}

Kalean da zientzia eta teknologiaren euskarazko hiztegi entziklopedikoa

2009/11/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Kalean da zientzia eta teknologiaren euskarazko hiztegi entziklopedikoa
2009/11/01 | Elhuyar
Elhuyarko hainbat lankidek parte hartu dute hiztegian. Arg.: Danel Solabarrieta.

Elhuyar Zientzia eta Teknologiaren Hiztegi Entziklopedikoa kalean da. Urte luzez aritu dira lanean Euskal Herriko 200 aditu baino gehiago proiektu honetan, Antton Gurrutxagaren zuzendaritzapean. Elhuyar Fundazioak eta Euskal Herriko Unibertsitateak elkarrekin argitaratu dute, Euskadiko Kutxaren babesari esker, eta une honetan merkatuan dagoen mota honetako hiztegi bakarra da. Hiztegi entziklopediko mardula da, 1.800 orrialdekoa. "Honelako proiektu batean 200 adituk baino gehiagok parte hartzea oso pozgarria izan da, eta ohore handia, gainera; adituen ekarria giltzarria izan da proiekturako, eta, gure ikuspegitik bederen, oso elkarlan aberasgarria egin dugu" adierazi du Gurrutxagak.

Duela zortzi urte hasi zen Elhuyarko talde bat Elhuyar Zientzia eta Teknologiaren Hiztegi Entziklopedikoa lantzen, helburu zehatz batekin: "Zientzia eta teknologiari buruzko oinarrizko erreferentzia-informazio fidagarri, landu eta eguneratua eskaintzea, modu zehatz, argi eta ulergarrian, eta erabiltzaile-multzo zabala gogoan izanik". Duela lau urte, proiektuak jada bazuen forma bat, eta zientzia eta teknologiaren 50 jakintza-arlotako adituak hasi ziren batzen proiektura, hasierako helburu harekin bat eginez. Helburu hori hiztegiak biltzen dituen jakintza-arlo guztietako 23.000 kontzeptuetan zehar islatzen da orain. Gaien gaurkotasunari garrantzi berezia eman zaio, eta zientziari eta teknologiari buruzko informazio orokorra behar duen ororentzat da obra interesgarria: DBHko, Batxilergoko eta Lanbide Heziketako ikasle eta irakasleak, kazetariak, gurasoak...

Proiektu honetan lanean aritu diren adituak arlo desberdinetako kontzeptuak hautatzen, haien definizioak osatzen eta artikulu entziklopedikoak sortzen ibili dira, besteak beste. Arlo horiek guztiak sei multzo handitan biltzen ditu hiztegi entziklopedikoak: zientzia zehatzak, materiaren eta energiaren zientziak, lurraren zientziak, biziaren eta osasunaren zientziak, teknologia eta, azkenik, orokorrak.

Adituen lana ezinbestekoa izan da Elhuyar Zientzia eta Teknologiaren Hiztegi Entziklopedikoa eraikitzeko. Izan ere, aditu bakoitzak bere arloan duen jakintza jarri du, kontzeptuak aukeratzeko, definizioak egiteko eta artikuluak idazteko. Haietako batzuen esanean, hiztegiak hainbat ekarpen egingo ditu haien jakintza-arloetan:

Iñigo Virto eta Mari Jose Imaz. Nafarroako Unibertsitate Publikoa. Natura Ingurunearen Zientziak

Iñigo Virto eta Mari Jose Imaz

"Orain arte, nekazaritzan adibidez, gaur egun beste hizkuntzetatik hartutako zenbait termino itzultzeko beharra ikusten genuen. Hiztegi entziklopediko honekin, obra bakar batean, eguneroko lanean behar ditugun terminoak izango ditugu kontsultagai. Unibertsitatean euskaraz eskaintzen ditugun irakasgai eta hitzaldien kalitatea hobetzen lagundu, eta gure lanaren euskarazko dibulgazioa egitea erraztuko digu."

Rafael Bañales. Euskaltel

Rafael Bañales

"Telekomunikazioen arloa oso teknologikoa eta oso aldakorra baldin bada ere, arlo horretan sortzen diren terminoak berehala zabaltzen dira gizarte osoan: 3G telefonia mugikorra, WiFi-a edo haririk gabeko ethernet sarea, esate baterako. Hori dela eta, oso garrantzitsua da gizartearentzat termino horien guztien euskarazko ordainak izatea. Baina are garrantzitsuagoa da telekomunikazio-arloan lanean dihardugunontzat, euskaraz jardun ahal izateko."

Fernando Plazaola. Euskal Herriko Unibertsitatea. Zientzia eta Teknologia Fakultatea. Elektrizitatea eta Elektronika saila

Fernando Plazaola

"Zientzia eta teknologia mailan euskara ez dago erabat estandarizatua. Adibidez, lexikoa ez dago bateratua; izan ere, gerta daiteke kontzeptu zientifiko/tekniko bat irakasle/zientzialari bakoitzak bere erara erabiltzea. Polisemia hori edo sinonimo-aniztasun hori, zientzia mailan, ona litzateke bakoitzak zehaztasun osoz azalduko balu kontzeptua. Zoritxarrez, ez da hori gertatzen, eta entziklopedia hau bateratze lexikografikorako urrats handi bat da. Bestalde, entziklopedia honek termino bakoitzaren definizio argi bat ematen digu, eta, hala, fisikaren arlo zabala (eta besteena ere bai) euskararen ikuspegitik askoz osotuagoa geratzen zaigu. Kontuan hartu beharra dago gaur egungo zientziaren zabaltasuna dela eta eruditu gutxi geratzen dela, eta adituak ere arlo txiki-estu batekoak izaten direla. Beraz, entziklopedia hau oso baliotsua izango da gure eremu estutik kanpo dauden kontzeptuak ulertzeko ere."

Mertxe Martinez. Euskal Herriko Unibertsitatea. Biokimika eta Biologia Molekularra saila

Mertxe Martinez

"Komunikazio zientifikoa garatzean, termino berriak eratu, finkatu eta gizarteratu behar dira, guztiontzat erabilgarri izan daitezen. Maiz, arlo tekniko bakoitzeko adituek sortzen dituzte terminoak; baina, bitarteko egokirik gabe, gehienetan ez lirateke komunitate txiki horretatik aterako. Elhuyar Zientzia eta Teknologiaren Hiztegi Entziklopedikoa baliabide ezin hobea da nire arloko terminologia berezitua euskal gizartean hedatu eta finkatzeko."

Hiztegiaren ezaugarriak:
- 23.000 kontzeptu, beren definizioekin eta dagozkien erdal terminoekin
ingelesezkoa, gaztelaniazkoa eta frantsesezkoa
- Erdara-euskara termino-zerrendak: ingelesa-euskara, gaztelania-euskara eta frantsesa-euskara.
- 1.500 irudi.
- 607 artikulu entziklopediko.
- Zientzia zehatzak, materiaren eta energiaren zientziak, lurraren zientziak, biziaren eta osasunaren zientziak, teknologia eta orokorrak.
- CD-ROM euskarria liburuarekin batera.
1
258
2009
11
015
Bibliografia
Albisteak
18

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia