}

Japonian izurrite kezkagarria

1993/04/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Japoniako ospitaletan gaixotasun infekzioso bat izugarri hedatu da.

Joan den urteko abenduan, Osasun Ministraritzak argitara emandako txosten baten bidez, azken sei hilabetean ospitale bateko laurogei gaixo baino gehiago bakterio-infekzioaren eraginez hil egin zirela eman zen aditzera. Erruduna Staphylococcus aureus bakterioa izan omen zen. Bakterio honek ebakuntza jasan duten gaixoengan eragiten du. Orain arteko sendabidea metizilina izeneko antibiotikoa erabiltzea izan da, baina hau gehiegi erabiltzeagatik metizilinarekiko erresistentea den S. aureus (MRSA) sortu da.

Aztertutako 590 ospitaletan MRSA % 90etan aurkitu zen bitartean, Europan zein EEBB-etan % 15etan besterik ez zen aurkitu.

MRSA horrenbeste hedatzeko dagoen arrazoirik garrantzitsuenetakoa, Japoniako ospitaletan antibiotikoak gehiegi errezetatzea da.

Osasun Ministraritzak prezio ofizialak ezartzen ditu botikentzat eta botika arrunten egiazko prezioak merkatzen diren bitartean, prezio ofizialak nekez aldatzen dira. Aldi berean, botikaetxeek botikak medikuei % 24 baino deskontu handiagoarekin eskaintzen dizkieten bitartean, estatuak medikuei botiken prezio ofizialen arabera ordaintzen die.

Ministraritzak egindako zenbait estimazioren arabera, aipatu deskontu bidez higitzen den diru-kopurua 1.000 bilioi pezetakoa edo 50 bilioi liberakoa da.

Japonia, EEBB-en atzetik, farmazi merkaturik handiena duen estatua da.

Aurtengo urtarrilean, Osasun Ministraritzak prezio ofizialak batezbeste % 8,1 merkatu zituen eta 1997. urte bitartean, egiazko prezioen eta ofizialen arteko diferentzia % 10eraino jaitsi nahi du.

Beraz, medikuek zenbat eta antibiotiko gehiago errezetatu, gero eta diru gehiago irabazten dute.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia