Dickinsonia animalia zaharrenetakoa dela baieztatu dute
2018/09/20 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Zientzialariek orain arte ez dute garbi izan zer eratako biziduna zen Dickinsonia. Ediacara periodoko fosil obalatu batzuei deitzen zaie horrela, eta onddotzat edo protistatzat hartu izan dituzte. Orain, ordea, fosilen berariazko biomarkatzaile batzuk aztertuta, animaliak zirela ondorioztatu dute.
Adibidez, ikertzaileek nabarmendu dute Dickinsonia fosiletan askoz ere molekula kolesteroide gehiago topatu dituztela (% 93 baino gehiago), inguruko jalkin mikrobianoetan baino (% 11). Horrez gain, ez dute ergosteroiderik topatu; molekula horiek onddoen ezaugarritzat hartzen dira.
Ediacarakoak erregistro fosilean aurkitu diren bizidun zaharrenak dira eta duela 575-541 milioi urte bizi izan ziren. Science aldizkarian argitaratu dute Dickinsonia fosilei buruzko ikerketa.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia