}

Snorkel geneak eta arroz urpekariak

2009/08/20 Etxebeste Aduriz, Egoitz - Elhuyar Zientzia

Sakatu irudian bideoa ikusteko

Arroz-landareak atsegin du ura. Baina gehiegi duenean ito egiten da. Alabaina, badira arroz-barietate batzuk ur-maila igotzean bizirik irauteko gaitasuna dutenak. Japoniako Nagoya Unibertsitateko ikertzaileek horretan laguntzen dieten bi gene aurkitu dituzte.

SNORKEL 1 eta SNORKEL 2 geneak dituzten arroz-landareak ur azpian gelditzen direnean, gai dira azkar-azkar luzatu eta hostoen muturrak azalera ateratzeko. Normalean zentimetro batzuetako landareak izaten direnak 4 metrokoak edo luzeagoak egin daitezke uraren maila igotzen bada. Eta uretatik kanpora ateratako muturretako estomak ohi baino gehiago irekitzen dituzte, arnasa hartu ahal izateko.

Egunean 25 cm haztera irits daitezke arroz-landare horiek. Bangladeshen halakoak landatzen dituzte nekazari askok, eurite-garaian; baina, zoritxarrez, oso ale gutxi ematen dute barietate horiek. Beste leku askotan arrozik gabe gelditzen dira uraren maila igotzean.

Ikertzaileen ustez, aurkikuntza honek asko hobetu dezake egoera hori. Izan ere, SNORKEL geneak dituen barietate bat uholdeei aurre egiteko gaitasunik ez duen beste batekin gurutzatu dute, eta ondorengo hibridoak gai izan dira uraren maila igotzean luzatzeko. Ikertzaileen esanean, hurrengo pausoa izango da emankorrak eta uholdeekiko erresistenteak diren arroz-landareak lortzea.

Argazkia eta bideoa: Motoyuki Ashikari.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia