Elhuyar zientziaren komunikazioa

INTERNET Beste ikuspuntua

1996/10/01 González Abascal, Julio Iturria: Elhuyar aldizkaria

Dirudienez, hedabide guztiak Internet erlijio berriaren apologista bihurtu dira. Interneti buruzko berrien bonbardaketa liluraduratik dator gehienetan. Mezua hauxe da: “etorkizunean sarean gertatuko da dena. Cyber-nauta ez bazara, kanpoan zaude”. Erabiltzaile gisa, aplikazio batzuentzat Internet oso tresna erabilgarria dela konbentziturik nago. Tresna horren abantailak ez dira hemen errepikatu behar, berri ugari izaten baitugu egunkarietan, irratietan eta telebistetan. Adibidez, denok dakigu Internet “sareen sarea” dela eta haren bidez munduko beste muturrean eskaintzen diren zerbitzu telematikoak erabiltzea edo beste edonorekin kontaktuan jartzea posible dela.

Hala ere, askotan hainbeste goresten diren aukera berriak ez ditugu ondo ulertzen. Maiz “ederki, baina...” leloarekin geratzen gara horrelako berriak jaso ondoren. Gutxitan izanagatik, egia da Interneten alde problematiko batzuk ere aipatzen direla noizbehinka. Adibidez, pornografia/zentsura eta pirateria/ /segurtasuna bezalako arazoak azaldu izan dira, nahiz eta askotan analisia oso sakona ez den izan eta Interneten mitoa sendotzeko besterik ez duten balio izan. Horrela, Interneten kontsumoa bultzatu da, moda bihurtu den arte. Edozein gertakizun sozialek (kontzertua, inaugurazioa...) Interneten nabigatzeko terminalak eskaini behar ditu modernoa izango bada.

Aditu ugari azaltzen dira munduaren aldaketak iragartzen Internet dela medio. Ez egunkaririk ez eta libururik ere ez omen da izango etorkizunean. Klaseetara ez da joan beharrik izango. Eskola, lana, aisia, erosketak... etxetik egingo dira terminal telematikoen bidez. Etorkizun hori posible bada ere, gehienetan prospektiba horiek funtsezko oinarririk gabeko uste pertsonalak besterik ez dira. Fikziozko zientzia bai, baina eragin handikoa gizartean.

Psikologoek “berez betetzen den profezia” deitzen dutenaren antzekoa da (amak haurrari: “erori egingo zara!”, eta haurra erori egiten da). Prospektiben bidez, jendearen eskemak eta jokabideak norabide batera eramaten dira, emaitzak “naturalak” edo, gutxienez, onargarriagoak egiteko.

Baina, nire ustez, sare telematikoen fenomenoak analisi sakonagoak merezi ditu. Badaude beste alderdi batzuk, ia inoiz aipatzen ez direnak. Hona hemen hausnartzeko gai batzuk:

  • Alderdi soziologikoak. Nola izango dira lan-erlazioak eta harreman pertsonalak? Pertsonen isolamendua bultzatuko al da? Urrun daudenekin elkartzeak ondoan daudenengandik aldentzea ekarriko al du? Iragartzen diren tele-fenomenoek (tele-lana, tele-ikasketa, tele-erosketa, tele-aisia, eta abar) nola aldatuko dituzte gizarte egiturak?
  • Alderdi psikologikoak. Hasierako “abstinentzi sindromea” gaindituko al da edo handiagotu egingo al da Internetekiko dependentzia? Gizartean integratu ezin direnak alienazio-fenomeno berri baten bidez “bizitza birtualean” murgilduko al dira?
  • Alderdi politikoak. Nork kontrolatzen du Interneten dagoen informazioa? Orain arte, edozeinek jar zezakeen informazio-zerbitzari bat, bere iritzia eskaintzeko. Baina zentsuraren lehenengo seinaleak azaltzen ari dira; esate baterako, lege bereziak aztertzen ari dira Frantzian, Australian edo EEBBetan. Bestalde, informazioa kontrolatzeko zentsura ez da beti beharrezkoa, informazio-monopolioak badituzte eta zerbitzari oso erakargarriak eta ondo eguneratuak. Horiek dira iritzia-egileak eta orain arteko zerbitzari alternatiboak betiko buletina edo fancinearena besterik ez dute egiten.
  • Alderdi geopolitikoak. Diotenez, herri ez-garatuentzat Internet azken aukera da teknologiaren trena hartzeko. Herrien arteko ezberdintasunak desagertuko dira automatikoki sarea erabiltze soilarekin? Kontuan eduki hirugarren munduko herriek ez dutela behar den azpiegitura Interneten abantailak profitatzeko. Hori lortzeko herri garatuen menpe egongo dira: beti haien atzean, gero eta urrunago.
  • Alderdi teknikoak. Itxaropen handiak sortu dira jendearengan, baina Interneten eraginkortasuna oso mugatua da erabiltzeko dagoen banda-zabalera nahikoa estua delako. Telekomunikazio-azpiegitura hobetuko denean, abiaduraren arazoa konponduko dela esaten dute, baina egiten den marketing-ak bultzatuta, ez al die erabiltzaile-kopuruak aurrea hartuko baliabideei?
  • Alderdi ekonomikoak. Ez dakigu zer interes dauden Interneten atzean. Orain arte izaten diren izugarrizko gastuak, telekomunikazio-azpiegituran gehien bat, gobernuek hartu dituzte bere gain. Unibertsitateek ez dute batere ordaintzen eta beste erabiltzaileek ordaintzen dutena kostuaren zati bat besterik ez da. Etorkizunean telekomunikazio-enpresa handiek kobratuko al dute zerbitzu “osoa”? Internet bi saretan banatzeaz ere hitz egiten da, bat publikoa eta bestea ordaindu beharrekoa.

Horiek horrela, teknologiaren aurreko gizarte-jarreraren gai orokorragoan kokatu behar da Interneten tratamendua. Gaur egun, teknologiaren emaitzak eztabaidarik gabe onartzen dira. Gaurko gizartearen mentalitatean ezin da teknologiaren kontra jo, modernitatearen kontra joatea delako. Adibidez, injinerutza genetikoaren saioak, konputagailuen bidezko gizarte-kontrola, etab. gauzatu dira geu konturatu gabe eta eztabaidari heldu baino lehen. Giro honetan Interneten “miraria” onartu da batere kritikarik gabe. Teknologiak erabakitzen du, ez gizakiak.

Hala ere, ez naiz ni zeharo ezkorra. Gizartea oso malgua eta moldagarria da. Fenomeno berrien aurrean jarrera berriak asmatuko dira. Tele-lana ezartzen bada, esaterako, tele-sindikatuak eta tele-grebak azalduko dira tele-langileen arazoei aurre hartzeko. Gizarte aurreratu batean, gizarteak berak erabaki beharko luke norantz doan etorkizuna eta ez teknologiaren eskuragarritasunak. Baina hori posible izango da soil-soilik Interneten aurrean jarrera kritikoak hedatzen badira eta alderdi guztiak aztertzen badira, Interneten aurrean aho zabalik geratu ordez.

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Saioa hasi

Erabiltzaile-izenik ez baduzu, eman izena

Pasahitza ahaztu zait

Jarraitu Zientzia.eus

Eduki gehiago

Gehitu zure bloga

Zientzia app

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzula. Onartu
Informazio gehiago
Babesleak

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak (Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak) diruz lagundua

Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
Gipuzkoako Foru Aldundia