}

Klonazioa ez, lagunduriko ugalketa

2003/10/15 Rementeria Argote, Nagore - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Gizakia ugaltzeko egindako saio baten berriak nahasmen handia sortu du; izan ere, gizakia klonatzeko saio bat izan dela entzun da. Baina, erabili duten teknikak klonazioaren antza baduen arren, material genetikoa obulu batetik bestera transferitzen delako, funtsezkoenean ezin da esan klonazioa denik.

Saiakera Txinan egin duten arren, New York-eko Unibertsitateko James Grifo-k zuzendu du: emakume baten obulua in vitro ernaldu zuten eta nukleoa beste emakume baten obuluko nukleoaren tokian txertatu. Horrela, emakume baten zitoplasma baina beste baten material genetikoa zituen zigotoa (ernaldutako obulua) lortu zuten. Bide horretatik, bost zigoto lortu zituzten eta hasierako emakumearen umetokian sartu, han gara zitezen. Txertatutako bost umekietatik hiruk aurrera egitea lortu zuten hogei astez baino gehiagoz. Baina amak galdu egin ditu umeak. Teknika horri giza nukleoaren transferentzia (human nuclear transfer) deitu diote.

Ikus daitekeenez, teknika horretan ernaldutako obulu bat erabiltzen da, eta, beraz, amaren eta aitaren material genetikoa duena. Ondorioz, ezin esan klonazioa denik; izan ere, klonazioan zelula heldu bateko material genetikoa erabiltzen da, eta horrek esan nahi du umekiak pertsona bakarraren material genetikoa jasotzen duela. Klonazioak badu beste bereizgarri bat ere: zelula birprogramatu egin behar izaten da, hau da, bere material genetikoa 'gaztetu' egiten da zigotoaren portaera izan dezan. Kasu, honetan, ordea, ikertzaileek obulu eta espermatozoideekin egin dute lan, hau da, material genetiko 'gaztea' izan dute hasierarik esku artean.

Dena dela, ez da oraingoa James Grifo-ren lehenengo polemika. Teknika honen berri eman zuenean ere, duela bost urte, Estatu Batuetako FDA agentzia arautzaileak ohartarazi zion baimen berezia behar zuela saiakerak egiteko, material genetikoa transferitzen denez, giza klonazioari dagozkion arauak bete behar zituelako. Horregatik joan da Grifo Txinara giza nukleoaren transferentziaren bidezko ugalketa gauzatzera, han ez ziotelako eragozpenik jarri.

Hala ere, badirudi ikertzailea ez dela gustura gelditu Txinako osasun-zerbitzuekin, horiei egotzi baitie amak haurrak galdu izana, eta, ondorioz, saiakerak porrot egin izana.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia