}

Ilargira

2007/02/07 Carton Virto, Eider - Elhuyar Zientzia

Gizakiaren bidez espazioa esploratzea helburu bihurtu da berriz ere. Txinak, Errusiak, Indiak, Japoniak eta Estatu Batuek berriz ere Ilargira eraman nahi dute gizakia 2020-2025 urteetarako. Gero, Martera iristea da Estatu Batuetako espazio-agentziaren helburua. Europako Espazio Agentzia asmo berdinekin ari da lanean Aurora programan : tripulatutako bidaia bat egin nahi du Martera 2030erako, eta ez du baztertzen aurretik Ilargira ere iristea.
Europako Espazio Agentziaren Aurora Programaren irudikapena.
ESA

Batzuek eta besteek elkarri lotuak aurkezten dituzte bi helburuak; Martera iristeko entrenamendua edo omen da, neurri batean, Ilargia. Neurri batean, ezin baita ahaztu gizakia Martera iristeko oztopoetako bat gizakia bera dela, besteak beste, grabitaterik ezak astronautei eragiten dizkien kalteak direla eta. Ilargira bidaiatzea egunetako kontua da, baina Martera joateko bakarrik sei hilabete behar dira gaur egun.

Dena den, estatubatuarrentzat behintzat, Ilargia helmuga ere bada: Ilargian base iraunkor bat jartzea da 2004an aurkeztutako Vision for Space Exploration (Espazioa Esploratzeko Ikuspegia) egitasmoaren erronka nagusietako bat. Base bat Ilargian, zertarako? Ilargia esploratzeko, Ilargitik eguzki-sistema ikertzeko (aspaldiko ideia da Ilargiaren aurpegi ezkutuan teleskopio bat jartzea), beharbada Ilargitik beste planetetara misioak bidaltzeko (misio espazial baterako beharrezko guztia Ilargian bertan prestatzea balego, grabitatearen ikuspuntutik askoz ere errazagoa litzateke Ilargiaren erakarpenari ihes egitea Lurrarenari baino; kontuan izan Lurretik abiatzen den kohete baten pisuaren zati handiena grabitatearen erakarpenari ihes egiteko energia ematen dion erregaiari dagokiola). Baina merezi izateko materialak eta energia han bertan lortu beharko liratekeela kontuan hartuta, Ilargiari inoiz horrelako erabilerarik eman ahalko zaion ez dago batere garbi.

Horrelako proiektuak justifikatzeko, egingo dituzten ekarpen zientifiko eta teknologikoak nabarmentzen dituzte. Baina, kasu honetan, Ilargiari dagokionez behinik behin, badirudi gehienak eszeptikoak direla. Gainera, NASAren Ikuspegi berriari egiten zaion kritiketako bat da, hain juxtu, berrikuntza gutxi duela; duela 40 urte Ilargira lehenengoz iristeko erabili ziren Apollo kapsulen oso antzekoak direla proposatutakoak; déjà vu baten aurrean geundekeela.

Gizartearen babesari dagokionez, berriz, apatia garaile. Joan den urteko irailean argitaratutako inkesta baten arabera, ez dirudi Ilargira itzultzeko grina handiegirik dagoenik. Are gutxiago Martera joateko. Datuak Estatu Batuetakoak dira, baina mundu berrien esplorazioa eta aitzindari izatea haien nazio-identitatearen ikurretako bat izanik, pentsatzekoa da hemen emaitzak txarragoak izango liratekeela (sorpresa hartuko nuke hala ez balitz).

NASAren Orion espazio-ontzia. Hau da ustez gizakia Ilargira eramango duen ibilgailua.
Lockheed Martin Corp.

Interes falta bereziki nabarmena da, gainera, 18-25 urteko gazteen artean; hau da, NASAren 40 urterako ikuspegi hori finantzatuko duten horien artean. Zehazki, inkestan parte hartu zuten gazteen erdiak (bakarrik) zeukan Vision for Space Exploration egitasmoaren berri. Eta Ilargira itzultzeari buruz, hirutik biri berdin zitzaion edo ez zitzaion interesatzen. Marterekin, berriz, bostetik lauk zeukan jarrera hori bera.

Interes falta, gainera, ez da tripulatutako bidaietara mugatzen. Espazioa ikertzeko programak berak gero eta aurkako gehiago ditu: 2004an, gazteen % 55ek babesten zuen eta aurka % 30 zegoen. 2006an askoz ere orekatuagoak zeuden bi jarrerak: % 45 alde, % 40 aurka.

Ilargia, Marte eta harantzagokoak esploratzeko egitasmo horien web guneetan sartuz gero, ikusiko duzu aipatzen den helburuetako bat Gazten artean ilusioa piztea eta interesa sortzea dela. Baina ez dirudi errealitateak haien ikuspegiarekin bat egiten duenik. Giza

zibilizazioaren etorkizuna (eta baita biziraupena ere) eguzki-sistemaren es

plorazioan eta kolonizazioan ikusten dute programa horien sustatzaileek. Hartzaileek, berriz, interes handiagoa dute turismo espazialean. Inkestan parte hartu zuten gazteen herenarentzat, NASA ez zen garrantzitsua haien bizitzan. Turismo espaziala, aldiz, bai, haien esanean, jende arruntak espaziora joatea lor dezakeelako.

Berrria-n argitaratua.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia