}

Lurrikara Txernobilgo hondamendiaren 25. urteurrenean

2011/03/18 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Apirilaren 26an 25 urte beteko dira Txernobilgo hondamendia gertatu zela. Horrelako datak aproposak izaten dira gertatutakoa oroitzeko. Aurten, baina, lehenago berritu zaigu denoi oroimena: Japoniako Fukushima zentraleko istripuak ekarri digu gogora ordukoa. Horri guztiari buruzko gogoeta egin dute, besteak beste, Igor Peñalva eta Jose Ramon Etxebarria ingeniari nuklearrek. OHARRA: Erreportaje hau Elhuyar Zientzia eta Teknologi a aldizkariaren apirileko zenbakian argitaratzeko prestatu dugu (274. zenbakia), Txernobilen 25. urteurrenaren harira. Gaiak hartu duen gaurkotasuna dela eta Interneten lehenago argitaratzea erabaki dugu. Apirileko zenbakian artikulu honetaz gain, Txernobili buruzko informazio osagarria ere aurkituko duzu.
Fukushima Dai-ichi zentral nuklearra. martxoaren 14ko argazkia
Iturria: DigitalGlobe

Astebete igaro da Japonian inoiz neurtutako lurrikararik handienak herrialdea astindu zuenetik, eta, Fukushimako Daiichi zentralean azkenean zer gertatuko den ez dakigun arren, askok Txernobilgo hondamendiarekin parekatu dute dagoeneko. Izatez, bata eta bestea ez dira berdinak; ez istripuaren abiapuntuan, ez ondoren hartutako neurrietan, ez komunikazioan. Baina puntu berberen gaineko gogoeta piztu dute biek. Izan ere, orduan bezala orain, nagusiki hiru gairen inguruan bildu dira eztabaidak: segurtasuna, gardentasuna, eta industria nuklearraren etorkizuna.

Segurtasunari buruzko eztabaida, gainera, aldatzen joan da martxoaren 11tik, egunak igaro ahala egoera gero eta larriagoa zela ikusita. Hasiera batean, ez ziren gutxi uste zutenak Fukushimako zentralak ondo eutsi ziela lurrikarak eta tsunamiak eragindako kalteei, eta horrek erakusten zuela zentral nuklearrak seguruak zirela eta arriskuei aurre egiteko prestatuta zeudela.

Hain zuzen ere, zenbaiten iritziz, segurtasun-kultura garatzea eta hedatzea ekarri zuen Txernobilgo hondamendiak. Iritzi horretakoa da, adibidez, Igor Peñalva Bilboko EHUren Ingeniaritza Eskolako irakaslea, Ingeniaritza Nuklearra eta Jariakinen Mekanika Sailean.

Peñalvak azaldu duenez, Txernobilgoa gertatu zen garaian, segurtasuna ez zen lehentasunezko gaia Sobietar Batasunean, ez zentral nuklearretan, ez bestelako industrietan. Ezbeharrak, baina, agerian utzi zuen segurtasun-neurriak hartzeko premia.

Igor Peñalva
EHUren Bilboko Ingeniaritza Eskolako
irakasle da Igor Peñalva, Ingeniaritza
Nuklearra eta Jariakinen Mekanika
Sailean. ARG.: ANA GALARRAGA.

Segurtasun-neurrien eraginkortasuna agerian jartzeko, Estatu Batuetako Three Mile Island zentralaren kasuarekin alderatu du Peñalvak: "Txernobilgoa gertatu baino zazpi urte lehenago, antzeko istripua izan zen Estatu Batuetako zentral hartan. Han ere, nukleoa urtu egin zen, Txernobilen gertatu zen bezalaxe. Baina, neurri batean, estatubatuarrek garatua zuten segurtasun-kultura, eta kalteak Txernobilgoak baino askoz txikiagoak izan ziren. Zentral nuklearretan izandako istripu handienetakoa izan zen arren, ez zen inor hil, ez gaixotu, ingurumenean ez zuen kalterik eragin..."

Ez dago "zero arriskua"


Batean eta bestean ondorioak hain desberdinak izatean garrantzia handia izan zuen zentralaren diseinuak. Hain juxtu, mendebaldeko zentralek ez bezala, Txernobilgo erreaktoreek ez zuten istripu-kasuetan erradioaktibitatea kanporatzea eragozteko inolako egiturarik. "Three Mile Islandekoak bazuen konfinamendu-egitura, eta, horri esker, erradioaktibitateak ez zuen ihes egin. Bada, gaur egun zentral nuklear guztiek dituzte halako egiturak", dio Peñalvak.

Jimmy Carter, Estatu Batuetako
orduko lehendakaria, Three Mile
Island uzten, istripuaren ondoren.
Istripu hori Txernobilgoa baino
7 urte lehenago gertatu zen, eta,
haren antzekoa izan bazen ere,
ondorio askoz ere arinagoak izan
zituen. ARG.: ESTATU BATUETAKO ARTXIBOA.

Are gehiago: segurtasun-neurriak ahalik eta gehien indartu dira orain diseinatzen ari diren zentral nuklearretan, IV. eta IV.+ belaunaldikoetan. Hala, Peñalvaren esanean, "erreaktoreren batean istripu bat gertatzen bada, eta gerta daiteke, pertsonok akatsak egiten baititugu, kate-erreakzioa geratzeko prest dago sistema."

Dena den, Peñalvak aitortu du "zero arriskua" ezinezkoa dela. Eta horixe erakutsi du Fukushiman gertatutakoak. Berez, Japoniako zentral nuklearrak munduko seguruenetakotzat jotzen ziren. Izan ere, lurralde hura astintzen duten lurrikarei eta tsunamiei aurre egiteko prest egon behar zuten, eta, horretarako, neurri bereziak zituzten. Bada, Peñalvaren ustez, neurriak "eraginkorrak direla" frogatu da Fukushiman: "Azken finean, akatsa ez da erreaktorean gertatu, baizik eta elektrizitate-horniduran, eta horrek ekarri du, azkenean, hozte-sistemek huts egitea, eta, horren ondorioz, erreaktoreen nukleoak urtzeko arriskuan egotea".


Horrez gain, konfinamendu-egituretan pitzadurak agertu dira. "Baina kontuan izan behar da Ritcher eskalan 9 graduko lurrikara bat izan dutela, eta atzetik tsunami bat etorri zaiela. Eta oraingoz izan diren hildako guztiak horren eraginez hil dira, ez erradioaktibitateagatik".

Aukera-kontua

Bestelako ikuspuntua dute, ordea, beste ingeniari nuklear batzuek; tartean, Jose Ramon Etxebarria ingeniaritzan doktoreak. Txernobilgo ezbeharra gertatu zenean, Lemoizen zentrala egitearen aurkako eztabaidan bete-betean zebilen. Orain, 25 urte geroago, eta dagoeneko gaian hain sartua ez dagoela aitortzen duen arren, ez du bat egiten Peñalvaren ikuspegiarekin.

Jose Ramon Etxebarria
Ingeniaritzan doktorea,
fisika-irakasle izan da, eta orain
euskarako eskolak ematen ditu
EHUren Bilboko Ingeniaritza Eskolan.
ARG.: GAIZKA EGUZKIZA/AIKOR! ALDIZKARIA.

Etxebarriaren iritziz, guztiz eztabaidagarria da segurtasunaren auzia: "Segurtasun-kultura horretan, arriskua egon badagoela onartzen dute, eta gero diote prest daudela arrisku bat beren gain hartzeko. Baina zergatik onartu behar dugu hori denok; noraino da arrisku bat onargarria, eta nondik aurrera ez? Kontua da nik ez dudala arriskurik hartu nahi."

Bestalde, zalantzan jartzen du industria nuklearrarentzat segurtasuna lehentasunezkoa dela: "Begira, bestela, zentralen kokapenari. Non daude, non egin dituzte? Fukushimakoa Japonian dago, bi plaka tektonikok talka egiten duten lekuan. Eta herrialde osoan beste 50 erreaktore nuklear dituzte. Baina Japonia ez da salbuespena; munduko beste leku askotan ere, eremu ezegonkorretan egin dituzte zentralak. Hor daude Kaliforniakoak, eta Txilen ere egin nahi zituzten. Txilen!"

Zentralen diseinuari buruz ere ez dago ados Peñalvarekin: "Hor ere aukera egin dute. Aukera zezaketen zentral asko eta txikiak egitea. Garestiagoa da, baina handiak baino seguruagoak dira zentral txikiak, erreaktore bakarrekoak. Fukushiman, baina, sei erreaktore daude, eta bata bestearen atzetik hasi dira huts egiten; bakarra izan balitz, arazoa dutena baino sei aldiz txikiagoa litzateke". Etxebarriaren ustez, zentralak egitean segurtasunari baino ekonomiari garrantzia handiagoa ematen diotela adierazten du horrek.
Aukera egitearen harira, zenbaterainoko arriskua hartu nork erabaki beharko zukeen galdetuta, horren gaineko eztabaida sustatzea beharrezkotzat jo dute nola Etxebarriak hala Peñalvak.

Gardentasuna auzitan

Segurtasunak ez ezik, gardentasunaren gaiak ere era askotako iritziak bildu ditu; askotan, kontrajarriak. Igor Peñalvak, esaterako, uste du oraingoan arduradunek gardentasunez jokatu dutela, Txernobilen ez bezala.

Txernobilgo zentral nuklearra, gaur egun. ARG.: NICHOLAS LATIVY/ ESKUBIDE BATZUK ERRESERBATUTA

Hain juxtu, Txernobilgo erreaktoreak ezbeharra izan zuenean, hango agintariek isildu egin zuten gertatutakoa. Bi egunen buruan, baina, Suediako Forsmark zentral nuklearreko langileek partikula erradioaktiboak detektatu zituzten arropetan. Hasieran, arazoa beren zentralean zegoela pentsatu zuten, baina, aukera hori baztertutakoan, erradioaktibitatearen jatorria handik 1.100 kilometrora zegoela ohartu ziren. Txernobilen, alegia.


Peñalvarentzat, horrek garbi erakusten du erradioaktibitatea ezin dela ezkutatu, "eta hori, gardentasunaren ikuspuntutik, ona da", ondorioztatu du. "Izan ere, industria nuklearrak badaki hori, eta, beraz, kontrola etengabekoa da".
Adibidez, Europan airearen erradioaktibitate-maila neurtzen duen sare bat dago, "eta guk parte hartzen dugu sare horretan", azaldu du Peñalvak. "Bilboko kontrol-estazioa hemen bertan dago, ingeniaritza-eskolaren teilatuan, beste bat dago Gasteizen, beste bat Donostian... Hauek Espainiako sarean daude, eta Espainiakoa, Europakoan. Beraz, ihes txikiena gertatuz gero, berehala jakingo genuke, Garoñan izan zein askoz urrutiago izan".


Japonian ere gardentasunez jokatu dutelakoan dago: "Fukushimako zentralak erreaktore bakoitzaren egoeraren berri eman du maiztasun jakinarekin, eta datu horiek publikoak dira. Erradioaktibitate-mailarekin ere, berdin: beti jakinarazi dute zein den erradioaktibitate-maila, eta, gainera, horren araberako neurriak hartu dituzte, biztanleen eta langileen segurtasuna bermatzeko asmoz".
Jose Ramon Etxebarria, baina, fidakaitza da arduradunekiko eta agintariekiko. "Ni ez naiz fidatzen", dio. "Ez dut ukatzen sare hori dagoenik, eta neurketak egiten dituzten pertsonak zintzoak direnik, baina ziur naiz agintariek erradioaktibitate-emisioa ezkutatzeko aukera izan balute hala egingo zuketela, Txernobilen gertatu zen bezalaxe".


Izatez, egun hauetan herrialde batek baino gehiagok leporatu dio Japoniari egoeraren larritasuna ezkutatu edo txikitu izana. Hala, martxoaren 14ean, Japoniak istripua 4koa zela esaten zuen bitartean (INES eskalan, ondorio lokalak dituen istripua), 5-6koa izan zitekeela adierazi zuen Frantziako Segurtasun Nuklearreko Agintaritzaren lehendakariak (ondorio zabalak dituen istripua, edo istripu larria). Bi egun geroago, berriz, New York Times egunkariaren arabera, Japoniako arduradunek egindako ohartarazpenak "eskasak" izan zirela ondorioztatu zuen Estatu Batuetako gobernuak, eta, nahita edo nahi gabe, erreaktoreetan gertatzen ari zenaren arriskua "gutxietsi" zutela.
Zientzia-komunikabide batzuek ere salatu dute informazioa ezkutatu dela, edo, behintzat, ez dela guztia jakinarazi. Esaterako, Nature zientzia-aldizkariaren blogean, artikulu esanguratsu bat argitaratu zuten martxoaren 14ean, hurrengo izenburuarekin: Nuclear test ban agency has valuable radiation monitoring data from Japan nuclear accident -- but can't share them .

Declan Butler da sarreraren egilea. Haren esanean, CTBTO nazioarteko erakundeak bonba nuklearren probak detektatzeko ardura du, eta mundu osoa hartzen duen sare baten bidez neurtzen ditu erradioaktibitate-maila eta beste parametro batzuk. Hortaz, erakunde horrek Fukushimatik ihes egindako erradioaktibitatea ere neurtu du, baina, informazio hori argitara emateko baimenik ez duenez, ezin da jakin zer datu jaso dituen.

Industria nuklearraren etorkizuna

Zurrunbilo horren erdian, industria nuklearra dago. Duela 25 urte, Txernobilgo ezbeharrak zuzenean eragin zion industria nuklearrari. Garai hartan, energia nuklearraren alde egitekotan ziren herrialde batzuek, Italiak kasurako, atzera egin zuten. Lehendik zentralak bazituzten beste batzuetan, berriz, zeudenek martxan jarraitu zuten, baina ez ziren berriak eraiki. Hori gertatu zen Espainian, eta, tartean beste faktore batzuk ere baziren arren, horregatik geratu zen bertan behera Lemoizko proiektua, Peñalvaren ustez. "Eta gauza bera gertatu zen Europa osoan, Frantzian izan ezik".

Azkenaldian, baina, joera aldatzen ari zen. Klima-aldaketari aurre egiteko aukera onena energia nuklearra dela argudiatuta, gero eta aditu eta agintari gehiago ari ziren azaltzen energia-iturri horren alde. Hala, Japoniako lurrikara gertatu aurretik, guztira 53 zentral ari ziren eraikitzen munduan, 142 planifikatuta zeuden, eta 327, proposatuta. Europan, adibidez, Italian, Britainia Handian, Frantzian eta Finlandian zuten zentralak egiteko asmoa edo eraikitze-lanetan ari ziren, eta Europatik kanpo ere, beste herrialde askok asmo berberak zituzten: Brasilek, Txinak, Estatu Batuek, Indiak, Argentinak...

Birkarga bat egiten, Garoñako
Santa Maria zentralean.
ARG.: GAROÑAKO SANTA MARIA.

Horrez gain, lehen eraikitako zentralen bizitza luzatzen ari ziren zenbait lekutan; urrutira joan gabe, Garoñan. Berez, zentralen bizitzak 40 urteko muga zuen Espainian, baina Garoñarekin salbuespena egitea erabaki zuen gobernuak, eta 2013ko uztailean ixtea erabaki zuten. Orduan, 42 urte izango ditu zentralak.

Urte hasieratik, gainera, zenbait eragile, tartean zentralaren jabe den Nuclenor enpresa, zentraleko langile-sindikatuak eta inguruko herrietako alkateak, epea luzatzeko eskatzen ari ziren, eta Espainiako Segurtasun Nuklearreko Kontseiluak, CSNk, adierazi zuen, hasiera batean, teknikoki ez dagoela arazorik itxiera 2019ra arte atzeratzeko.

Igor Peñalvak ere ez du uste martxan jarraitzeko arazorik izango zukeenik, itxura batean behintzat: "Nik aukera izan dut Garoña barrutik ezagutzeko, eta atzo bertan eraikitako zentral bat dirudi. Eta logikoa da, Nuclenorren asmoa 2019ra arte martxan jarraitzea baita".

Pauso esanguratsua izango litzateke, Garoñakoa baita Espainiako zentralik zaharrena. Hain zuzen, Fukushimako zentralaren mota berekoa da, II. belaunaldikoa. Espainian dauden beste zazpiak III. belaunaldikoak dira, eta Frantzian, berriz, II. eta III. belaunaldiko 58 erreaktore nuklear daude.

Fukushimako Daiichi izena du balaztak

Alabaina, Fukushiman gertatzen ari denak balazta jarri dio industria nuklearraren hedapenari. Dagoeneko, Garoña 2013an behin betiko ixteko eskatu dute Eusko Jaurlaritzak, talde ekologistek eta beste gizarte-eragile batzuek. Eta Espainiako lehendakariak, José Luis Rodríguez Zapaterok, Garoñakoak ez ezik, zentral guztien segurtasun-neurriak berrikusteko agindu du.

Europako Batasuneko beste herrialdeetako lehendakariek ere antzeko adierazpenak egin dituzte. Agian zorrotzenak Angela Merkel Alemaniako buruarenak izan dira. Besteak beste, honakoa adierazi zuen martxoaren 16an: "Energia berriztagarriaren aroan sartu nahi dugu, ahalik eta azkarren". Ordurako bertan behera utzia zuen zentral nuklearren bizitza luzatzeko plana.

Europatik kanpoko herrialdeek ere antzeko erreakzioak izan dituzte. Adibidez, Txinak esan du ez duela zentral berriak eraikitzeko baimenik emango, segurtasun-arauak berraztertu arte.

Badirudi zentral gehien dituen herrialdeak ez duela energia nuklearrari uko egiteko asmorik. ARGAZKIA: Wael Attil
CC

Estatu Batuetan, berriz, Barack Obama lehendakariak zentralen segurtasuna eta eraginkortasuna hobetzeko azterketak egiteko eskatu zuen Japonian lurrikara gertatu eta lau egun geroago. Hurrengo egunean, hala ere, 36.000 milioi dolarreko mailegua eskatu zuen kongresuan Steven Chu Energia Idazkariak, 2012an industria nuklear estatubatuarra bultzatzeko. Horrenbestez, badirudi zentral gehien dituen herrialdeak ez duela energia nuklearrari uko egiteko asmorik.

Edonola ere, Jose Ramon Etxebarria eta Igor Peñalva ados daude Fukushimakoa industriaren etorkizunarenzat kaltegarria izango dela. Etxebarriaren hitzetan, Fukushimakoa "zaplazteko bat" izan da haientzat. Peñalvak ere hori aitortzen du, baina onerako izateko aukera ere ikusten dio: "Azkenean Fukushimako zentrala kontrolatzea lortzen badute, industriak bere irudia garbitzeko eta propaganda egiteko ere erabil dezake. Kasu horretan, indartuta aterako litzateke krisi honetatik".

Sakoneko eztabaida

Denborak esango du zer ondorio dituen Japoniako hondamendiak industria nuklearrean. Etxebarriak, dena den, "benetako eztabaida" beste bat dela uste du: "Niretzako, gizarte-mota da honen guztiaren azpian dagoena. Nolako gizartea nahi dugu? Gaur egungo mendebaldeko gizartean, helburu nagusia hazkundea da. Haztea da ona: iaz baino gehiago irabaztea, iaz baino handiagoa izatea. Eta hazteko, beharrezkoa da energia kontsumitzea. Gero eta energia gehiago behar dugunez, energia nuklearra ere behar dugu".

Etxebarriaren esanean, orain batzuk eztabaidatzen ari dira eredu hori egokia ote den: "Desazkundea aipatzen dute orain ekonomialari eta gizarte-eragile batzuek. Eta ni horren alde nago. Ikasi dut kontsumoan ez dagoela zorionik, eta beste era bateko bizimoduarekin, energia gutxiago kontsumituz, zoriontsuagoa naizela. Horregatik, esaten dutenean zentral nuklearrak ezinbestekoak direla, nik galdetzen diet: eta zergatik? Energia behar dugulako? Nik ez, eta nik bezala pentsatzen dute beste batzuek ere".

Peñalvak bestelako iritzia du: "Nire ustez, errealistak izan behar dugu, eta kontsumitzen dugun energiaren zati bar sortzeko, jarraitzen dut pentsatzen energia nuklearra aukera ona dela".

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia