baldintza atmosferikoak egokiak direnean, 1 mm baino txikiagoko hiru hanka-pare dituzten larbak jaiotzen dira. Larbak, orokorki, hiruzpalau egunetan elikatzen dira basapizti txikiengandik eta, gero, lurrera jaisten dira, non azalberritutako ninfa bihurtzen diren. Hauek apur bat handiagoak dira (2 mm), lau hanka-pare dituzte eta orokorki basapizti txiki, etxabere edo gizakiarengandik elikatzen dira. Beterik daudenean lurrera erori eta azalberritu egiten dira heldu bihurtuz (ar edo eme) eta animalia handi edota gizakiari lotuz berriro. Kaparremeek bospasei egunetan elikatzen segitzen dute eta arrek ernaldu ondoren landaredian erori eta arraultzak erruten hasten dira berriro.

Lyme gaixotasuna sortzen duen bakterioa (Borrelia burgdorferi) kaparren garapenaren fase guztietan mantentzen da. Gordailua (zenbait herritan oreinak eta basasaguak hartzen dira gordailutzat), hau da, infekzioaren eramaile pasibo baten odola irenstean larbak infektatzea askotan gertatzen da. Ixodes ricinusen ninfa eta helduek gizakiari gaixotasuna kutsa diezaiokete ahalbide handiagoz.

Borrelia burgdorferiren agerrera Euskal Herriko kaparretan

Eusko Jaurlaritzaren Osasun Saila, Madrileko Majadahondako Carlos III Osasun Institutuko Mikrobiologia Sailarekin elkarlanean, Euskal Herriko kaparren populazioan borreliaren agerrera ikasteko proiektu bat garatzen ari da SIMAn. Kaparrak landareditik bildu eta laborategian prozesatu egiten dira, Borrelia burgdorferi duten edo ez aztertzeko teknika espezifikoak erabiliz. Bakterio hau isolatzeko kapar beratuak bitarte espezifikoan landuak erabiltzen ari dira. Erabiltzen ari den beste teknika bat, polimerasaren katea-erreakzioa da (PCR), honek kapar eramailean bakterioaren ADNa detektatzen du, eta teknika hau azkarra, berariazkoa eta nabariagoa dela ikusterik izan dugu. 1995-1997 urteen artean hamaika lekutan laginak hartu dira, eta hauetatik hamarretan Borrelia burgdorferi isolatu edo igarri da, Euskal Herriko Ixodes populazioetan bere agerrera baieztatuz. Laginak hartu diren inguruetako geografi hedapena kontuan hartuz, komunitate osoan infekzioa ondo hedatuta dagoela egiaztatu da. Hala ere, kapar infektatuen portzentaia txikia da orokorrean, nahiz eta alderdi bakoitzean nahikoa bestelakoa izan. Horrekin batera, isolatutako zepekin patogenizidade eta ager litezkeen genoespezieen ezagupenerako ikerketak egiten ari gara, Euskal Autonomi Elkartean nagusia den barietatea zehazteko. Epidemiologia-ikerketa, serologia-ikerketa batekin osatzen ari da biztanleriarengan infekzioaren seroprebalentzia ezagutzeko.

Orain arte, Euskal Herrian zenbait kasu diagnostikatu diren arren, Estatu Batuetan eta Europan diagnostikatu berria izateagatik, antza denez gaixotasun hau ez da kontuan hartzen diagnostiko bereizgarria egiteko garaian pareko sintomatologia duten beste gaixotasunekin. Gainera eragozpen handiena da, pazienteek oso gutxitan lotzen dituztela kaparraren ausikia eta aste batzuk geroago ager daitezkeen sintomak.

Gaixotasunaren prebentzioa

Bere lanbide edo zaletasunengatik naturarekin lotura dutenengan ausikiaren arriskua handiagoa da. Honela, artzain, nekazari, basozain, perretxiko-biltzaile, mendizale eta mendietako jolasguneetan eguna igarotzen duten familiek kaparren ausikiaren biktima izateko arriskua handiagoa dute eta, beraz, kontu handiz ibili behar da.

Ixodesen hipostoma. Kaparra kentzerakoan kontuz bee ahoaldea
hipostoma barruan ez uzteko. (AZTI

Ausikia saihesteko, praka luze edo galtzerdi altuak janztea komeni da, hala ere, kaparrak arropetatik igo ahal dira eta larruazalean itsatsi. Horregatik, mendirako txango baten ondoren, ibili garen tokiak lehen aipaturiko ezaugarriak baditu, neurririk zuzenena larruazala eta jantziak arakatzea da kaparren bila. Argitaratutako ikerlanen arabera, kaparrak gaixotasuna kutsatzeko 24 eta 48 ordu bitartean egon behar du larruazalari loturik, horregatik lehenbailehen kentzeko garrantzia. Kaparra zenbat eta denbora gehiago egon den elikatzen orduan eta gaixotzeko arrisku gehiago dago.

Kapar bat kentzeko modurik onena, matxarda batekin larruazaletik ahalik eta hurbilen eutsi eta modu iraunkorrean norabide berean kanporantz erakartzea da, osorik ateratzen saiatuz, hau da, larruazalean sartzen duen bere ahoaldea (hipostoma) barruan utzi gabe. Kaparrak kentzeko, alkohol, olio, gasolina edo bestelako substantziaz busti edo zigarroaz erretzeko herri-ohiturak ez dira gomendagarriak, zeren eta erantzun gisa, kaparrak bakterioak dauden hesteko edukia injekta diezaioke bere biktimari, gaixotasunaren kutsadura erraztuz.

Kaparraren kontrola

Nekazaritza-arloan kaparren ugaritasuna kontrolatzeko neurrien artean, gauzatzeko erraz eta arruntena etxabereei parasitokontrako tratamenduak ematea da. Adibidez, txakurrei garranga, txanpu, hauts edo soluzio topikoak. Abeltzaintzako abereei, infekzio arrisku handieneko sasoietan, intsektizida bainu, spray edo produktuaren dosia zuzenean bizkarrezurrean ematen diren “pour-on” sistemaz banatzen da. Tratamendu hauekin abereak parasitatuak izatea saihesten da eta, gainera, kaparrak elikatzeko garaian ostalari bat topatzeko zailtasuna areagotu egiten da, kaparraren zikloa moztuaraziz.

Beste alde batetik, arrisku guneetan landaredian zuzenean intsektizidak erabiliz borrokatu ahal da. Intsektizida bat erabiltzean, ingurunean eragin daitekeen ondorio negatiboa kontuan hartu behar da, kaparren kontra ezezik lurreko fauna guztiaren kontra eragiten baitu eta, gainera, saltzen diren zenbait produktu ingurunean oso iraunkorrak baitira. Borrokatzeko modu hau, infekzioaz gain Ixodes ricinus kaparraren populazio handiak dauden arrisku-eremuetan baino ez da gomendatzen.

Kaparren habitata aldaraztea da beste bide eraginkorra, hau da, eremu problematikoetan zuhaiska-landaredia modu mekanikoan aldizka soiltzea. Aipatzen diren beste bide batzuk, kontrolatutako erreketa edo tratamendu belargaltzaileak dira, zeren eta mikroklima aldatzean kaparrak agerian geratzen dira, bai neguko hotzaren aurrean baita hilabete berotsuen eguzkipean.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia