}

Koka eta narkotrafikoa

1997/09/01 Laguéns Capablo, María Elena | Rubayo Dominguez, Javier Iturria: Elhuyar aldizkaria

Kolonbia, Brasilen ondoren, munduko bigarren kafe-ekoizlea da eta landare horren merkataritzak legezko diru-sarreren ia erdia sortzen du. Baina kokainaren “merkataritza” estraofizialak ere diru-kopuru izugarriak mugiarazten ditu bertan.

Ez dago kartel kolonbiarren etekinak zehatz-mehatz zenbatekoak diren jakiterik. Ikerketa batzuen arabera, EEBBetan astero oso kalitate oneko bi tona koka sartzen dira; hori, gutxienez, urteko bilioi bat pezeta da.

Andeetako herrien ekonomia ez dago oso osasuntsu eta koka lantzea erraza denez, esker oneko diru-iturria da. Kultibo alternatiboen sustapen-politikak porrot egin du nabarmen. Koka-hazkuntzari kontra egiteko EEBBetako administrazioak 81 milioi dolar (10.530 milioi pezeta) gastatu eta DEAko agenteak (drogaren kontrako polizia adituak) bidali ditu; Peruko poliziak ere kokaren kontrako ekintzak egin ditu, baina neurriok ez dute lortu koka-sailak desagertaraztea; aitzitik, gero eta ugariago dira.

Kokak nekazari andetarren elikadura kaskarra osotzen du eta inguru latzean bizitzen laguntzen du. Azokan beste produktu bat bailitza saltzen da.
M.E. Laguéns

Peruko Alto Huallagako oihanean (non munduko koka-hostoen erdia ekoiztu eta trafikatzaile kolonbiarren “aletegitzat” hartzen den), 300.000 cocalerotik gora 200.000 hektarea lantzen dituzte. “Zenbakiei ezin zaie kontra egin. Kafearekin urtero 150.000 pezeta irabazten du eta kokarekin 195.000 uzta bakoitzeko; gainera kokak urteko lau uztaldi onartzen ditu … Egizu batuketa!” Horrela mintzo da Paredes injinerua, El Naranjillo kooperatibako kudeatzaile teknikoa. Elkarte hau laurogeiko hamarkadan kokaren zabalkundea galgatzen ahalegindu zen “kultibo legalen” ekoizleak bilduz. Baina gaur egun bere porrota onartzen du han “urre zuriaz” esaten zaionaren aurrean.

Peruko bizi-baldintza txarrak direla medio, gero eta koka gutxiago landatzen da etxean bertan sendagai gisa kontsumitzeko. Koka, behinola herri-produktua izateagatik goi-mailako klaseek gutxietsi zutena, egun kokaina moduan kontsumitzen da munduan zehar. Peru eta Bolivia dira koka-hosto eta kokainaren oinarrizko orearen ekoizle nagusiak. Kartel kolonbiarrek horiek prozesatu eta lortzen den kokaina EEBBetara eta Europara bidaltzen dute.

Narkotrafikatzaile kolonbiarrek astean 80-90 hegalaldi egiten dituzte Andeetako oihanetara landare preziatuaren bila. Bertokoei eguneko 20-30 dolar ordainduz (nekazariak aste betean irabazten duen adina), produkzio-guneetan lurreratze-pista klandestinoak eraikitzen dituzte. Armadak hauetariko bat suntsitzen duenean, oihaneko beste toki bat egokitzen dute, amaiezina dirudien borrokan.

Kartel kolonbiarren eta mafia peruar batzuen arteko loturak aspaldi ezagunak ziren eta 1994an agerian gelditu ziren, Chávez Peña-Herrera narkotrafikatzaile peruarra atzeman zutenean. Poliziari egindako deklarazioetan droga-trafikoan aritzen zela eta Caliko kartelarekin, munduko kokaina-trafikoaren % 80 kontrolatzen duen erakundearekin alegia, harremanak zituela baieztatu zuen. Hori ezezik, Peruko Administrazioko eta Armadako kargu batzuen konplizitatea ere aipatu zuen.

Narkotrafikoaren eta Amerikako zenbait gobernuren (EEBBak barne) arteko harremanak beti izan dira susmagarriak. 1994. urteko urrian Deustuko Unibertsitatean antolatu ziren “Droga, Garapena eta Zuzenbide Estatuari buruzko Ihardunaldietan” M. Levine-k, DEAko agente ohiak, argi salatu zuen “EEBBetako goi-funtzionario askok, jakinaren gainean egonda iruzur egiten duela argi dago. Azken hiru hamarkadetan bere herria eta beste asko ere konbentzitu dituzte droga-trafikoa geldiarazteko beharraz eta, aldi berean, ezkutuko politika burutu dute planetako narkotrafikatzaile eta diru-zuritzaile nagusiak babestu eta laguntzeko.” Levine-ren esanetan, Estatu Batuetako ia banku handi guztiek Medellingo Kartelaren dirua zuritu dute, Gobernuak, jakitun izanik, ezjakinarena egiten zuen bitartean.”

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia