Jirafa eta zuhaitz-sugeen amankomuntasuna

1986/06/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Zer izan dezakete amankomun jirafek eta zuhaitz-sugeek? Biok odol-zirkulazioarekin arazoak izatea da erantzuna. Grabitateak gorputzean zehar odolaren zirkulazioan eragindako oztopoak, modu beretsuan konpondu dituzte ugaztunek eta narrastiek dirudienez.

Batezbesteko jirafa batek, 5 m neurtzen ditu eta bere burua bihotza baino 2,5 m gorago dago. Odola oso presio altutan irtetzen da jirafaren bihotzetik. Orain arte presio altu hori, grabitatearen indarrari aurka eginez odola bururaino eramateko beharrezkoa zela uste zen. Hala ere, berriki Omahako unibertsitateko Badeer irakasleak egin dituen ikerketa batzuren arabera, okerra izan daiteke interpretazio hori.

Badeer-ek adierazten duenez, burmuinaren odolezko horniketa sifoi baten modukoa da: bihotzetik gora doa, burmuina zeharkatzen du eta bihotzera erortzen da zikloa itxiaz.

Nahiz eta grabitateak goranzko fluxua eragotzi, beheranzkoari laguntzen dio eta osotasunean ez du eraginik odolaren fluxu-erresistentzian. Erresistentzia bakarra, hodien pareteko marruskadura da.

Honela bada, zergatik mantentzen du jirafak horren odol-presio handia? Badeer-ek iradokitzen duenez, presio handiak burmuineko hodiak kolapsatzea eragozten du. Bihotzetik horren urrun presio hidrostatikoa hain txikia denez, hodien paretak behera eror litezke. Baina, animaliak ura edateko burua jaisten duenean, buruko odol-presioa 100-150 mmHg-tik 250-350 mmHg-raino igotzen da. Honelako presio-gehikuntzak arazoak sortu beharko lizkioke jirafari.

Badeer-ek aditzera ematen duenez, burmuineko zirkulazioa bapateko odol-presioaren gehikuntzatik babestuta dago likido zerebroespinalaren presioaren bapateko presio-gehikuntzaz. Honela buruko hodien pareten bi aldeetan presioa berdintsu mantentzen da buruaren posizioa edozein dela ere. Gainera beste adptazio bat ere badago; bena jugulareak badu burua jaitsia dagoenean odola atzera isuri dadin galerazten duen balbula-serie bat.

Bestalde, zuhaitz-suge eskalatzaileez (Pitnophis melanolenais) egin den beste ikerketa batek aditzera eman duenez, sugeak jirafen moduko adaptazioak dituzte odolean grabitateak dituen eraginak baztertzeko.

Bukatzeko, eta laburtuz, naturak antzeko arazoak konpontzeko irtenbide berdintsuak topatzen dituela frogatzen digute aipatutako kasuek.