}

Internet-eko dinosauro misteriotsua

2001/08/29 Carton Virto, Eider - Elhuyar Zientzia


Irudiko fosilak artegatuta dauzka paleontologo asko. Bueno, fosilak baino gehiago, argazkiak. Izan ere, argazkia joan den astean agertu zen Internet-eko posta-zerrenda batean, eta paleontologoak fosila ikertzeko irrikan daude. Zoritxarrez, mezuak ez zuen fosilaren nondik norakoen berririk ematen, eta zerbait dakitenek ez dute ahoa zabaldu nahi.

Hainbeste misteriok zuzenean fosilen kontrabandoarekin lotzen gaitu. Kontua joan den abuztuaren 20an hasi zen. Edmonton-eko (Kanada) fosil-saltzaile batek argazki hau eta fosil beraren beste batzuk Internet-eko DINOSAUR posta-zerrendara bidali zituen eta paleontologoen eskuetara iritsi ziren. Fosil-saltzaileak esan du argazkiak Frantziako kide batek bidali zizkiola, eta hark badakiela fosila nork saldu eta nork erosi duen, baina ez du izenik eman nahi izan.

Psittacosaurus espezieko aleek 1 eta 2 metro artean neurtzen zuten.

Oraingoz, gauza gutxi jakin da fosilaren inguruan. Txinan aurkitu zela uste da, mendebaldeko Liaoning probintzian, eta orain urte gutxi ilegalki atera zutela handik susmatzen da. Zurrumurruek Alemaniako museo batean dagoela esaten dute, baina ez dago deus garbi. Literatura zientifikoan fosila ez da behin ere deskribatu eta inongo konferentziatan ez da haren berririk eman.

Paleontologoek fosila eskuartean izan nahi dute, pixelez jositako argazkiekin ganorazko ikerketarik egitea ezinezkoa baita. Fosila Psittacosaurus espezieko ale bati dagokio eta isatsaren gainean agertzen diren marratxoek piztu dute horrenbesteko interesa. Ile itxurako filamentu luze horiek zer diren ez dago batere garbi, baina dinosauro guztien behinolako ezaugarria izan daitezkeela uste da.

Dena dela, paleontologoak zuhur agertu dira, Txinatik lehenago ere ilegalki atera izan diren zenbait fosilen faltsutasuna ikusita. Urrutira gabe, joan den urteko abenduan, erdi hegazti erdi dinosauro zen Archaeoraptor -aren fosil txundigarria guztiz faltsua zela frogatu zen. Norbaitek hegazti primitibo bat eta dinosauro bat elkarrekin itsatsi zituen.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia