Zientzialariek ontzat ematen dute Homo sapiens espeziea Afrikan sortu zela, duela 300.000 urte inguru. Handik, mundu osora hedatu zen, eta, gaur egun, habitat guztietara egokitu da. Ez dago zalantzarik egokitze horretan kultura funtsezkoa izan dela eta dela orain ere.
Zenbaterainokoa da, baina, kulturaren bultzada gure espeziearen hedapen ekologikoan? Arizonako Estatu Unibertsitateko (ASU) Charles Perreault antropologoak galdera horri erantzun dio, eta hau ondorioztatu du: kulturari esker, eboluzio genetiko hutsaren bidez baino 300 aldiz azkarrago hedatu ziren sapiensak planeta osora. Beste era batera esanda: 300.000 urte inguruan lortu du moldaketa genetikoaren bitartez 88 milioi urtean egingo zukeena.
Ondorio horretara iristeko, ikertzaileak beste 6.000 ugaztun basatirekin alderatu du gizaki modernoen banaketa geografiko eta ekologikoa. Horrela baieztatu du beste ugaztun-espezieek, batez beste, 64 kilometro koadroko azalera hartzen dutela. Homo sapiensak, berriz, 51 milioi kilometro karratu.
Horrez gain, habitat hain desberdinetara (basamortuak, oihanak, tundrak, goi-mendiak…) soilik eboluzio genetikoaren bitartez moldatu izan balitz, 2.200 leinu desberdinetan adarkatuko litzateke. Aitzitik, giza espeziearen dibertsitate genetikoa askoz ere txikiagoa da txinpantzeen talde jakin baten barruan dagoena baino.
Era berean, kultura-aniztasunak tokiko espezializazioa eragiten duela adierazi du Perraultek. Hortaz, talde etnolinguistikoek espezieak baino lurralde txikiagoak eta zedarrituagoak hartzen dituzte.
Azken finean, Perraultek berretsi du berrikuntza sozialak eta teknologikoak, ezagutzaren metaketak eta transmisioak, eta lankidetzan aritzeko gaitasunak eman diotela gure espezieari biologia gainditzeko ahala.
Gaur egunera etorrita, garapen teknologikoaren azelerazioaren ahalei eta ondorioei heltzeko gaitasuna eman beharko lituzke kultura zientifikoak.
Ana Galarraga Aiestaran
Elhuyar Zientzia
Egoitz Etxebeste Aduriz
Elhuyar Zientzia