}

Korrika egiteko jaioak gara

2005/07/10 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Zientzialariek esan dute: gizon-emakumeak korrika egiteko jaioak gara. Hori lehenago jakin izan bazenu, entzierroan ateratzera ausartuko zinela? Baita zera ere! Zeuk ere ez duzu hori sinesten. Gainera, ez duzu dena irakurri: arineketan aritzeko jaioak omen gara, bai, baina bide luzean. Eta entzierroak biziak, gogorrak eta arriskutsuak diren arren, ez dira oso luzeak. Luzeagoak balira, agian hobeto moldatuko lirateke korrikalariak; baina orduan zezenek aukera gutxiago izango lituzkete korrikalariak harrapatzeko...
Gaurko gizon-emakumeok arbasoei zor diegu ondo moldatzea iraupeneko lasterketetan..

Teorian, entzierroetan lasterka egiteko ez, denbora luzez korrika aritzeko da egokia giza gorputza. Areago: teoria berri baten arabera, bide luzean korrika aritzeari zor dio gorputzak daukan itxura. Nonbait, gaur egungo gizon-emakumeen arbasoak iraupen-lasterkari bikainak ziren, eta horrek aztarnak utzi ditu gorputzaren eboluzioan, hasi hanketako artikulazioetatik eta buruaren itxuraraino.

Estatu Batuetako bi ikertzailek eman dute aditzera teoria hori, fosiletan eta azterketa biomekanikoetan oinarrituta. Eta ez da hain teoria aldrebesa izango, Nature zientzia-aldizkari ospetsuan argitaratu baitute.

Antza denez, lehen gizakiak duela bi milioi urte inguru hasi ziren korrika egiten; ordurako, zuhaitzetatik sabanara joateko pausoa emana zuten arbasoek. Sabanan lasterka egiteko gai izateak onurak ekarri zizkiela dirudi. Ondorioz, korrika egitea errazten zuten ezaugarrien alde jokatu zuen hautespen naturalak.

Ikertzaileen esanean, horrek azaltzen du zergatik gaur egun hainbeste gizon-emakume gai diren maratoia egiteko. Halaber, teoriak lagundu egiten du ulertzen zergatik gainerako primateek ezin duten halako distantzian lasterka egin.

Beste animaliekin alderatuta

Gepardoa gizakia baino askoz azkarragoa da esprintean..

Orain arte, zientzialariek uste zuten gizon-emakumeak ez zirela oso trebeak korrika egiten, batez ere beste animaliekin alderatuta. Esprintean nola moldatzen ziren ikusita, gizakia erdipurdiko korrikalaria zela ondorioztatu zuten. Izan ere, korrikalari azkarrenak ere nekez egiten ditu hamar metro segundoko. Aldiz, gepardoak hogeita hamar metro egiten ditu segundo bakarrean. Gainera, ugaztun gehienek baino energia gehiago gastatzen du gizakiak korrika egitean.

Bide luzeetan nola aritzen den begiratzen badugu, ordea, gizon-emakumeen aldekoa da emaitza. Esate baterako, zaldiak lauhazka bizian sei metro egiten ditu segundoko, eta lasterkariek erraz gainditzen dute marka hori. Teoria berriaren aldeko ikertzaileek ez dute zalantzarik: esprinter apala da gizakia, baina bide luzean ez da batere gaizki moldatzen arineketan. Eta metabolismoak ere lagundu egiten dio horretan.

IBeste primateek ez dute gaitasunik bide luzean aritzeko.

Zergatik da hain ona, ordea, distantzia luzean? Zerk egin zuen iraupeneko korrikalari ona? Ikertzaileek badute hipotesi bat: janaria aurkitzeko egin behar zuen ahaleginaren ondorioz da hain korrikalari ona gizakia.

Agian, hienekin lehiatu behar zuen janaria lortzeko. Hiena ere ona da iraupen luzeko lasterketetan, eta, ustez, bi espezieak gogor saiatzen ziren animaliaren bat hil zuten tokira iristeko, hondarrak biltzeko itxaropenez. Edo, beharbada, ez da hori arrazoia, baizik eta harrapakinak nekaraziz ehizatzen zituela gizakiak. Hau da, harrapakinaren atzetik denbora luzez aritzen zen korrika, animalia nekatzen zen arte. Orduan, erraz ehizatzen zuen.

Lasterka aritzeko ezaugarri onenak

Arrazoia edozein dela ere, bide luzean korrika egiten ona izatea abantaila bat zen, eta, eboluzioan zehar, hautespen naturalaren bidez, lasterka aritzen laguntzen zuten hainbat ezaugarri izatea lortu zuen gizakiak. Adibideetako bat Akilesen tendoi elastikoa da, eta baita hanketako artikulazio gogorrak ere. Ilea galtzeko joera izatea eta izerditzeko gaitasuna ere mesedegarriak dira; hain zuen ere, korrika egitean sortzen den beroa galtzen laguntzen dute bi ezaugarri horiek.

Belaun sendoak izatea lagungarria da lasterka aritzeko.

Oreka gordetzeko gaitasuna da ikertzaileek aipatzen duten beste alderdi bat. Animalia askok barne-belarriko kanal erdizirkularrei esker gordetzen dute oreka. Kanal horiek azelerazioa neurtzen duten fluido batez beteta dituzte. Bada, egitura horiek bereziki handiak dira bai gure espeziean, Homo sapiens -ean, baita duela 400.000 urte arte bizi zen Homo erectus -ean ere. Eta horrek korrika egiten laguntzen du, koordinazio handia izatea eskatzen baitu.

Bestetik, ahalegin fisikoa egiten ari denean, arnasa ahotik hartzeko joera du gizakiak. Aldiz, gainerako primateek sudurretik hartzen dute. Baina, gizakiak lasterka aritzean ere gauza bera egingo balu, ezingo luke behar duen adina oxigeno hartu; beraz, onuragarria da arnasa ahotik hartzea.

Ipurdi tentea eta aterea izatea ere korrika egiteko gaitasunari zor omen diogu! Ikertzaileek ipurmasaileko muskulu handiaren jarduera neurtu dute korrika aritzean eta ibiltzean. Emaitza argigarria da: ibiltzean ez du jarduera handirik, baina korrika egitean sutan jartzen da giharra, denak emanda aritzen da.

Ikertzaileak haratago ere joan dira, eta garun handia izatea ere agian lasterka egiteko gaitasunari zor diogula iradoki dute. Azken finean, korrikalari onak izateak proteina ugari eta askotariko dieta lortzen lagundu zuen, eta hori gabe garuna ez zen hainbeste garatuko. Nolanahi ere, ikertzaileek berek onartzen dute ikerketa gehiago behar direla hori baieztatzeko.

7K-n argitaratua.