}

Komunikazioaren estrategiarantz aurrera

1995/11/01 Miñaur, Jesus Iturria: Elhuyar aldizkaria

Komunikazioaren autopistaz sarri hitz egin da azken bolada honetan. Eroskin ez dugu uste etorri bezala alde egiten duen modako gai bat izango denik. Aldiz, etorkizunean gu guztion erabilpenerako tresna ezin egokia izango dela pentsatzen dugu. Eta horregatik sortu dugu Erosnet.

Produkzioaren eta banaketaren kontrol-maila egokia eduki nahi dugu eta asmo horixe izan da Erosnet komunikazio-sarea sortzera bultzatu gaituen arrazoietako bat. Linea mota desberdinekin, linea geldo-geldoekin harreman zuzena izatea funtsezkoa da gaur egun eta hori guztia onargarria den kostuarekin egin behar zela uste genuen. Nahi hori egi bihur zedin, bitarteko asko eskuratu beharra zegoen. Garapen teknologikoaren urratsari dagokionean, ordenadoreen arteko datuen joan-etorriak aparra bezala hazi direla begi-bistakoa da: sistema zentralerako konexioa, fitxen transformazioa, telekontrola, dokumentu-fondoen eraldaketa elektronikoa, hirugarrenekiko konexioa eta abar luzea ez dira jadanik ametsa, urratsez urrats eskuratu dugun maila teknologikoaren adibide garbiak baizik.

Bidea jadanik urratzen hasia zela ikusteak sare propioa eratzera eraman gintuen. Trafiko mota eta eredu informatiko desberdinak aurkitzeak ere eragin handia izan du. Etorkizunak gero eta gehiago komunikazioaren fidagarritasunean eta gaitasunean oinarrituko dela uste dugu. Eroskik ere aurreko taldean dago teknologian inbertituz.

Erabakia hartzearekin ordea, ez zen prozesua amaitu. Oztopo asko aurkitu dugu. Batetik, ez genuen prozesua Eroskiren beharrizanen tamainak eskatzen zuen mailaraino eramateko behar zen adinako ezagutza teknikorik. Bestalde, Telefonikak benetako monopolioa dauka telekomunikazioaren merkatuan. Baina merkatu hori irekitzen ari da eta panorama berriaren aurrean, gauzak lehen baino gehiago doitzen ari dira eskaintzetan eta prezioetan, nahiz eta oraindik zail samarra izan konpainia horrekin kontatu gabe ezer egitea. Izan ere, sarea horien komunikazio-zerbitzuen gainean eraikitzen baita.

Eroskik enpresa-egiturak behar dituen zerbitzuak eskaintzeko gauza izango den sareaz hornitu nahi izan du bere burua; onargarria den kostu finkoaz eta zerbitzu- eta gestio kalitateaz, baliagarritasun-maila altu batez. Horiexek, datorren mendean izango dugun komunikazio-estrategiaren oinarriak jartzearekin batera, Eroskiren asmo nagusiak ziren. Bestela esanda, zeinahi hazkundea eta garapena erraz asumitzeko modukoa izango den sare homogeneoa lortu nahi genuen. Horra hor gure nahia: segurtasuna, sarearen eta zerbitzuaren kalitatea, balio erantsiko zerbitzuak, bizkortasuna, telekontrola, epe ertainera ahotsaren eta datuen integrazioa, tarifa lauak eta kosturik baxuenak ...

Hori guztia Erosnet sare berriak bideratuko duelakoan gaude. Irailean hasi zen sarea martxan jartzeko lehen fasea ondorengo azpiegiturak sortuz: kontrol-sistema zentralak, zuntz optikozko lineak Eroskiren Elorrioko egoitza nagusian, lineak Eroski hipermerkatuetan eta Elorrio, Zornotza eta Amorebietako banaketa-plataformetan, lineak Maxi hipermerkatuetan eta Eroski Bidaiak agentziaren bulegoetan eta azkenik, Telefonikaren eta Eroskiren aldetiko telekontrola. Datorren urtean bilduko dira gainerako establezimenduak amets izateari utzi eta errealitate ukigarria dugun Erosnet sarera.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia