Lur arraroen ordezko material baten ezaugarri magnetikoak aztertu dituzte NUPeko ikertzaile batzuek. Bi artikulutan argitaratu dituzte emaitzak, Materials Today Nano eta Small aldizkarietan. Lanek kobaltoarekin dopatutako burdin oxidozko nanopartikulen propietate magnetikoei buruzko ezagutza berriak ematen dituzte. Material horiek interesgarriak dira lur arraroekiko mendekotasun txikiagoa duten etorkizuneko teknologia magnetikoak garatzen laguntzeko.
Lur arraroak elementu estrategikoak dira hainbat teknologiatarako; esaterako, ahalmen handiko iman iraunkorrak egiteko, zeinak motor elektrikoetan, energia sortzeko sistemetan eta gailu elektronikoetan erabiltzen baitira. Bada, lur arraroen ordezko materialak bilatzea da gaur egun Europar Batasunak identifikatutako lehentasun zientifiko eta teknologikoetako bat, kanpoko hornidurekiko mendekotasuna murrizteko.
NUPeko ikerketek aztertu dute kobaltoa sartzeak eta egitura kristalinoaren barruan banatzeak nola aldatzen duen nanopartikulen portaera magnetikoa. Bereziki, anisotropia magnetokristalinoaren jatorri mikroskopikoa hobeto ulertzeko aukera ematen dute lanek. Propietate hori magnetizazioaren egonkortasunarekin dago lotuta, eta funtsezkoa da material magnetiko aurreratuak diseinatzeko.
Horretarako, sinkrotroi erradiazioan eta neutroi difrakzioan oinarritutako karakterizazio-teknika aurreratuak erabili zituen taldeak, nazioarteko hainbat ikerketa-zentroekin lankidetzan. Ikertzaileek adierazi dutenez, lortutako emaitzek tresna berriak eman dituzte material nanoegituratuen propietate magnetikoak ulertzeko eta kontrolatzeko, eta material magnetikoen etorkizuneko belaunaldiak zentzuz garatzen laguntzeko.
Egoitz Etxebeste Aduriz
Elhuyar Zientzia



