Lurreko tenperaturak igotzen jarraituko du XXI. mendearen erdi aldera arte
2002/04/22 Orobengoa, Olatz - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa
Hurrengo hamarkadetan Lurraren tenperatura igo egingo omen da, berotegi-efektua eragozteko edozein ahalegin eginda ere.
Bi talde ezberdinek egin dituzte klima-aldaketari buruzko ikerketa sakonak eta bietan antzeko emaitzak lortu dira: dirudienez, hurrengo hamarkadetan ere tenperaturak igotzen jarraituko du eta
1990eko hamarkadako batez besteko tenperaturarekin konparatuz, 2020.urterako
0,3 eta 1,3 °C bitartean igoko da mundu osoan. Agian gizakiarentzat hain nabarmena izango ez den arren, glaziarrak urtzeko eta klima aldatzeko bezainbat igoko dela uste dute zientzialariek.
Tenperaturaren igoera eragozteko egin daitezkeen ahaleginek ez dute berehalako efekturik, eta, hori dela eta, XXI. mendearen erdi aldera arte tenperaturak igotzen jarraituko du. Hala ere, gaur egun isurtzen diren gasen kopurua gutxituz gero, epe nahiko luzera aldaketak lor daitezkeela uste dute zientzialariek.
Talde bakoitzak metodo ezberdina erabili du ondorio horretara heltzeko. Batetik, Bernako Unibertsitateko R. Knutti-ren taldeak eredu nahiko sinplea erabili du klimaren bilakaera iragartzeko. Klima baldintzatzen duten milaka parametro hartu eta zoriz konbinatu ostean, klimaren beroketa eragin dezaketen faktoreak aztertu dituzte. Metodo azkarra den arren, ez da oso zehatza. Bestetik, Britainia Handiko taldeak metodo askoz zehatzagoa erabili du. Horretarako ozeanoetan eta kontinenteetan gertatzen diren aldaketak batera hartu dituzte kontuan.
Emaitza horien plazaratzeak bat egin du IPCCko lehendakari zen Robert Watson-en kaleratzearekin. IPCC, Intergovernmental Panel on Climate Change , Nazio Batuen barruan klima-aldaketaren inguruan lan egiten duen erakundea da. Klimaren inguruko azterketak egin eta plazaratzen ditu, eta Robert Watson izan da orain arte erakundearen bozeramaile eta lehendakari. Erakundea asko politizatzea leporatu diote, eta hori dela eta bota dute kargutik. Watson-ek klimaren aldaketan eragile nagusia gizakia dela argi utzi du betidanik, eta bere erakundearen barruan dagoenetik lorpenik handiena Kiotoko protokoloa sortzea izan da. Orain, bere ordez, Rajendra Pachauri ingeniaria izendatu dute lehendakari.
Talde ekologistek oso gogor kritikatu dute erakundearen erabakia, Pachauri Estatu Batuek bultzatu duten hautagaia baita. Gainera, horien esanean, kaleratzearekin ahots kritikoa zena isilarazi nahi izan dute, IPCCk plazaratutako datuak Estatu Batuen interesen aurkakoak izan baitira orain arte.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia