}

Izoztutako organoen transplante arrakastatsua

2002/01/24 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Izoztuta gordetako arratoi-obulutegia beste arratoi-eme bati transplantatzea lortu dute Montrealgo Nôtre-Dame ospitaleko ikertzaileek. Berriak garrantzi handia du, izoztutako organo bat arrakastaz transplantatzen den lehenengo aldia baita.

Transplanteak eragozten dituen arazoetako bat emailearen organoa izoztuta gordetzeko ezintasuna izan ohi da. Hain zuzen, izozte-prozesuan, ehunak zulatzen eta hondatzen dituzten izotzezko kristalak sortzen dira; beraz, gaixoak organo freskoaren zain egon behar izaten du. Nahi baino gehiagotan, ordea, oso zaila izaten da organo aproposa garaiz iristea.

Nôtre-Dame ospitaleko ikertzaileek soluzio babesle batean sartu zituzten arratoi-obulutegiak, Falopioren tronpa eta guzti. Ondoren, poliki-poliki izoztu eta gau osoz nitrogeno likidoan gorde zituzten. Denbora pasatutakoan, organoak desizoztu eta genetikoki berdinak ziren arratoiei transplantatu zizkieten; hartara, errefusa ekidin zuten. Transplantatutako obulutegiak lehen bezain eraginkorrak ez baziren ere, arratoien erdiak baino gehiagok ohi bezala obulatu zuten, eta haietako bat ernaldu egin zen.

Ikerketaren egileek egunen batean teknika hori gizakientzat baliagarria izatea espero dute. Zalantzarik gabe, kimioterapiaren ondorioz antzutzen diren emakume eta haurrentzat irtenbide egokia izango litzateke. Hala ere, beste zientzialari batzuei oso zaila izango dela iruditzen zaie. Haien esanean, emakumearenarekin alderatuta, arratoien obulutegia oso txikia da, eta zenbat eta handiagoa izan organoa, kaltetzeko aukera gehiago ditu izoztean.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia