Itsasoa energia-iturri: haizetik olatuetara

Ozeanoa energia-biltegi erraldoia da. Itsas gainazalean jotzen duen haizeak eta kostaldera iritsi arte kilometroak egiten dituzten olatuek energia handia dute, eta energia hori elektrizitate bihurtu daiteke. Baina, nola?

Itsasoko aerosorgailuek dimentsio izugarriak izan ditzakete. Gaur egungoek hamar solairuko eraikinen altueraren pareko luzera izan dezakete, eta errotoreek 150 metro baino gehiagoko diametroa. - Arg: Paula Serras Malillos


Milaka urtez, itsasoa oztopo, komunikazio-bide eta elikagai-iturri izan da. Eta, gaur egun, energia-sistemaren pieza garrantzitsu ere bihurtzen ari da. Itsas energia berriztagarrietan pentsatzen dugunean, ziurrenik itsasoan instalatutako parke eoliko handiak irudikatzen ditugu. Ozeanoaren gainean, haizeak lurrean baino oztopo gutxiago aurkitzen du; ez dago ez mendirik ez eraikinik, eta, beraz, turbulentzia eta marruskadura ere txikiagoak izan ohi dira. Hortaz, kostaldetik distantzia jakin batera, haizeak indartsuago jotzen du, eta, beraz, energia ekoizteko baldintza egokiagoak izan ditzake; horrek itsas teknologia eolikoa —offshore eolikoa— hedatzeko aukera ematen du. Baina bada beste energia-iturri bat, aprobetxatzen zailagoa: olatuena. Haizea eta olatuak estu lotuta daude: haizeak bere energiaren zati bat itsasoaren gainazalera transferitzen du, eta horren ondorioz sortzen dira olatuak. Olatu horiek distantzia handiak egin ditzakete, eta, horrela, esan liteke itsasoa energia garraiatzeko eta metatzeko biltegi moduko bat dela.

Parke eolikoetan ikusten diren aerosorgailuak airearen mugimendutik energia ateratzen duten makinak dira. Haizeak palak zeharkatzen dituenean, airearen eta palen arteko elkarrekintzak indar aerodinamiko bat sortzen du, eta indar horrek errotorea birarazten du; sorgailuak, ondoren, energia mekaniko hori elektrizitate bihurtzen du. Eskuragarri dagoen haizearen energiaren parte handi bat haren abiaduraren araberakoa da; izan ere, haizearen potentzia erabilgarria gutxi gorabehera abiaduraren kuboaren arabera handitzen da. Horrek esan nahi du abiaduraren hazkunde txiki batek gorakada handia eragin dezakeela energiaren ekoizpenean. Potentziaren eta energiaren arteko erlazioa denbora da; hau da, ekoiztutako energia kalkulatzeko, lortutako potentzia makina martxan egon den denborarekin biderkatzen da. Potentzia kilowatt (kW) unitateetan ematen bada, denbora zehatz batean (hilabete bat, urte bat, hamarkada bat…) orduko ekoiztutako energia adierazi ohi da; hau da, esaten da zenbat kilowatt-ordu ekoiztu diren dena delako tarte horretan.

Aerosorgailuen tamaina handitzeak energia gehiago sortzeko aukera ematen badu ere, arazo berriak ere eragiten ditu. Lehorreko aerosorgailu batek baldintza atmosferikoei egin behar die aurre batez ere; itsasoan, ordea, olatuak, korronteak, korrosioa, hezetasuna eta egituraren etengabeko mugimenduak ere jasan behar ditu. Gainera, sakoneraren eta erabilitako teknologiaren arabera, aerosorgailua itsas hondoan finkatutako egitura baten gainean edo plataforma flotatzaile baten gainean egon daiteke. Azken kasu horretan, sistemak, elektrizitatea sortzeaz gain, egonkortasuna bermatu behar du, haizeak palak alde batera bultzatzen dituen bitartean, olatuek plataforma kulunkarazten baitute.

Haizeak ur barearen gainazalean jotzen duenean, uhin txikiak sortzen dira. Uhin horiek airearen eta uraren arteko elkarrekintza aldatzen dute, eta haizeak gainazalera energia gehiago transferitzea errazten dute. Olatuek energia garraiatzen dutenez, energia hori eskuratzeko olatu-energia baliatzen duten gailuak ekoizten ari dira. Baina, aerosorgailuetan ez bezala, ez dago hori egiteko teknologia bakarra. Esate batera, gailu batzuek flotagailu baten gora-beherako mugimendua aprobetxatzen dute; beste batzuek, egitura baten atal desberdinen arteko mugimendu erlatiboa; eta, beste batzuek, uraren mugimenduari esker egitura baten barruan dagoen aire-fluxua konprimatzen dute, gero aire horrek turbina bati eragin diezaion. Azken aukera horren adibide bat ur-zutabe oszilatzailea da (ingelesez, OWC, Oscillating Water Column). OWC sistemetan erabiltzen den turbina-mota bat Wells turbina da. Bere geometriari esker, aire-fluxuak aldizka norabidea aldatuta ere, errotoreak noranzko berean biratzen jarraitu dezake. Hala ere, aire-fluxua hain da aldakorra, ezen eraginkortasunez funtzionatuko duen makina diseinatzea baita teknologia horren erronketako bat.

Mutriku_Wells

Mutrikun, ur-zutabe oszilatzailearen teknologia (OWC) erabiltzen duten 16 Wells turbina daude. Urtean 300.000 kWh inguru sortzen dute; hau da, gutxi gorabehera, 100 familiaren urteko elektrizitate-kontsumoa asetzeko adina energia. Arg: Paula Serras Malillos


Itsas energiaren potentziala ez da bera leku guztietan. Itsas energia eolikorako, haize aski indartsu eta egonkorreko eremuak dira interesgarriak, baina kontuan hartu behar dira, halaber, itsas hondoaren ezaugarriak, hala nola sakonera, kostaldearekiko distantzia eta sare elektrikoarekiko konexioa. Olatuen energian, berriz, olatuen altuera eta periodoa bezalako parametroak dira garrantzitsuak, baina baita sakonera, olatuaren norabidea eta itsasoaren egoera jakin batzuk zenbateko maiztasunez gertatzen diren ere. Hala ere, itsas energia berriztagarriak ezaugarri batek elkartzen ditu: energia-iturri izugarria izan badaiteke ere, ingurunea oso gogorra da.

Ur gaziak korrosioa eragiten du, egiturek behin eta berriz errepikatzen diren kargak jasan behar dituzte, ekaitzek ohikoetatik oso urrun dauden baldintzak eragin ditzakete eta mantentze-lanak lehorrean baino zailagoak dira, edozein ekintzak itsasontziak eta eguraldiaren baldintza egokiak behar baititu. Itsasoko eolikoak eta olatuen energiak baliabide desberdinak aprobetxatzen dituzte, baina arazo asko berak dira bi kasuetan. Izan ere, bi-bietan fluido bat dago mugimenduan: airea aerosorgailuan eta ura olatuen energia aprobetxatzeko gailu batean. Fluidoaren eta egituraren arteko elkarrekintza ulertu behar da, eta, bi kasuetan, aldakortasuna funtsezkoa da. Alde batetik, haizea eta olatuak aldatu egiten dira, eta, beraz, baita fluxuaren norabidea ere. Bestetik, egiturak mugitu egiten dira, eta, beraz, makinak egoera horietara egokitu behar dira. Fluidoen mekanikak fenomeno horiek deskribatzeko eta agertzen diren indarrak, abiadurak, presioak eta mugimenduak aurreikusteko aukera ematen du. Gero, zenbakizko simulazioek eta saiakuntza esperimentalek diseinuek benetan funtzionatzen duten egiaztatzen laguntzen dute, benetako ozeanoari aurre egin baino lehen.

Azken helburua, beraz, ez da soilik haizearekin edo olatuekin biratzeko gai diren makinak eraikitzea. Helburua elektrizitatea modu fidagarri eta lehiakorrean sortzea da, baita ingurunea errespetatuz ere. Horretarako, ziurrenik ez da teknologia bakarra egongo, ezta leku guztietarako balio duen soluzio bakar bat ere. Eremu batzuetan, itsasoko eoliko finkoa izango da egokiena, beste batzuetan, aldiz, flotatzaileak. Zenbait kokaleku egokiak izango dira olatuen energia aprobetxatzeko, baina beste batzuk ez. Gakoa eskuragarri dagoen baliabidea ondo ezagutzean eta ozeanoaren portaera ulertzean datza, eta hori etorkizuneko energia-ingeniaritzaren erronka handienetako bat da.

Erreferentziak

Alain Ulazia, Hodei Ezpeleta, Gabriel Ibarra-Berastegi, Jon Sáenz, Nahia Martinez-Iturricastillo and John V. Ringwood. 2024. “Historical trends of floating wind turbine fatigue loads (Ireland 1920–2010)”. Ocean Engineering, 299, 117424.

Arthur Pecher and Jens Peter Kofoed. 2017. Handbook of Ocean Wave Energy. SpringerOpen.

Gabriel Ibarra-Berastegi, Jon Saénz, Alain Ulazia, Paula Serras, Ganix Esnaola and Carlos García-Soto. 2018. “Electricity production, capacity factor, and plant efficiency index at the Mutriku wave farm (2014–2016)”. Ocean Engineering, 147, 20-29.

Yago Torre-Enciso, Idoia Ortubia, Luis Ignacio López de Aguileta and Javier Marqués. 2009. “Mutriku Wave Power Plant: from the thinking out to the reality”. Proceedings of the 8th European Wave and Tidal Energy Conference, Uppsala, Sweden, 2009.

https://www.bimep.com/eu/

https://www.eve.eus/eu/aliantzak-sortzen-ditugu/baliozko-zerbitzuak/herritarrak/ezagutzen-duzu/energia-eolikoa/

Paula Serras Malillos

Bilboko Ingeniaritza Eskolako irakasle eta ikerlaria (EHU).