}

Salmonellaren kontuak

1989/04/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Ohizkoak dira azken urteotan salmonelosiak gure artean; uda partean bero dagoenean batez ere. Normalean, salmonellak kutsatutako arrautzez eginiko jakietan du jatorria gaitz honek.

Britainia Haundian salmonelosi-izurritea izan zen joan den udazkenean eta harez gero oso kezkaturik agertu dira osasun-arduradun britainiarrak. Salmonelosi-izurritearen jatorriaz txosten bat eskatu diote Leeds-eko unibertsitateko Richard Lacey mikrobiologoari. Laceyk adierazi duenez, Britainia Haundiko oiloen aldagarritasun genetiko txikiak garrantzi handia du bakterioen bidezko eritasunen transmisioan. Izan ere, oiloek eragiten dituzten eritasunak erraz transmititzen dira inmunea den oilo-kastarik aurkitzen ez dutelako.

Egun Britainia Haundian ekoizten diren arrautzen %90, lan horretarako aukeratu diren oiloek erruten dituzte. Oilo guzti hauek genetikoki oso berdintsuak direnez, joera berdintsuak dituzte eritasunekiko.

Datu hauek, uzta eta animalien aldagarritasun genetikoa altxor preziatua direla azpimarratzen dute behin eta berriro.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia