Elhuyar zientziaren komunikazioa

Jon Zarate Sesma: “Zientziarako grina kutsatu zigun irakasleak eragin handia izan du nigan”

2018/11/30 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Lekeition jaioa, 1979an. Farmazian doktorea da, eta Farmazia eta Elikagaien Zientziak saileko irakasle agregatua. 2011tik 2014ra Ekaia EHUko Zientzia eta Teknologiako euskarazko aldizkariaren zuzendari izan zen, eta, geroztik, EHUko Euskara errektoreordea da. Ikerketan, terapia genikorako bektore ez-biralen ikerketa-lerroan dabil lanean, batez ere. Elkarrizketan, pertsonek hartu dute protagonismo osoa, bai bere ibilbideko mugarriez hitz egitean, bai etorkizunaz aritu denean.

jon-zarate-sesma-zientziarako-grina-kutsatu-zigun-
Farmazian doktorea
Zerk harritu, asaldatu edo txunditu zaitu gehien, lanean hasi zinenetik?

Ibilbide guztia unibertsitatean egin dut, eta, bide horretan, ezinbestekoa izan da ikerketarako eta zientziarako grina piztu zidan pertsona: Enrique Etxebarria Orella. Fisiologiako irakasle izan genuen lizentziaturan. Oso pertsona hurbila zen, eta, gainera, haren inguruan, ikertzaile gazte euskaldun pila ezagutu nituen.

Aipatzekoa da Enriquek, euskaraz jakin gabe, zer jarrera zuen tesiak euskaraz egiteko; beti laguntzen zuen. Hortaz, horrek izan zuen nigan eragin handiena: batetik, Enriquek zientziarako pasioa kutsatu zigun —Mari Luz Estebanek dioen moduan, zientzia “erotiko” egiten zuen—; eta, bestetik, tesiak oraindik euskaraz egiten ez ziren garai hartan, eta gure laborategiko burua erdalduna zen arren, gure artean euskaraz egiten genuen.

Oso talde polita genuen, tartean zen Itziar Txurruka Ortega ere, eta Enriquek istorio bat asmatu zuen garunaren janguraren erregulazio-mekanismoari buruz. Zucker arratoiekin ikertzen genuen, nolabait esateko, Hommer Simpsonen sindromea zuten arratoi mutanteekin, eta neuropeptido bakoitza komiki-pertsonaia bat zen. Nik, adibidez, endokanabinoideen errezeptoreak ikertzen nituen, eta endokanabinoideak ziren bufoiak. Bazeuden erregea, erregina… Oso erakargarria zen.

Zer iraultzaren edo aurkikuntzaren lekuko izan nahiko zenuke zure ibilbidean?

Orain medikamentuen garapenean nabil lanean, eta niri gustatuko litzaidake bestelako politika batzuk edukitzea, batez ere, botikak erosi ezin dituzten edo eskuragarri ez dituzten milioika pertsona horiekiko. Horrek iraultza edo aldaketa handia eskatzen die boterea duten (dugun) herrialdeei, eta, bidean, iraultza txikiagoak egin daitezke. Adibidez, norberak ere, edo enpresa txiki batek, patente bat lortzen duenean, egin dezake zerbait, botika hori denen eskura jartzeko. Baina, batez ere, enpresa handiek egin beharko lukete, eta horretarako bestelako politikak behar dira.

Hori alde batera utzita, sendagaien garapenean, arreta handia jarri dugu gaixotasun arraroetan. Nire inguru hurbilean, bada Mungiako familia bat koroiredemia duena. Gaitz monogenetikoa da, eta erretinosi-mota bat eragiten du. Bizi naizen herrikidea da gaixotasuna duten umeen aita, eta elkartea ere ezagutzen dut, eta izugarria da nolako errespetuz eta miresmenez tratatzen gaituzten ikertzaileok. Tratamendua ez bada ere, haien bizi-baldintzak hobetzea niretzat berezia izango litzateke.

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Saioa hasi

Erabiltzaile-izenik ez baduzu, eman izena

Pasahitza ahaztu zait

Jarraitu Zientzia.eus

Gehitu zure bloga

Zientzia app

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzula. Onartu
Informazio gehiago
Babesleak

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak (Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak) diruz lagundua

Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
Gipuzkoako Foru Aldundia