}

Jaiotzak heriotza dakarrenean

1990/05/01 Armstrong, Sue Iturria: Elhuyar aldizkaria

Mundua ezkutuko tragedia honetaz konturatzen ari da: Hirugarren Munduan, umea izateak urtero 500.000 amaren heriotza eragiten du.

Oihaneko bidezidorrean zehar bi gizonek ohatila antzeko zerbait daramate eta ohatilan emakume gazte bat aieneka. Atzetik lagun batzuk doaz. Prozesio txikia, Indiako Maharashtra Estatu barnean dagoen karez zuritutako ospitale txikira doa. Madia Gonds izeneko tribuko emakume honek ordu askotxo pasatu ditu bere lehen umea mundura ekarri nahian. Bere familiak badaki esperientziaz orain bizirik ateratzeko duen aukerarik onena ospitalera eramatea dela. Izan ere, forzepsen laguntzaz bertara iritsi eta laster izan zuen umea.

Emakume honek zorte ona izan zuen. Ospitalera garaiz iritsi izan ez bazen, erditzean zailtasunak zituelako, bere etxean hiltzeko aukera guztiak zituen. Mundu osoan zehar urtero haurdunaldian eta umea erditzean hiltzen diren 500.000 emakume horietako bat izango zen. Hirugarren Munduan gertatzen diren heriotzen batezbesteko kopurua 25-50 haurdunaldiko 1 da. Konparatu datu hau mundu garatuan 4.000-10.000 haurdunaldiko gertatzen den heriotza bateko zifrarekin.

Herrialde garatu eta ez-garatuetan hiltzen den ama-kopuruak osasun publikoaren beste edozein adierazlek baino ezberdintasun handiagoa erakusten du, sarritan datu hau Hirugarren Munduan Europan eta Iparramerikan baino 200 aldiz altuagoa izanik.

Garatze-bidean dauden herrialdeetan umea izateko adina duten emakumeen artean laurden bat hiltzen da umea izatean, Estatu Batuetan kopurua %1 baino gutxiago delarik. Munduko Osasun-Erakundeak dioenaren arabera, 100.000 jaiotzatatik amaren heriotza batezbeste 640tan gertatzen da Afrikan, 420tan Asian eta 270etan Hegoamerikan, mundu garatuan batezbeste %30 hiltzen delarik. Egoera hau ez da berria. Baina egoera jasangaitza dutenak normalean urruti bizi dira, pobreak eta analfabetoak dira eta politikoki botererik ez dutenez, gauza gutxi egin da beren alde.

Gainera, ia oraintsu arte ezkutuko tragedia hau ez zen munduan zehar ia ezagutu ere egiten, emakumearen ugalketa-esperientziari buruz azterketa on batzuk egin diren arte. Azterketa hauetan ikus daitekeenez, garatze-bidean dauden herrialdeetako emakume gehientsuenak etxean erditzen dute; pertsonal trebatuak lagunduta erdiak baino gutxiagok. Azterketa hauek, 1985ean amaitu zen Nazio Batuetako Emakumearen aldeko Hamarkadak bultzatu zituen nagusiki.

Egoera honek dituen ezaugarri guztiak ezagutzea zaila zaigu oraindik, Malcolm Potts-ek dioenez (garatze-bidean dauden herrialdeetan esperientzia handiko obstetra dugu berau). Potts-ek estatistiken eragin dramatikoa adierazteko abioi-istripuen analogia erabili du. “Imajina ezazue —dio berak— eguna joan eta eguna etorri 6 orduero “jumbo” abioi batek istripua izan eta bidaiari guztiak hil egiten direla. 250 bidaiariak emakumeak dira, gehienak sasoi onenekoak, batzuk oraindik 20 urtez azpikoak. Guztiak edo haurdun edo umea izanda daude. Gehienek haurrak dituzte etxean eta beraien kargu dauden familiak ere bai".

Heriotza sorterazten duten arrazoirik nagusienak odoljarioa, zoldura, toxemia, erditze zaila eta gaizki egindako abortoa dira. Arrazoi guzti hauek amen heriotzetako %75 eragiten dituzte. Baina emakumearen azken orduetan zentratzeak amaren hilkortasunaren arrazoiei buruzko ikuspegi murriztua ematen digu. Garatze-bidean dauden herrialde askotan amaren heriotz proportzioa nekazal zonatan altuagoa da zona urbanotan baino eta honek puntu garrantzitsu bat jartzen du begibis tan: erditze normaletan edo larrialditan ospitalera garaiz ez iristeak sarritan heriotza berekin duela alegia.

Seguru asko haurdunaldi guztietan bostenak konplikazioak izango ditu eta medikuarengandik urrun bizi den emakumeak hiltzeko arrisku handiagoa du. Leku askotan osasun-baliabideak zona urbanotan gehiegi kontzentraturik daude. Adibidez, 1980. urtean Nigerian lan egiten zuten 200 obstetratatik %90ek estatuko hiriburuetan ziharduen lanean. Egoera hau Afrikan oso tipikoa da, nahiz eta jende gehiena oraindik hirietatik kanpo bizi.

Hirietatik kanpo bizi diren emakumeek erditze normaletan edo kasu larrietan ospitalera joan nahi dutenean, eragozpen asko gainditu behar dituzte. Herriska edo urrutiko etxaldetako errepideak oso txarrak dira, edo agian, urteko garai batzuetan, pasaezinak. Garraiorik ez dago konponketa-lantegirik edo erregairik ez dagoelako. Munduan zehar amaren hilkortasunaren proportziorik altuena Gambiakoa izan da (umea bizirik jaio deneko 100.000 jaiotzatatik 2.000 ama baino gehiago hil dira): 1982 eta 1983. urteetan Farafeni aldean egindako azterketak erakusten zuenez, tratamendu medikoa behar zuten emakumeek Banjul hiriburura joateko 200 kilometroko bidaia egin behar zuten, Gambia Ibaia zeharkatzeko “ferry”a eta guzti erabiliz.

Osasunaren kostua distantzia bezain hesi handia izan liteke oso jende pobrearentzat. Barbara Kwast-ek, Addis Ababa-ko Unibertsitatean Komunitate-Obstetrizian irakasle zenak, Ethiopian amaren heriotzari buruz egindako ikerketan aurkitu zuenez, garraio publikoan 24 orduko bidaia egin ondoren (anbulantziarentzako erregaia —47$ estatubatuar (£28)— urteko irabazien batazbestekoaren herena ezin ordaindu izanagatik) ospitalera iristen den emakumea, handik denbora gutxira odoljarioagatiko shockaz hiltzen da.

Indiar penintsulako emakumezkoen % 75 baino gehiago 19 urte bete baino lehen ezkontzen dira eta gainera, nekazal-areatan bizi badira lan gogorrak egin behar izaten dituzte.

Beste kasu batean, Kwast-ek gizon goibel batengandik honako hau jakin zuen: bere emazteak ospitalean erditze normala izan ondoren hiru egun igarota konbultsioengatik hil egin zen, sukarra igo zitzaionean berriro ospitalera eramaterik izan ez zuelako. “Hauxe gertatu zen izan ere: bere emaztea ospitalean egoteagatik 90$ ordaindu behar izan zituen, erditze normalaren kasuan ordaintzen diren 15$ estatubatuar ordaindu ordez”, zioen Kwast-ek. “Begiraleari eskupeko ederra eman beharko ziokeen berriro emakumea han hartzeko, eta bere senarrak ezin ziezaiokeen inori diru gehiagorik eskatu”.

Zerbitzu mediko egokiak gizartearen bazter guztietara hedatzeko ahalegina —eta hau mundu guztiak oinarrizkotzat jotzen du emakumeen bizia salbatzeko— “hezitako” jendeak bere burua eta familiak bizimodu primitiboko nekazal zonatan kokatzeko gogorik ezak oztopatzen du.

Kwastek dioenez, herrialde askotan 1970.eko hamarkadaren erdian koalifikazio altuko emaginak trebatzeko dirua inbertitzen hasi zirenean, koalifikazio baxuagoko emaginak eta komunitatean jadanik lanean ziharduten emagin tradizionalak gutxietsiz edo, ez zioten aurreko puntuari behar adinako garrantzia eman. Hauxe dio Kwastek: “Nik uste amaren zainketa-arloan aurrera egiteko ahaleginetan herrialde hauetako batzuek hutsunerik egin dutela. Koalifikatutako emagina ez dago hiritik kanpo iharduteko prestatuta, zeren trebatutako pertsona da; agian hiritik kanpo ihardun ezin dezakeen pertsona batekin ezkondua dago, eta umeak ditu eta umeak ongi trebatzea nahi du”.

Sistema eragingarrienetan, osasun-laguntzaileen artean hiru mailak errekonozitzen, trebatzen eta elkarren artean kooperatzen dute, dio berak. Maila bakoitzeko jendeak bere ondorengo mailako jendeari gainbegiratzen dio eta maila hauetakoek aurre egin ezin dioten kasuen ardura beraiek hartzen dute.

Urruti bizi diren emakumeak sarritan desesperaturik iristen dira ospitalera eta tratamendu egokia emateko beranduegi izaten da. Baina ez da berandu iristea soilik heriotza eragiten duena. Osasun-zerbitzu askok ez dituzte behar adina baliabide eta lan-karga astunagatik gainezka daude: pertsonal gutxiegi dute, nahikoa oherik ez eta batzuetan transfusiorako odola eta ekipamendua, botikak, arropa garbia eta antiseptikoak falta zaizkie. Gabon-en egindako azterketa baten arabera, Libreville-ko ospitale nagusiko pazienteek ez zuten tratamendurik hartzen beren familiak botikatik beharrezko medikamentuak ekarri arte. Eta Nairobi-ko Kenyatta izeneko Ospitale Nazionalean sarritan pazienteak binaka egon behar dute ohean, infekzioak harrapatzeko arriskuaz.

Munduan zehar jasotako informazioek diotenez, transfusiotarako odola faltatzea oso arrunta eta larria izan daiteke. Viet Nam-en egindako azterketa batean esate baterako, odoljarioagatiko heriotzen %36 transfusiorako odolik ez zegoelako gertatu zen. Eta Tanzania-ko leku batzuetan nahikoa normala da transfusioa beharrezkoa denean kalean emaile aproposa aurkituz gero, pinta bat odolen ordez pinta bat garagardo ematea.

Gizarte aurreratuetako emakumezkoek medikuntz teknologiaren azken baliabideen laguntza dute haurdunaldian zehar.

Jamaika-n 1981 eta 1984 bitartean ama-heriotzei buruz egindako azterketaren arabera, oso kalitate eskaseko zainketa izatea zen %68 kasuetan heriotza sorterazten zuen arrazoietako bat, pertsonalaren trebetasunik eza eta hutsegiteak arazo handienak izanik. Hori ez da arraroa: Colombia, India, Tanzania eta Viet Nam bezalako herrialde desberdinetatik datozkigun berriek diotenez, amaren heriotza gertatzen deneko %11 eta %47 bitarteko kasuetan, pertsonalaren hutsegiteak izan dira faktore bultzatzailetako bat.

Garapenik ezaren eta zerbitzu-faltaren irudi honen atzean, badago amaren heriotza eragiteko beste faktore indartsu bat ere: sexu-diskriminazioa. Ez da kasualitate hutsa amaren hilkortasunaren proportziorik handienak emakumearen statusa baxuena den gizarteetan gertatzea. Sexu-diskriminazioa heriotz sorterazle gisa luzaro baztertu izan da: pobrezia hartu izan da mundu guztia —gizon, emakume eta haurrak— osasunari dagokionez maila berdinean jartzeko.

Emakume askok garatzeko eta status soziala lortzeko dituzten bide bakarrak ezkontza eta amatasuna dira. Hauxe da jaioz gero emakume askok duten patua eta hori ez lortzea estigma astuna litzateke. Proportzio altua ezkontzen da oraindik 20 urte baino gutxiago dituela. Berehala geratzen da haurdun eta adin emankorrean umeak izaten jarraitzen du. Eredu hau, jakina, arriskuz beterik dago.

Umea izateko adinik seguruena 20 eta 24 urte bitartekoa da, eta azterketa askoren arabera, oso emakume gazteengan edo adin hori baino askoz zaharragoengan arriskua areagotu egiten da. Nigerian amaren hilkortasunari buruz egindako azterketa baten arabera, 15 urteko emakumeen artean heriotz tasa 20-24 urtekoena baino zazpi aldiz altuagoa da, eta Jamaikan 40 urtez gorako emakumeen heriotz tasa 20-24 urtekoena baino bost aldiz altuagoa da.

Afrikan eta Subkontinente Indiarrean 20 urtez azpiko emakumeak edozein garaitan ezkontzen dira, proportziorik altuena Bangladesh -en gertatzen delarik; %75 baino gehiago 19 urte bete baino lehen ezkontzen bait dira. Hauetatik %7, 14 urte bete baino lehen ezkontzen dira, sarritan familia pobreei zama gainetik kentzeko. Alabek ezin dezakete soldatarik irabazi; ezta etorkizunean gurasoak mantendu ere. “Familiako partaide iragankor gisa hazten dira eta lehen aukera suertatzen denean, emazte on eta ama zintzo izatera bidaltzen dira”, dio Mahmuda Islam-ek, Dhaka-ko Unibertsitatean irakasle laguntzaile denak.

Umeak izateko gazteegi

Pelbisa, hilekoa lehen aldiz izan eta urte batzuk pasatu arte erabat heldua ez dagoenez, erditze konplikatua 20 urtez azpiko amentzat arrisku ezaguna da. Afrikako zenbait gizartetan, luzaro irauten duen erditzea ezleialtasun-seinaletzat hartzen da, eta bakar-bakarrik uzten da agonian (edo aitortuz gero laguntza ematen zaio), umea izan edo hiltzen den arte. Ohitura hau Zimbabwe, Ethiopia, Uganda eta Sudaneko hegoaldean dago.

Herrizketako ama asko, trebatutako emagin tradizionalaren eskutan seguruago sentitzen da.

Kelsey Harrison-ek obstetra gisa lan egin du Nigeria-ko Iparraldean. Hemen 20 urtez azpiko emakumeen ezkontza gauza arrunta da eta erditzea zaila gertatzen deneko kasu asko ikusi ditu. “Haurdunaldiari buruz hitz egitea tabua da. Neskagaztea normalean, beraz, erabat ezjakina da”, dio berak. “Umea izateaz edozein erabaki berak ez eta beste edonork hartzen du; normalean bere senarrak. Senarraren baimenik gabe ezin lezake ezer egin; ezta ondoezik aurkitzen bada ere. Eta senarra herritik urrun badago, beste inork ezin lezake ama ospitalera eramateko erabakirik hartu, nahiz eta gaixorik egon.

“Normalean familiartekoak asko kezkatzen dira erditzeak luze jotzen duenean”, dio Harrisonek. “Badakite arriskutsua dela eta horregatik sarritan beren erremedio tradizionalak aplikatzen dituzte, hauetako asko zoritxarrez oso kaltegarriak izanik. Hostoak edo esku zikinak sartzen dizkiote baginan; baina are okerrago da kirurgia lokala —”gixiri ebakuntza”, zeinetan butxadura libre uzteko bagina bizarra mozteko xaflaz ebakitzen dioten.” Emakume asko ebakuntza hauen ondorioz etxean odolustu egiten dira, ospitaletan aztertu edo estatistiketarako hartu gabe, Harrisonen ustez.

Lehen haurdunaldia arriskutsua izatea espero izan eta arazorik gabe erditzen dutenek, ondorengo bi haurdunaldietan ere seguruenik ez dute arazorik izango. Baina ondorengo odolustea, umetokia apurtzea eta infekzioa bezalako konplikazio serioak gero eta gehiago dira. Portugalen esate baterako, bostgarren haurra zuten emakumeek bigarrena zutenek baino hiru aldiz probabilitate handiagoa zuten hiltzeko.

Ugalkortasun altua da emakumeen status baxuaren adierazle. Eta nahiz eta familia handiak komunitate pobretan sarritan beharrezko izan (lan-karga banatzeko eta gurasoak zahartzaroan zainduko dituzten semeak izateko), emakume askok etengabe izaten dituzte umeak beste alternatibarik ez dutelako. Beren status soziala horren arabera dago, ez daude familiatik kanpo beren burua mantentzeko moduan hezita eta famili plangintza legez kanpo dago edo ez dute eskueran. Beste batzuetan ezezaguna zaie edo gizonek bakarrik hartuko dute erabakia.

Munduko Ugalkortasun-Azterketak erakusten duenez, haurdunaldien proportzio altua gogoz kontrakoa da. Ikertzaileei ume gehiago edukitzerik ez zutela nahi esan zieten emakumeen erdiak baino gehiagok ez zuen antisorgailurik hartzen. Antisorgailurik gabeko emakumetan, ia gehienak gutxi eskolatuak ziren. Azterketek adierazten zutenez, zazpi urte edo gehiago eskolatutako emakumeek eskolatu ez direnak baino 3 aldiz probabilitate handiagoa dute antisorgailuak ongi erabiltzeko. Batezbeste besteek dituzten umeen erdiak dauzkate.

Elikadura desegokiak anemiak sortzen ditu haurdun dauden emakumeen artean.

Gogoz kontrako haurdunaldia berez heriotz eragile da. Urtero 40 eta 60 milioi bitartekoa da abortatu nahian dabiltzan emakumeen kopurua. Ebakuntza klandestino arriskutsuak jasanik hiltzen direnak asko dira. Abortoak Hegoamerikan beste edozein arrazoi sinplek baino heriotza gehiago sorterazten du haurrak izateko sasoian dauden emakumeengan, eta faktore bakarra ez bada ere, amaren heriotzari buruz ditugun mundu osoko txostenetan arrazoi nagusienetakotzat jotzen da.

Nahiz eta abortoagatiko heriotza ustegabekoa izan, ama askoren heriotzak ez dira lehen begiratuan diruditen zoritxar tragikoak; haurtzaroaz geroztik garatzen joan den gaixotasun kroniko baten azken maila baizik. Emakumeak status baxua duen munduko leku askotan, neskak jaiotzatik baztertu egiten dira; janari eta arreta mediko gutxiago ematen zaie eta beren anaiek baino hezketa-maila txikiagoa jasotzen dute. Baliabide gutxiko familietan alabak honela baztertuta gaizki hazten dira eta beren bizitzako helburuak mugatuak izatea ez da harritzekoa. Bi arrazoi hauek emakume askok haurdunaldian hiltzeko oinarriak jartzen dituzte.

Mundu osoan zehar 898 herriskatan egindako azterketaren arabera, maila ekonomiko guztietan nagusitzen zen ereduak emakumeen elikagai-beharra gizonezkoenaren ondoan bigarren mailakoa dela adierazten du. Gainera, Indiako Uttar Pradesh-en sexu-diskriminazioa aztertu zuten ikertzaileek. Umea neska zenean mutila zenean baino denboraldi laburragoz ematen zitzaion bularra. Batzuetan, hau honela gertatzearen arrazoia emakumearen lehenengo umea alaba izatea zen. Familian bere statusa igotzeko seme bat sortzeko zuen presaz, segituan geratzen zen berriro ere haurdun, eta neskari bularra emateak fetoa handiagotzea galeraziko zuen usteaz, utzi egiten zion neskari bularra emateari.

Aitzitik, ikerleek beste hau ere aurkitu zuten: semeak izaten zituzten emakumeak hurrengo haurdunaldia atzeratzen saiatzen zirela, beren arreta osoa semei eskaintzearren. Ondoan dagoen Haryana-n, antzeko zerbait gertatzen zen. Ikertzaileek aurkitu zutenez, lau hilabete pasatu ondoren mutila baino bi aldiz neska gehiago elikatzen zen biberoiz; eta ondorioz infekzio, beherako eta desnutrizioa jasateko zahurgarriago ziren. Uttar Pradesh-eko azterketak honako hau ere aurkitu zuen: alabei anaiei adina arroz eta barazki emanda ere, gurin, esne eta arrautzak bezalako janari elikagarriak gutxiago ematen zitzaizkien.

Diskriminazio hiltzailea

Herrialde askotako txostenen arabera, osasun-zainketaren inguruan neskagazteei egiten zaien diskriminazioa begibistakoa da. Nigerian dagoen Lagos-eko haur-klinikan mutil-proportzio altuagoa dago neskena baino. Eta Bangladesh-en egindako azterketa baten arabera, nahiz eta beherakoen proportzioa neska eta mutilen artean berdintsua izan, %66 mutil gehiagok hartzen zuen tratamendua.

Batzuetan finantz arrazoiek okertzen dute balantza, esate baterako, Korean egindako osasun-proiektu batek erakusten duenez zerbitzua doan zenean neska eta mutil-kopuru berdina ekartzen zen elgorriaren aurkako inmunizazioa burutzeko, baina tasa txiki bat ezarri bezain laster, txertoa jartzen zitzaien nesken proportzioa mutilena baino %25 baxuagoa zen.

Subkontinente Indiarrean sexu-diskriminazioa hain indartsua delarik, hiltzen diren sei neskatik bat utzikeriagatik izaten da. Haurtzaroko utzikeria gaindituz bizirik geratzen direnen osasuna kalteturik geratzen da, haurdunaldiaren ondorioz hiltzeko arriskua handiagotu egiten delarik. Erlazio zuzena dago, esate baterako, emakume baten altuera eta bere pelbisaren artean. Desnutrizioaren ondorioz txiki geratzen direnek erditze zaila izateko arrisku handiagoa dute.

Hirugarren munduan ere, hirietan bizi diren emakumeek osasun-baldintza egokiagoak izaten dituzte.

Anemia ere oso gaitz arrunta da gaizki elikatutako emakumeen artean. Ama hiltzeko zuzeneko arrazoia izateaz aparte, bestelako arrazoiengatiko heriotzean eraginik badu hain larria ez den anemiak. Infekzioa saihesteko gorputzak duen ahalmena murriztu egiten du, umea izan berri duten emakumeak odol-pozoadura edo sepsi puerperalaz heriotzez hiltzeko aukera emanez. Eta emakume anemikoak ezin lezake odol-galera beste osasuntsu batek bezala jasan: litro bat odol galtzeak ez du hemoglobina normal duen emakumearen heriotza eragingo, baina anemia handia duenarentzat 150 mililitro galtzea hiltzeko aski izan liteke.

Harrisonen ustez emakumeen status baxuari asoziaturiko gaitz guzti hauek, garapen ezari loturik daude, eta hezkuntza da arazoari aurre egiteko arma bakarra. “Nik uste Hirugarren Mundukook herrialde garatuen historia zer-nolakoa den ikasi beharko genukeela, zeren guk dugun arazo-multzoa —ezberdintasun soziala, emakumeenganako krudeltasuna, elikadura murritza, komunikazio-sistema pobreak, osasun-zerbitzuetara ezin iritsia etab.— garapenaren ingurukoa da”, zioen berak. “Baina garapena ezinezkoa da gehienek irakurtzen eta idazten ez dakitenean: heziketa arautuaren bidez analfabetismoa gainditzen ez badugu, ez goaz inora”.

Emakumeen statusa eta bizi-maila igotzeko neurriek zalantzarik gabe haurdunaldian hiltzen direnen kopurua murriztu egingo dute. Baina Harrisonek dioenez, neurri hauek ez dira oso kalitate oneko amatasun-zerbitzuak emateko alternatiba. Herrialdeek fronte guztietan aldi berean ekin beharko diote arazoari, zeren konplikazioak sortzen direnean —edozein egoera sozialetan gerta daitekeenez— zerbitzua garaiz eta trebetasunez eskaintzeak bakarrik salbatuko du emakumearen bizia.

Etxean erditu, emagin tradizionalak trebatuz

Zimbabwek 1980. urtean bere independentzia lortu zuenean oso emakume gutxi ziren haurdunaldian medikuak atenditutakoak. Ume gehienak emagin tradizionalen laguntzaz munduratzen ziren. Normalean emakume zaharragoak, familia zutenak, adinarekin beren komunitateetan jakinduria eta errespetua irabaziak zituzten emakumeak ziren emagin hauek.

Emagin tradizionalek jaiotza gehienak bi arrazoirengatik gainbegiratzen zituzten batez ere: alde batetik, jende gehiena bizi zen nekazal areatan zerbitzu medikoak urri zirelako eta bestetik, emakumeak etxetik urrun zegoen ospitale inpertsonalaren perspektibarekin baino jadanik ezaguna zuten sistemarekin gustorago sentitzen zirelako. Gainera, ospitale gehienek ez zituzten jaiotzako errito espiritualak kontutan hartzen, zeinak bereziki lehen erditzean oraindik komunitate tradizionaletan oso garrantzitsuak bait dira. Baina lehentasun pertsonalak edonolakoak direla ere, Hirugarren Munduko esperientziak adierazten duenez, amatasunaren inguruko zainketa jasotzen ez duten ama eta haur jaioberrien arriskuak dezenteak dira.

Zimbabwe ez da gai izango etorkizun hurbilean bertako ama eta jaioberri guztiei arreta mediko profesionala emateko. Bitarteko neurri gisa, erabakita dago gaur egungo sistema hobetzea, horretarako emagin tradizionalen trebetasuna mailaz igo eta osasun-sarean integratuz.

Ideia Manicaland-en gauzatu zen. Mutare-tik kilometro gutxira dagoen Rowa-ra egindako bisitan (Mutaren 20 emagin tradizional inguru bertako klinikan bilduta zeuden trebakuntzarako), erizainburu probintzialak honela zioen: “kaltegarriak suertatzen diren praktika tradizional horiek bakarrik aldarazi eta onuragarriak bultzatzea da gure filosofiaren oinarria”.

Lehenengo eta behin emaginei higiene-oinarriak irakasten zaizkie. Sarritan gertatu ohi da ama umea egitera doala eta, emagin hauetako bati laguntza eskatzen diotenean soroan aurkitzea. Atzazalak zikinak izango ditu eta zilbor-hestea eskura duen edozerekin, banbuzko ezpalez esate baterako, moztuko dio, dio Mashama-k. Zilbor-hestea behi-simaurrez zikinduko du edo hautsez, hestea lehortu asmoz. Ez da harritzekoa beraz, jaiotza ondorengo tetanoa baldintza horietan arazo arrunta izatea. Eta emagin tradizionalak bere eskuak umetoki-lepoan sartzen dituelako –eta batzuetan jaiotza erraztu asmoz baita txikitutako hostoak aplikatu ere– amek sarritan infekzioak izaten dituzte.

Higienearen aurkako praktika hauek baztertu egiten dira trebakuntzan, eta emagin tradizional bakoitzari jaiotzarako ekipo berezia ematen zaio. Ekipo hau honako elementuz osatuta dago: xaboi-barra bat, atzazaletarako eskuila, bizarra mozteko xafla (bitan zatituta gizonezkoek bizarra mozteko erabil ez dezaten), lokarri esterilizatua eta jaioberriaren zilbor-hestearentzako alkohol kirurgikoa, lurrean zabaltzeko plastikozko “maindire” bat, eta haurraren begiak eta amaren perineoa lehortzeko eta jaioberria biltzeko zapi garbi batzuk.

Bizarra mozteko xafla esterilizatuak eta xaboia gertueneko klinikan eros daitezke, baina ekipamenduko beste gauza guztiak segituan presta daitezke: plastikozko “maindirea” normalean ondo garbitutako irin-zakua da; atzazaletarako eskuila bertako landare baten pipita iletsua da (lehortuta) eta lokarria landare baten zuntza da; xaboiz garbitu eta eguzkitan lehortuta.

Emagin tradizionalei amak haurdunaldian zailtasunik duen ala ez antzematen ere irakasten zaie; oso ondo trebatutako pertsonal medikoak antzeman ditzakeen zailtasunak dira hain zuzen. Jaiotza aurretiko zainketan “arriskurik” izan dezaketen emakume haurdunak distritoko ospitalera bidaltzen dira; bizia salbatzeko zesarea edo odol-transfusiozko prozedurak bait dituzte han. Lehenago haurdunaldian konplikazioak izan dituztenak, edo zesarea edo haur hila izan dutenak, bikien esperoan daudenak, edo burukomina jasan edo hankak hazten zaizkienak, bidali egiten dira eta baita jadanik zenbait haurdunaldi izan dituztenak ere.

Jendeak uste ez bezala, haurrak izan ahala amak hurrengoa erditzeko ez du erraztasun handiagorik eta hemorragi arriskua, odol-presio altua eta infekzio-arriskua nabarmenki igotzen dira hirugarren erditzeaz geroztik.

Trebatzaileek duten herronka, informazio zientifikoa jendearen ustea baino konbentzigarriago bihurtzea da, zeren trebakuntzak ez du ezagutza-hutsunerik betetzen; mendetan zehar ezarritako sistema ordezkatu besterik ez bait du egiten.

Emagin tradizional hauetako asko ez dira inoiz eskolara joan, baina analfabetismoa ez da trebakuntzarako oztopo. Eskolak eztabaida, bitarteko bisual, abesti, dantza eta drama bidez ematen dira eta jeneralean saio biziak izaten dira. Ikastaro-bukaeran, taldeak normalean ikasitakoa antzeztu egiten du. Ikasleetako erdia zuhaitz-itzalpean eseriko da, beste erdiak emagin trebatu gabeek zuzendutako erditzea antzezten duen bitartean. Praktika kaltegarriak antzezten dira, eta antzezleek normalean istorioari amaiera tragikoa ematen diote, haur gaixoa herriko sendagileari eramanez, zeinak haurra tetanoa jasatetik salbatu ezin duen. Istorioa zarata eta guzti antzezten da.

Ondoren ikusleek hartzen dute txanda hautsez beteriko eszenategian, trebatutako emaginak zuzenduriko erditzea antzezteko. Oraingoan istorioak emaitza arrakastatsua du; emagina etxolatik irteten da jaioberria zapi garbian bilduta daramala eta abesti tradizional bat kantatuz. Abestian (estu dagoen aitari jaioberriaren sexua adierazteko seguru asko) sexu-organoei ezkutuko erreferentzia egiten zaie.

Azkeneko “graduazio-ospakizunean”, emagin tradizional trebatuei oroigarriak ematen zaizkie. Beren zerbitzuagatik ez zaie ezer ordaintzen. Beren komunitatean statusa igo egin zaiela adierazten duen oroigarri txiki hau beraz, oso garrantzitsua da. Trebakuntzaz geroztiko segimendua eta jarraipena ere guztiz garrantzitsuak dira eskemak arrakasta izan dezan, eta emagin tradizionalek bertako osasun-zentruarekin harreman estuak izatea espero da.

“Hasieran, ezagutza zientifikoa jaso duen pertsonalak ez-profesionalekin lan egiteko ideia baztertu egiten zuelako, arazo batzuk izan genituen”, zioen Mashama-k. “Baina bi taldeen arteko elkarrizketa bultzatu genuen, eta orain klinikako pertsonalak dioenez, emagin tradizionalekin elkarlanean arituta emergentzia gutxiago dituzte eta emagin tradizionalek jokatzen duten papera onartu egiten dute. Gaur egun emagin tradizionalek beren hutsegiteei buruz klinikan hitz egin eta gauza nola hobetu dezaketen galdetzeko ez dute inolako arazorik”.

Bistan zegoen trebatutako emagin tradizionalek Rowa-ko klinikarekiko zuten konfidantza. Saioa bukatzean, HIESari buruzko eztabaida sutsuari lotu zitzaizkion. Ezin al dugu eskularruekin lan egin? galdetu zioten Mashama andereari. Eta ekipamenduari zegokionez, zergatik ez zituzten beraiek ere herriko osasun langileek (lehen osasun-laguntza ematen zuten beste talde paramedikoak) zituzten bezalako poltsak? Herriko osasun-langileek UNICEFek emandako poltsak zituzten eta edozeinek ezagutu zitzakeen herrian harat-honat zebiltzanean, emaginek azaldu zutenez.

Eskaera hauei garrantzia ematen zaie. Baina osasun-zainketarako baliabide mugatuak izateagatik, trebatutako emagin tradizionalek bezeroak gustora uztea izango du saritzat. Trebakuntzaren ondorioz zenbat bizitza salbatu diren jakiteko estatistika gutxi daude oraindik eskura, baina Aletta Mashamak dioenez “ama asko trebatutako emagin tradizionalaren eskutan seguruago sentitzen da, zeren emagin hauen zerbitzuak gero eta emakume gehiagok eskatzen bait dituzte”. Trebakuntzaren eskema, plan nazionaltzat hartu da Zimbabwen.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia