}

Kiotoko protokoloari beste ostikada bat

2001/04/18 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Hain asmo onekin jaiotako Kiotoko Protokoloaren etorkizuna gero eta beltzagoa da. Orain dela gutxi, Estatu Batuetako presidenteak bere herrialdeak ez zuela konpromisoa berretsiko iragarri zuen (ikus "Pitzadurak Kiotoko Protokoloan", 2001/03/30). Ordezko egitasmo bat prestatzen ari direla esan badu ere, Estatu Batuen jarreragatik, batzuentzat Kiotoko Protokoloak sinesgarritasuna edo pisua galdu duela dirudi, adibidez, Australiarentzat.

Hil honetako 14tik 16ra Canberran izan den Global Greens 2001 biltzarraren barnean, Australiak Kiotoko Protokoloa uzten zuela iragarri zuen. Estatu Batuek Kiotoko Protokoloa betetzeko asmorik ez zuela jakinarazi zuenetik, mundu osoko talde ekologista batzuk eta hainbat herrialdetako buruak biltzen ziren lehen aldia zen.Bertan Robert Hill Australiako Ingurugiro ministroak joan den igandean esan zuenez, Estatu Batuek aldegin zutenetik, Protokoloa hilda dago.

Bestalde, Estatu Batuak Protokoloa utz zezan bultzatu zuten petrolio-konpainien aurkako boikota egiteko asmoa zutela adierazi zuen Alderdi Berdeen Federazioko lehendakaria den Pekka Haaviso-k, Global Greens-en parte hartzen duten alderdi ekologisten izenean. Berdeek horrelako ekintzen eraginkortasuna gogorarazi zuten eta 1995ean Brent Spar petrolio-plataformarekin gertatutakoa aipatu zuten. Garai hartan, Shell konpainiak petrolio-plataforma hori urperatzeko asmoa bazuen ere, Greenpeace-k bere produktuen aurka egindako boikotaren eraginez, desmuntatu egin behar izan zuen.

Ezkortasuna nagusitzen ari den arren, Protokoloaren aldeko egitasmoek aurrera darraite. Adibidez, John Prescot Britainia Handiko Garraio ministroa Estatu Batuetara joan da, herrialde horretako gobernuak Kiotoko Protokoloa bete dezan konbentzitzeko asmoz.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia