}

Lindanoa Barakaldon: amesgaiztoaren amaiera hurbilago

1999/08/01 Mujika, Alfontso - Elhuyar Fundazioa Iturria: Elhuyar aldizkaria

Historia pixka bat


XX. mendearen bigarren erdiaren hasieran Bizkaian azkar hazi zen industria kimikoa, baina hazkunde hori ingurugiro-arazoei bizkar emanda gertatu zen eta zoritxarreko herentzia utzi zuen: kutsadura eta,

IHOBE

zehatzago esanda, hondakinak eta lur kutsatuak. Ibaizabalen ezker ibarrean herentzia horrek badu izena: lindanoa.Lindanoa pestizida organokloratua da, hexakloroziklohexanoaren, hau da, laburtzearren HCH esaten zaionaren, isomeroetako bat. HCHak 5 isomero ditu, baina haietariko bakar batek, gamma isomeroak, balio du intsektuak hiltzeko: horixe da lindanoa.

Lindanoa ekoizteko lehengaiak bentzenoa eta kloroa dira. Erreakziotik bost isomeroak nahasita lortzen dira eta ondoren lindanoa gainerakoetatik bereizi egin behar da. Gainerako isomeroek ez dute ezertarako balio, hau da, hondakinak dira. Kilogramo bat lindano ekoizteko 9 kilogramo HCH hondakin sortzen dira. HCHa oso toxiko eta arriskutsua da giza osasunerako eta ingurugirorako. Izan ere, Osasunerako Mundu Erakundeak HCHa produktu kartzinogenoa balitz bezala maneiatzea aholkatzen du. Bizkaian kokatutako bi enpresak lindanoa fabrikatu zuten hainbat hamarkadaz eta HCHzko hondakin gehienak inolako kontrolik gabe bota zituzten inguruko zabortegietan. Gainera, Barakaldoko Bilbao Chemicals enpresak 1987an fabrika itxi zuenean lau mila eta bostehun tona HCH puru metatuta utzi zituen bere pabilioietan. Zoritxarreko "ondare" hori bizkaitarren eta, batez ere, barakaldarren amesgaiztoa izan da eta da oraindik.


Konponbide bila

Eusko Jaurlaritzaren Ingurugiro Sailak arazoari heldu zion eta, IHOBE Ingurugiroa Kudeatzeko Enpresa Publikoaren bidez, aukeran zeuden konponbide edo irtenbide guztiak aztertu ondoren bi irtenbide proposatu zituen: bata lur kutsatuetarako eta bestea HCH pururako.


Lur kutsatuetarako segurtasun-biltegia

Gaur egun, lurrarekin eta beste industri hondakinekin nahasita dagoen HCHa deuseztatzeko prozesu teknikoki eta aldi berean ekonomikoki bideragarririk ez dagoela eta, lur kutsatu horiek aldi baterako, hau da, arazoa behin betiko konpontzeko irtenbide teknologikoa aurkitu arte, segurtasun-biltegietan gordetzea hautatu da (Honi buruzko informazio gehiagoElhuyar Zientzia eta Teknikaren 1996ko otsaileko zenbakian aurki daiteke).

HCHa zaku handietan -big-bag direlakoetan- gordeta dago instalazioa eriki den lekuan, Bilbao Chemicals enpresaren pabilioia izandakoan.
IHOBE

Segurtasun-biltegiak gai arriskutsuak gordetzeko egiturak dira, gai horiek isolatu eta ingurunera iristea galarazten dutenak. Irtenbide hori dagoeneko beste herrialde batzuetan erabili da, hala nola Frantzian eta Herbehereetan, eta ontzat ematen da nazioartean. Izan ere, lindanoaren hondakinen arazoa ez da gurea bakarrik, nazioartekoa ere bada.

Ibaizabalen eskuin ibarrean kutsatutako lurrak gordetzeko, segurtasun-biltegi bat eraiki da Loiun, Bilboko aireportuaren lurretan. Duela urtebete amaitu zen. Ezker ibarreko lur kutsatuak ere Loiukoa bezalako segurtasun-biltegi batean gordeko dira. Barakaldoko Argalario mendiaren magalean kokatuko da biltegia, eta eraikitzeko lanak aurki hasiko dira.

HCH puruarekin zer egin?

HCH purua behin betiko suntsitzeko irtenbide teknologikoen bila ibili dira IHOBEko teknikariak. Horretarako, 1991. urtean Estatu Batuetara joan ziren hango Ingurugiro Agentzia, EPA delakoa, Cincinnatiko laborategian garatzen ari zen konposatu organokloratuak 200 °C azpitiko tenperaturan eta dioxinarik edo bestelako azpiproduktu toxikorik sortu gabe deskonposatzeko —dekloratzeko— prozesu berri bat ezagutzera. Prozesu hori patentatuta dago eta Based Catalyzed Decomposition (BCD) izenez da ezaguna.Beste aukera batzuk ere badira HCHa tratatzeko, hala nola errausketa, cracking-a edo inertizazioa, baina oso garestiak dira edo ingurugiro-arazo larriak sortzen dituzte.

Segurtasun-neurri ugariz hornitu da instalazioa. Adibidez, ponpa guztiak bikoiztuta daude eta airea, gasak eta hautsa zurgatzeko sistemak barnealde osoan ezarri dira.
IHOBE

BCD teknologia Estatu Batuetan erabili da beste konposatu organokloratu batzuk deuseztatzeko, baina orain arte ez da erabili HCHa deuseztatzeko. Hori dela eta, prozesua benetan bideragarria dela ziurtatzearren, IHOBEk, patentea erosi ondoren, 1992an eta 1993an saiakuntza ugari egin zituen, lehenengo laborategian eta, horren ostean, Zamudion eraikitako instalazio pilotu batean, eta emaitzek argi erakutsi zuten prozesua egokia zela HCH purua tratatzeko. Hori frogatu ondoren ekin zaio instalazio industriala eraikitzeko faseari. Barakaldon eraiki da, hain zuzen ere Bilbao Chemicals enpresa egon zen orubean, toki hori dagoeneko HCHz kutsatuta dagoelako. Lehenengo lana pabilioi zaharra egokitzea izan zen (teilatuak, sarbideak...) eta, hori eginda, HCH puruzko hondakinak zaku handietan sartu eta pabilioi horretara eraman ziren 1993an. Han egon da metatuta esparru itxi batean tratatzen hasi den arte. Instalazioa joan den hilean hasi zen lanean eta han metatuta dauden lau mila eta bostehun tona HCH puruak tratatzeko bi urte beharko direla jotzen da.


Nola deuseztatzen da HCHa?

HCHari kloroa kentzea da helburua eta, horretarako, soda kaustikoa nahasten zaio ingurune likido batean eta katalizatzaile batez lagunduta. Horrela produktu komertzial bat lortzen da, triklorobentzenoa, TCB izenez ere ezaguna, industrian lehengai gisa erabiltzen dena. Horrekin batera azpiproduktu bat ere lortzen da, gatzuna, gatza eta ura alegia. Ikus dezagun prozesua zatika:

Argazki honetan, atzealdean, ezker-eskuin, bi erreaktoreak ageri dira. Beraiek dira instalazioaren biotza, errakzio kimikoa hantxe gertatzen da eta. Sabaitik zintzilik aireztapen-sistemaren hodiak ikusten dira.
IHOBE

Lehen urratsa hondakina deskargatzea da. HCHa zaku handietan gordeta dago: atera, mokorrak xehatu eta berriro hauts bihur daitezen errota batean txikitu eta HCHzko hautsa igogailu baten bidez elikagailura bidaliko da. Lan horiek barruti itxi batean egiten dira, hautsa eta airea zurgatu eta iragazteko sistema batez hornitua dagoena. Ondoren, HCHa TCBarekin nahasten da (izan ere, erreakzioa gerta dadin behar den ingurune likidoa TCBa bera da) tanga batean eta dispertsioa bi erreaktoreetako batera eramaten da. Erreaktoreak instalazioaren bihotza dira, erreakzio kimikoa hortxe gertatzen baita. Erreaktorean HCHa eta TCBa sartu ondoren, soda eta katalizatzailea eransten dira.

Erreakzio kimikoa exotermikoa da, hau da, beroa kanporatzen du. Bero hori erreaktoretik kanpora ateratzen da hainbat bidetatik eta kontrol termikoko sistema bat erabiltzen da erreaktore barnean tenperatura 150 °C-tik gora igoko ez dela bermatzeko. Erreakzioak 30 minutu irauten du eta prozesu osoak ordubete gutxi gorabehera. Denboraldi horretan tona bat HCHk 600 litro TCB ematen ditu eta, gainera, gatza eta ura, gatzuna alegia, sortzen da.

Erreakzio kimikoa amaitzen denean erreaktorea hustu eta iragazki batera eroaten da. Han erreakzioaren emaitza diren gatza —solidoa— eta TCBa —likidoa— bereizi egiten dira. Hortik aurrera, bakoitzak bere arazketa-prozesua behar du.

Erreakzioan sortutako TCBa tangetara eramaten da (zati bat berriro erreaktorera bideratzen da) eta hortik distilazio-prozesura pasatzen da. Distilazio-zutabean isomeroak bereizi egiten dira TCB komertziala lortzeko (1,2,4 TCB) eta hau kanpoko tanga batean gordetzen da saltzeko. Horrela, 3.000 tona TCB komertzial lortuko dira.

Instalazioaren lehen zatia; HCHa daukaten zakuak dorre horretara eraman eta hustu egiten dira. HCHa errota batean jo egiten da makorrak xehatzeko eta, txiki-txiki egin ondoren, igogailu baten bidez (argazkian eskuinean, behetik gora doan zutabe berdea)TCBarekin nahastera bidaltzen da.(IHOBE).

Beste alde batetik, gatz-disoluzioa erreaktorearen behealdean pilatzen da, baina gatzun horrek soda kaustikoaren soberakina du eta azido klorhidrikoarekin neutralizatu behar da pH neutroa lortzeko. Gatzuna TCBz blaituta dagoenez zentrifugatu egin behar da.Horrela bi fase likido bereizten dira dentsitatearen arabera. Fase garbia ikatz aktibatuzko iragazki batetik pasarazten da; hor materia organikoa eta gelditu diren TCBzko eta HCHzko azken arrastoak zurgatu egiten dira eta gatzuna kanpoko tanga batean gordetzen da. Ondoren, itsasadarrera isuriko da, ura eta gatza besterik ez baita. Fase zikina, TCBa duena, prentsa-iragazki batean barrena pasarazten da hezetasuna kentzeko. Lehortu eta gero hondakin solido bat gelditzen da.

Barakaldoko instalazioa munduan HCHa deuseztatzeko eraiki den lehenengoa da. Askotariko segurtasun-neurriak ditu, hala nola deflagrazio kontrako materialak, hautsa, airea eta gasak zurgatzeko sistemak, segurtasuneko gelditze automatikoa eta funtzionamendu-kontrol automatikoko sistemak. Gainera, instalazioan dauden ponpa guztiak bikoiztuta daude. Kontrolak etengabe egiten dira instalazioaren emisioek onartutako gehienezko muga gainditzen ez dutela ziurtatzeko. Kontrol horietan kutsatzaileen kontzentrazioa airean, lurzoruan eta uretan neurtzen da. Instalazioa eraiki aurretik egin ziren, eraiki bitartean egin dira eta instalazioak bere jarduera bukatu ondoren ere egingo dira kontrolak.

Lanean hasi eta handik bi urtera, HCH puru guztia deuseztatu ondoren, instalazioa desmuntatu, eraikina bota eta lurzorua induskatu egingo da. Instalazioaren hondakinak, hondarrak eta orubeko lurra Argalarioko segurtasun-biltegira eramango dira.
Instalazio horri esker, HCH puruaren zikloa erabat itxi ahal izango da. Beraz, lindanoaren amesgaiztoaren bukaera orain hurbilago dagoela esan daiteke.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia