IIHII-CEIDA: Ekologia kulturaren bidetik
1993/06/01 Aizpurua Sarasola, Joxerra Iturria: Elhuyar aldizkaria
Eskolatik Eskolara izeneko proiektuaren bidez, Ingurugiroarekiko irakaskuntzaren instituzionalizazioa posible dela frogatu da. Aldi berean, arlo horretan lanean ari diren erakunde eta pertsona batzuk ezagutzeko beta izan dugu. Besteak beste, harremanik zuzenenak IIHII-CEIDAko lankideekin ditugunez, horiengana jo dugu beren asmoak hobeto ezagutu asmoz.
Josetxo Alvarez eta Mariasun Fernandez solaskide izan genituelarik, beren hitzak ondoko lerroetan labur emango ditugu.
IIHII-CEIDA 1990. urtean sortu zen Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak eta Ingurugiro Saila zenak ingurugiro-heziketarako akordio bat sinatu zutenean. Lehenengoak irakaslegoa jarri zuen eta, bigarrenak bitarteko materialak ipini zituen. Urte horretako ekainaren 5ean lehen zentrua Txurdinagan zabaldu zen. Hasieran asmoak 9 IIHII-CEIDA zabaltzea baziren ere, gaur egun 3 besterik ez daude zabalik: aipatutako Txurdinagakoa, Legazpikoa eta Basaurikoa. Laster, Gasteizen beste bat zabaltzea espero da eta antza denez, oraingoz horrenbestez nahikoa izango da.
Pertsonalaren aldetik, zazpi ari dira lanean aipatutako IIHII-CEIDAtan eta guk Txurdinagakoa besterik ikusi ez badugu ere, ekipamendu eta bitarteko materialaren aldetik oso txukun daudela iruditu zaigu.
IIHII-CEIDAren eginbeharra, gehienbat irakaskuntza-munduari lotutakoa da. Irakaskuntza unibertsitarioak izan ezik, beste irakaskuntza-maila guztiak dira IIHII-CEIDAren helburu. Irakaskuntza hitzaren atzean ikasketa arautuak eta arautu gabeak hartu behar dira kontutan. Izan ere, ikastetxe ofizialekin batera ingurugiroarekiko erakunde eta lan-talde ugari baitago.
IIHII-CEIDAren iharduera edo eskaintzen dituen zerbitzuak era desberdinetakoak izan daitezke. Batez ere, bost lerro nagusi bereiz daitezke.
Lehenengoa informazioa da, hau bi eratara gauzatzen delarik. Batetik, IIHII-CEIDAri buruz eta Ingurugiro Heziketari buruz informatuko da, eta bestetik, ingurugiroak eskaintzen dituen hezkuntza-aukerei buruz. Horretarako, besteak beste, IHITZA deituriko buletina 1.800 zentrutara eta 700 baino pertsona gehiagorengana bidaltzen da.
Bigarrena jendea sentikortzea da. Helburua, Ingurugiro Heziketatik ondorioztatzen diren planteamenduak eskuratu beharraz Hezkuntza Komunitatea sentikortzea da. Horretarako era desberdinetako kanpainak eratzen dira. “Eskolatik eskolara” Elhuyarrekin batera burutzen ari den nazioarteko proiektua, kanpaina horietako bat da.
Hirugarrena koordinazioa da. Helburua, Ingurugiro Heziketan lanean diharduten pertsonak eta burutzen diren ekitaldiak koordinatzea da. Koordinazioa nazioarte-mailan, estatu-mailan eta Euskal Herri mailan burutzen da. Esandakoaren adibide, “Ingurugiro Heziketarako Topagunea” dugu.
Laugarrena formazioa da. Helburua, irakaslegoak ingurugiro-prestakuntzan izan ditzakeen beharrei erantzutea da. Horretarako, maila desberdinetako ikastaroak ematen dira; hastapenari, garapenari eta sakontzeari dagozkionak, hain zuzen ere.
Bostgarrena baliabideei dagokiena da. Helburua, Ingurugiro Heziketaren alorrean lan egiteko baliabide eta materialak sortzea, egokitzea eta biltzea da. Horretarako zerbitzu desberdinak daude, hala nola bideoteka, hemeroteka eta liburutegiak alde batetik, eta material-prestaketa bestetik.
Gaur egun, irakaskuntzan erreforma martxan jarri dela eta, behar handiak daude curriculum-materialgintzan. Ingurugiro-heziketa zeharlerrotzat hartu da eta, beraz, curriculumeko beste gaietan txertatu beharko da. Txertaketa hori burutzea da, hain zuzen ere, zailtasunik handienetakoa duena; material egokiekin batera irakaslegoa hezi behar baita. Erreforma abiatu dela denbora gutxi igaro bada ere, jadanik saio batzuk egin dira. Saio horiek, IIHII-CEIDAko lagunek adierazi zigutenez, aztertzen ari dira eta kasu batzuetan ingurugiroarena ohizko beste asignatura bihurtzeko tentazioa nabaritu omen dute.
Esanak esan, Ingurugiro Heziketa zer den IIHII-CEIDAko lagunei galdetu genienean, isilune baten ondoren, erantzuna ondokoa izan zen:
“Ingurugiroaz hitz egiten denean ez dugu natura hutsik ulertu behar. Hor daude bizi espazioa, ekosistema, hondakinak, baliabideak,..., guztiak natura, politika eta ekonomia dira, aldi berean. Beraz, Ingurugiro Heziketa gizarteko iharduera guztietara zabaldu behar da. Horretarako, batetik, informazioa biltzea eta gizartean hedatzea, bestetik informazio horretan oinarritutako prozedurak zehaztea eta azkenik jarrerak aldatzea dira eman beharreko urratsak”.
Elkarrizketaren amaieran, orain arte egindako bidearen frutuaz hitz egin genuen. Egia esan, gai honi buruzko eztabaidan denok parte hartu genuen eta era guztietako iritziak azaldu ziren. Dena den, industri krisialdiak ingurugiroaren garbiketan zerikusirik izan badezake ere, emaitzak ikusteko belaunaldirik gazteenekin egiten ari den lanaren esku etorriko dira eta horretarako urte batzuk beharko ditugu.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia