Japonian istripu nuklearrak
1991/06/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Hilabeteko epean Japonian lau istripu nuklear gertatu dira eta horrek jendea kezkatu egin du. Energia elektrikoaren laurdena baino gehiago jatorriz nuklearra da Japonian eta dauden asmoak 2010. urterarte 40 erreaktore nuklear berri eraikitzekoak dira.
Joan den otsailaren 9an, Osaka-ko iparraldean dagoen 50 megawatteko Mihama-ko erreaktoretik gas erradioaktiboak ihes egin zuen. Istripua, bero-trukagailuak dituen tutuetako bat apurtu zenean gertatu zen. Tutu-apurketa honen bidez, erreaktoreko hozte-sistema primariotik sistema sekundariora 30 tona ur erradioaktibo igaro ziren. Zer esanik ez, erreaktorearen funtzionamendua erabat gelditu behar izan zen.
Hauxe izan da Japonian gertatu den istripurik larriena. Nahiz eta gasak atmosferara ihes egin, atmosferan ez zen erradiazio-hazkunderik nabaritu.
Otsailaren 21ean, Tokio-ko iparraldean dagoen Niyata-ko zentral nuklearraren funtzionamendua eten egin behar izan zen turbina-sisteman gertatutako arazo bategatik.
Egun bat geroago, Sendai ondoko Onagawa-ko zentral nuklearreko presio-ontzi batean ihesa detektatu zen. Azkenik, Tokio inguruan dagoen Tokai Mura-ko zentral nuklearrean ere beste ihes bat detektatu zen.
Bertako agintariek diotenez, istripu-mota hauek normalak omen dira, baina Txernobil-en gertatutakoa ez zen txantxetakoa izan.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia