}

Tecia solanivora: patata-ekoizleen amesgaiztoa

2002/06/09 Mendiburu, Joana - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Tecia solanivorak, patata jaten duen sitsak, galera handiak eragiten ditu Hego Amerikan eta Kanariar Irletan.

Tecia solanivora du izena. Jatorriz Guatemalakoa da eta bi gauza ditu gustuko: patata jatea (ez du besterik jaten) eta mundua ezagutzea. Bere herrialdetik atera zenetik, Hego Ameriketako herrialde ugaritara zabaldu da; besteak beste, 1970ean Costa Ricara, 1996an Ecuadorrera, jarraian Venezuelara eta baita Kolonbiara ere. Hori gutxi balitz, 2000. urtean Kanariar Irletara iritsi zen. Ezaugarri horiekin deskriba daiteke sits bidaiaria, baina badaude bestelako deskribapenak ere.

Irudian ikus daitekeen patata-eremua Tecia solanivora-k erabat hondatuta dago.
Patrice Cayré / © IRD

Guatemalako, Ecuadorreko eta Kanarietako patata-ekoizleen amesgaiztoa da Tecia solanivora sitsa (tximeleten taldeko familia). Sitsaren arrak patataren muina jaten du, eta patata dagoeneko jasoa badago berdin da. Sits helduari ikaragarri gustatzen zaio patata eta hil gutxitan stock handiak suntsi ditzake.

Zientzialariaren ikuspegitik, intsektu lepidopteroa eta, gaur egun, Hego Ameriketako patata-eremuen suntsitzailea da Tecia solanivora. Oso erraz hedatzen da eta 2000. urtean Kanariar Irletan aurkitu zen. European and Mediterranean Plant Protection Organization (EPPO) erakundearen zerrenda gorrian dago.

Erakunde horrek, kontrolik ezean, Hego Ameriketako patata-eremuak arriskuan daudela uste du. 1999tik, Frantziako Ikerketa eta Garapenerako Institutuko ikertzaile-talde bat lanean ari da sitsaren estrategia identifikatu eta hedapena geldiarazteko ‘borroka biologikoa’ abian jartzeko xedearekin.

Patata, oinarrizko janaria

Tecia solanivora sits patatajaleak sortzen dituen galerak ikaragarriak dira; alde batetik, patata-eremu osoak suntsitzen dituelako eta, gainera, Hego Ameriketako herrialde askotan patata oinarrizko elikagaia delako.

Ecuadorren, esaterako, patata milioi bat inguru pertsonaren oinarrizko elikagaia da. 2001ean, 500.000 patata-zaku suntsitu zituen sits honek, eta beste hamarka milaka ereindako hektareatan ezin izan zen ezertxo ere jaso. Eta krisia ez da amaitu.

Aurtengo egindako aurreikuspenen arabera, patata ereiten den eskualdeetan galerak iazkoak baino handiagoak izango dira.

Kanariar Irletan ere arazoak

Patrice Cayré © IRD

Esan bezala, sits bidaiaria da, eta beste intsektu inbaditzaile batzuei bezala, –geranio-lorea jaten duen Cacyreus Marshalli tximeleta, esaterako– nazioarteko salerosketek lagundu egiten diote herrialde batetik bestera joaten.

Kasu honetan, Venezuelatik inportatutako patata-hazien zakuan sartuta egin zuen bidaia Hego Amerikatik Europara. Iaz, sits honek Tenerife irlako patata-ekoizpena erdira murriztu zuen eta Tenerifetik Kanaria Handira ere joan zen. Aurten, ekoizpenaren % 80 suntsituko duela kalkulatzen da.

Hala ere, nekazariek salatu dutenez, Kanarietako Gobernuak ez dio arazoari behar adinako garrantzirik eman, eta hasieran behar bezalako neurri fitosanitarioak ez hartzeagatik hedatu da hainbeste.

Ikerketaren lehen emaitzak

Arazo horri aurre egiteko, bi irtenbide aurreikusten dira: pestiziden eta intsektiziden erabilera eta ‘borroka biologikoa’.

Hego Ameriketako nekazarientzat pestizidak garestiegiak dira, eta intsektizidak, berriz, neurri gabe erabiliz gero, ingurumenarentzat eta inguruko biztanleentzat arriskutsuegiak dira. Tratamenduak eraginkorrak izatekotan, patata-eremua gutxienez 30 egunez jarraian tratatu beharko litzateke, eta hori kontsumitzailearentzat ere arriskutsuegia da. Gainera, nekazari horiek ez dute intsektizidak egoki zabaltzeko moduko teknologiarik, ezta materialik ere.

Patrice Cayré © IRD

Egoera horretan, birologo eta entomologisten esku gelditzen da arazoa. Eta lan horretan 1999an hasi zen Quito-ko unibertsitateko ikertzaile-talde bat. Orain arte, hedapenaren mapa egin, biologia ezagutu eta inbasioa ulertzeko programa bat jarri dute abian.

Ikerketek argi erakutsi dute sitsa eremu berriak kolonizatzen ari dela eta esku hartu ezean horrela jarraituko duela. Izan ere, sits helduek egunean 23 arrautza jartzen dituzte batez beste, eta horietatik % 5 inguru soilik hiltzen dira. Ez da harritzekoa, beraz, hain erraz ugaltzea.

Oraingoz kausitutako etsai bakarra hotza da. Badirudi 10 ºC-tik beherako tenperaturetan eta eurite handietan sista ez dela ugaltzeko gai.

Hala ere, sitsaren populazioa erregulatuko duen etsai biologikorik ezean, neurri gabe hedatzen ari da. Horregatik, ikertzaileek pestizida biologiko bat egokitu nahi dute. Pestizida biologiko hori patatajalea den tximeleta baten birusa da: Phthorimaea operculella. Jakina da espezie berriak sartzea ekosistemaren orekarentzat oso arriskutsua dela, baina badirudi kasu horretan ez dagoela beste irtenbiderik.

Pestizida biologikoa egokitu artean, patata-ekoizleek beren ekoizpena babesteko neurri gutxi dituzte. Tuberkuluak ahalik eta lasterren batzea eta horitutako hostoak kentzea aholkatzen zaie, baina, egia esan, irtenbide horien eraginkortasuna oso mugatua da.

Ekainaren 4 eta 5ean, Quiton, izurri horri buruzko sinposiuma egin berri da, eta ikusi egin beharko da hortik zer-nolako ondorioak ateratzen diren.

Patrice Cayré © IRD

Gara-ko Geltokia gehigarrian argitaratua.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia